Egia ez da guztia politikan, baina egiarik gabe ez dago benetako politika materialik. Azken egunotan Lauren Wolfe kazetariak hurrengo mezua zabaldu du sare digitaletan: «Norbaitek badio euria ari duela eta beste norbaitek badio siku dagoela, zure lana ez da biok aipatzea. Zure lana da leiho madarikatutik begiratzea eta aurkitzea zein den egia». Aipamen horrek ongi deskribatzen digu zein den egungo egoera komunikabide handi hegemonikoetan, pribatuetan nahiz publikoetan. Berriketaldi mediatikoetan modan dago supremazista xenofobo baten presentzia, edota tertuliakide matxista baten agerpena, edota ultraliberal batena, demokratikoagoa izango balitz bezala. Horrekin eskuratu dutena ez da ezagutzaren demokratizazioa, baizik eta eztabaida oro eskuineko muturreraino eskoratu izana. Faxista baten iritziaren alboan liberalarenak naturalago eta normalago dirudi, sistema berean biok elkar indartzen dutela ohartzeke (hemendik sortzen dira zenbait hautaketa aizun, «Macron ala Le Pen» bezalakoa, Aquarius ontziaren auzian ikusi genuen moduan). Faxismoa eta liberalismoa txanpon beraren bi aldeak dira, beste aukerak baztertzen dituen hegemonia ekonomikoan. Jakina, komunikabide horietara ez da nehoiz komunista bat gonbidatzen, ezta marxista bat ere. Kapitalak ongi daki nola baztertu eta hautatu interesatzen zaiona.
Prozesu horren guztiaren ondorioa agerian daukagu. Egia alboratu ondoren, komunikabideetan egunero topiko ankerrenak entzuten dira: arrazistak, matxistak, faxistak, klasistak. Eta dena demokraziaren izenean. Ezker mediatiko eta politikoa joko krudel horretan sartu da aspalditik, bereizmenik gabeko populismoaren eta sozialdemokrazia liberalaren artean. Bi milioi biztanle inguru dituen hiri batean, kasu, deitutako «aldaketaren» udalak karrikako horma batean esaldi bat margotu du ortzadarreko kolore guztien gainean: «Aniztasunak aberasten du». Halako adierazpenak multikulturalismoaren hutsalkeria laburbiltzen du, politika balio bereko objektuen eta iritzien museoa izango balitz bezala. Aniztasunak aberasten duela esaten denean, antropologiatik edo etnografiatik politikara joanaraztea suertatzen da, baliokideak izango balira bezala. Joanarazte hori errakuntza da, kritika kultural eta politiko oro deuseztatzen baitu. Horrekin arlo politikoa agortzen da, sentimenduen ikuskizuna bultzatzen da oinarririk gabeko sasi-demokratismoaren menpe eta arrazoibidea atomizatzen da indibidualismotan eta identitatetan. Eremu politikoan ez da egia aniztasunak beti aberasten duenik. Arlo politikoan aberasten duena izaera unibertsaleko eskubideen eraketa da, zeinak pluralak izan daitezkeen, baina aniztasun etnografiko edo mediatikoan erori barik: homosexualen ezkontzarako eskubide unibertsala, doako abortu askerako eskubide unibertsala, etxebizitzarako eskubide unibertsala, alegia.
Egungo ezkerrak unibertsaltasunari beldur dio. Egia baztertu eta unibertsaltasuna arbuiatu ondoren, kapitala garaile dugu. Unibertsala izateko joera txertatuta dauka kapitalak. Atzoko inperialismoan zein gaurko globalizazioan kapitalaren jaidura unibertsalista bera topatzen dugu. Gauzak eta bizitzak deuseztatzen dituen nihilismorako joera horrek mundua bateratzen du. Horretarako kapitalaren klaseak bere Internazionala dauka eskura: Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea, Europako Banku Zentrala, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea, besteak beste —erakunde horiek ez dira ohiko hauteskundeetara aurkezten, ez dugu aukerarik nagusi horiek bozkatzeko—. Langile-klasea defendatzeko eta kapitalaren indarra murrizteko asmoz, iraganean Internazionala sortu zuten. Oraingo honetan Lanaren Nazioarteko Erakundea besterik ez dugu, eta ez da parekoa. Sindikalismoa ere zatituta azaltzen zaigu, Maiatzaren Lehena begiratu baino ez dugu egin behar. Hori klase-interesik erakusten ez duten zenbait sindikatu historiko ez aipatzearren. Halaber, Amazon korporazio erraldoiaren aurkako greba globalean —hasieran Frantzian eta Italian, orain Espainian, Alemanian eta Polonian— ezker parlamentarioa indargabe eta uzkur kausitzen dugu, babes emozionala ematen eta gutxi gehiago, Jeff Bezos munduko aberatsena izanik.
Kooperatiba bat hemen, etxe okupatu bat hor, aldaketaren udal bat han, baina kapitalaren klasearen Internazionalak aurrera darrai edonon. Inflazioaren efektua deskontaturik, Europako soldata errealen grafikoa behatzen badugu, ez dira kasik hazi 80ko hamarkadatik, kronologian gorabeherak izan arren. Prozesu global horretan Espainiako Erresuma lagin ezin argiagoa da: monarkia zentralista dela medio kapitalaren metaketak hartzen duen sistema da 78ko erregimena. Bizkitartean, hiru urtetan enpresa gehiago agertu izanaren publizitatea egin du «aldaketaren» gobernuak eskualde nafarrean, azken urteetako soldaten beherapena isilduz. Aldaketak ez du birbanaketa-politika liberala gainditzen. Hauxe da beirazko sabaia iruditegi aurrerakoi aldakorrean, Abiadura Handiko Trenaren zain, kapitalaren produkzio-bide eta finantzazio-bide orokorrak eraldatu eta sozializatu gabe. Aldaketa ez da eraldaketa. Hala eta guztiz ere, historia unibertsalaren sator zaharra bizirik dago.
Ezkerra kapitalaren aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu