Ezkerrak baztertu egin du boterea lortzeko lehia

2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk euskal patronaleko buru bati galdetu zioten estatuan PSOEren eta Unidas Podemosen artean gobernua osatzeko aukeraz. Honela erantzun zuen: «Azkenaldian hainbat aldiz egin dituzte ezkerreko alderdiek erreformak, eta, batzuetan, horiek enpresarien nahi eta interesen araberakoak izan dira». Tamalez, arrazoia du. Pedro Sanchezen alderdiak sarri baztertu izan ditu bere printzipioak, baita erreforma antisozialak egin ere; horregatik, PSOEren ezkerrera dagoen alderdi batekin gobernua eratzeko parada dagoelarik ere, patronala ez da larritzen. Hau ez da batere seinale ona.

EAEko aurrekontuaren inguruko eztabaida eta gobernuan dauden EAJk eta PSEk hura aurrera ateratzeko babesa lortu beharra agenda politikoan gailendu diren gaiak ditugu. EAJ-PSE eta Podemos-Equoren arteko akordioa garaipena da gobernuko kideentzat, eta beren politika neoliberalari bedeinkapena ematen dio. Podemos-Equok iaz, EH Bildu Jaurlaritzaren kontuak babesteko prest zegoenean, eztabaidan erabili zituen argudio kritikoek aurten ere berdin-berdin balio dute.

Sinatu den akordioak ez du aurrekontuen joera neoliberala inola ere aldatzen. Lehengo berberak dira; aurrekontu guztiko %0,75 besterik ez da aldatu (88,9 milioi euro; denera 11.774 milioi dira). Hau da, diru-sail batzuk lekuz aldatu dira, aurrez gobernuak erabakita zeukanarekiko.

Aurrekontuen inguruko eztabaidaren hasieran Podemos-Equok aurreratu zuen ez zeukala lerro gorririk; zoritxarrez, arrazoia zuten. Austeritate politikaren oinarria, gastu araua, modu akritikoan ontzat eman dute; gastu arauak galarazi egiten du baliabide gehiago bideratzea osasungintzara, hezkuntzara, dependentziara edo etxebizitzara... Izan ere, austeritate politika oso soila baita: lehentasuna zorraren amortizazioari ematen zaio. Bestalde, beharrizan sozialak gorabehera, Urkulluren gobernuak esaten digu dirua sobera dagoela (800 milioiko superabita azken bi urteetan), eta diru bilketa hazten ari dela. Haatik, aurrekontuko sailetan ez da ia ezer mugituko.

Hori guztia gertatzen da pobrezia hedatzen ari den unean, eta ekonomia hazten ari denean. Fiskalitatea ez da zalantzan jartzen (EAEko presio fiskala BPGaren %32,5ean dago, eta Europan, batez beste, %39an; presio hori Europako berdina balitz, hemen ogasunek 4.800 milioi gehiago bilduko lukete); are okerrago, zenbaitek ondarearen gaineko zerga ere kendu nahi dute, eta horren aurrean Podemos-Equo beste aldera begira jarri da.

Hori oso etsigarria da guretzat. Larria da ezker instituzionala horrela asimilatzea; oposizioa eta antagonismo politikoa desagertzea ez da albiste ona. Aurrekontu eta zerga politikak goitik behera eraldatu nahi ditugun indar sindikal eta sozialoi sekulako zartada eman digute.

Aurrekontu horien inguruan akordioa sinatu den arren ez gara isilduko, haiek baldintzatuko dituzten politiken kaltedun guztiei mezu argi eta zuzena igortzen baitiete: «Ez gaude ezer aldatzeko prest!». Gatazka eta mobilizazioetara goazenean kontuan izango dugu haien erroan aurrekontu hauen itzala dagoela.

Botere politikoari, hain zuzen Eusko Jaurlaritzari, egin dituen kontzesio txikiek hedabideetan tarte ikusgarria eskaintzen diote, baita zentralitate politikoa ere, hori aitortzen baitzaio unean-unean amore ematen duenari, esanekoa denari. Zeintzuk dira nabarmentzen diren balioak? Transbertsalitatea, kontsentsua eta ardura, edota eragiteko gaitasuna (aurrekontuaren %0,75 baino ukitu ez den arren). Baina ezkerreko alderdiak ez dira indartzen eskuinera hurbilduagatik.

Ez genuke ahaztu behar ikasgai bat: Europan hainbat kasutan ezagutu dugun ezkerreko proiektuen gainbehera eta, are, desagerpena; eskuin muturreko indarrak, berriz, gora eta gora... Ezkerraren helburua izan behar da antagonismoa, alternatiba gisa erraz identifikatzea, boterearen lehian aritzea. Diskurtso erradikala, pragmatikoa eta pertsonen arazoak aintzat hartzen dituena. Jendeak bere arazoak aipatzen dituen erreferentzia politikoak behar ditu; gehiengoaren interesak defendituko dituztenak, gero eta desberdintasun handiagoa dagoen jendarte honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.