Ezkerra, queer mugimendua, politika

Oudeis Gauerdi
2025eko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ideologia politikoen esentzia argitu nahian dabilenak bere ikerketa diziplina historikora eramaten duenean, historikoki mugatzen du berori, eta berorren erreprodukzio posible ororen aurreikuspena ezeztatzen du. Historia, izan ere, bere materialtasun positiboan, errepikaezina da. Historiak ez du esentziarik: denboran eta espazioan kristalizaturiko indar-produktiboen egoera zehatz eta bakana da. Materialista dialektikoak ere onartu beharreko ondorioa dakar honek: Historiak ezin du inoiz Ideia azaldu, Ideiaren determinanteak baizik. Horregatik du Historia bidelagun eskas Filosofia Politikoak edota Etikak. 

Adibidez, «zer da faxismoa?» galderari erantzuteko «Alemania», «Italia», «gerra-artea», «inperialismoa», «kapitalismoaren barne negatibitatea» edota «burgesia» bezalako adierak erabiltzen badira, faxismoaren ezaugarriak atzean utzi eta berorren determinante kontingenteetan (historikoetan) zentratu garen seinale da, faxismoak politikoki ukagarri lukeen hori ahantziaz. Izan ere, faxismoa ukatzera daramana ez da taylorismoari ukoa, ez eta komunitate juduaren defentsa ere. Hala balitz, «faxismoa» ez litzateke egun erabilgarri, posfordismoaren eta palestinar herriaren genozidio israeldarraren garaian. Alta, erabilgarri da, baina soilik berorri izaera ideal bat egotzi diezaiokegulako, eta meta-historikoa dela onartu. Zein da faxismoaren esentzia? Diferentziaren eta pluraltasunaren ukoa, ideia totalizatzaile baten izenean, izanJustizia, Ongia, Batasuna. Faxismoa, esentziaz, predikazio traszendentaloi loturik da. Gaizkia erradikala Ongiaren izenean baino ezin daiteke egin.

Printzipio eztabaidaezinekiko aurkakotasunean fundatzen den ekintza-eremu honek dakar post-modernia politikoaren hastapena, eta eremu berri hau aintzakotzat hartuz beharko genuke ohartarazi «faxismoaren kontra» borrokan dihardutenek ere ber «ideal faxista» bete dezaketela. 

Testu honek, bada, ez dihardu faxismoaz, ideologia politiko ezkertiarraren eta queer mugimenduaren arteko harreman autodestruktiboaz baizik. Horren azaltzeko bi mugimenduon esentzietara jo behar da. Azal bedi Ezkerraren esentzia gaitzaren kanporatze, reifikatze eta alienatzean oinarritutako mugimendu psikologiko gisan, zeina, politikoki, norberaren subjetibazio biktimistan oinarritzen den. Erru oroz salbu den errukitsua da Ezkerra: Herriaren eskari legitimoen objektibazioa, herriaren sufriarazleen aurka. Eduki oroz gaindi, justizia eskean dabilen biktimizatutako indar-politikorik deino, Ezkerra bizirik egongo da. Horregatik dira garai nahasiok, non Eskuina ere erabat biktimizatu zaigun, Ezker eta Eskuin guztiz berdindu eta batu zaizkigun garaiak. Gisa horretan, ezkerrak bere buruaren ukaziora daramaten kontra-mugimenduak baino ez ditu sortzen, soilik bere burua ukatuz gero desagertuko bailitzateke bere ispilu bilakatu den erreakzioa. Zeinu ezberdineko nazionalistak, RadFem-ak edota InCel-akdira ezkerrak eragin erreakzio eskuindarraren adibide. 

Larrotako queer mugimenduaren zati esanguratsu bat ere ezkerraren auto-disoluzio horren eragile bilakatu da, genero-identitateari dagozkion printzipio ebidente batzuen baitan (eraikiak direla) mundu mediokre eta autoritario batek bazterrean ezarri dituela ikusirik, bazterkeriaz baztertasun egin beharrean, zentralitate egin nahian baitabil. Mugimenduaren politizazio okerrak eragin du hori. Politizazio ezkertiarra baino ezagutzen ez duelarik, ez daki modu totalizatzailean (unibertsalizagarrian) ez bada ekiten. Alta, totalitarismoa edota normatibismoa queer mugimenduari esentzialki kontrajartzen zaizkion formak dira, premisa nagusia identitate sozial ororen izaera hipotetiko eta ez-esentzialista baita. Norma erautsi eta gaitasun bilakatu beharrean ez-normaren norma ezarri-nahiak pluralitatea unitate bihurtzen du; biktima, biktimario. 

Alta, boterea dominazio-harreman bertikal beharrean, produktibo (hots, performatibo) bihurtu delarik, mutil bati mutil-lagunik izan ez dezan eskatzea bezain logikoa eta beharrezkoa da neska zis-hetero edo bisexual bati behingoz isil dadin eskatzea, gehiago queer-en aldeko ezer idatz ez dezan, bere egunerokotasunaren faktikotasunak mutil zis heteroen legitimazio-bitartekoak baino ez baitira. Ezkertiartu zaigun queer mugimendu honek ezker politikoaren disoluzioa dakarrenean, eta ezker politikoaren baieztapenak queer politikarena, galdera pertinentea honakoa da: noiz arte jardun behar duten batzuek zein besteek elkarren aliatu direla antzezten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.