Duela 85 urte, 1930eko azaroaren 30ean, herritar talde batek San Andres Manifestua argitaratu zuen. Eusko Abertzale Ekintza-ANVren eta ezker abertzalearen hastapena.
Sei urte geroago, 1936ko ekainean, 36ko gerra hasi baino hilabete bat lehenago, ekintzaileek guztiz ezkertiar eta subiranista zen programa politikoa onartu zuten Berehalako Hastapen Ekintzak izenekoa, abertzaletasuna eta sozialismoa aurreneko aldiz lotuz. Ezker abertzalea jaioa zen.
Egun, batzuek oraindik ezker abertzalearen eta «Euskal Gatazkaren» aro modernoaren 50eko hamarkadako hasiera ETAren jaiotzarekin batera ezartzen dute. Baina begi-bistakoa da orduko ETA zein ezker abertzalearen Frankismoarekiko konfrontazioa ez zela hutsetik sortu. ETAko lehenengo ekintzak baino lehen, EAE-ANVko ezker abertzaleko ehunka militante eta gudariek (700 baino gehiago) bizia emana zuten Frankismoaren aurkako borrokan.
30eko hamarkadako hastapen horiek ez ziren errazak izan. EAE-ANV jaio berriak EAJ alderdiaren erabateko nagusikeriari eta itxikeriari aurre egin behar izan zion. Jelkideek heresiatzat hartu zuten ezker abertzalearen sorrera beraien kontroletik at. Are gehiago, abertzaletasun guztia EAJren baitan egon behar zuela aldarrikatzen zuten. Mota guztietako presioak erabili zituzten ezker abertzaleak bere bidea ez egiteko. Pulpituetatik ere apaiz jeltzaleek jaio berria zen ezker abertzaleari eraso zioten. Ordutik ezarri zitzaien ekintzaileei Jaungoikorik gabekoak (los sin Dios) ezizena.
Kanpoko langileen kontrako arrazakeriari ere aurre egin zioten. Berdin zen militantearen jatorria. Abizen euskaldunak edukitzea ez zen beharrezkoa ezker abertzalekoa izateko, soilik Euskal Herriarekiko konpromiso sozial eta nazionala.
Ideologia horrek, ezkertiarra eta abertzalea aldi berean, PSOEren kezka piztu zuen, eta harekin batera ekintzaileen aurkako erasoak. 1933an PSOEko pistolari talde batek Hermenegildo Albariño EAE-ANVko gaztea tiroz hil zuen Barakaldon. Eraildako ezker abertzalearen aurreneko militantea.
Egun EAE-ANV ilegalizaturik dago berriro, eta historiaren paradoxengatik bere aurreneko militantea hil zuen alderdi berbereko gobernu baten eskutik (PSOE). Hirugarren legez kanporatzea bere historia luzean. EAE-ANVk denbora gehiago eman baitu legez kanpo legalitate espainolean baino. Aldi berean, Euskal Herrian 30eko hamarkadan ezker abertzalearen sorrera eragin zuten «Askatasun nazional eta justizia sozialaren» helburuek bete gabe diraute.
Ezker abertzalea inoiz baino aniztunagoa den honetan, bere baitan inoiz baino jende, talde eta sentsibilitate gehiago biltzen duen honetan, batzuk tematzen dira oraindik 30eko hamarkadako EAJren dotrina berbera inposatzen. Alegia, ez dagoela abertzaletasun ezkertiarra beraien sigletatik haratago. Iparraldean esaten dutenez, haizea mugitzeari ekin diote, ezinezkoa dena behin eta berriro burutu nahian: ezker abertzalearen aniztasun guztia alderdi bakarraren baitan biltzea. Ideologia libertario, komunista, sozialista, sozialdemokrata, aurrerakoia... Enpresari txikiak eta langileak, denak ezinezkoa den alderdi bakarrean biltzea, Herritar Batasun batean bildu beharrean.
Ziur gaude 30. urtean jaio ziren indar askatzaileak, egungo ezker abertzale pluralean loratu direnak izango direla herri hau independentzia eta sozialismora eramango dutenak. Gogora ekarri nahi dugu gizon eta emakume haien lelo bat: Lehen Aberria, eta gero Alderdia. Alderdikeria eta hegemonismoak baztertu independentzia eta sozialismoaren aldeko batasun nazionala lortzeko. Horregatik, urtemuga honetan, militante historiko gisan, zera aldarrikatu nahi dugu: ezker abertzalea ez dela inoren ondare esklusiboa, guztien etxea baizik. Batzuek esaten dute: «Ezker abertzalea ni naiz»; guk, ordea, zera aldarrikatzen dugu: «Denok gara ezker abertzalea». Ezker Abertzaleko Herritar Batasunaren eta elkarlanaren garaia da. Inoiz baino beharrezkoago. Aberri independente eta sozialistaren helburua alderdien gainetik ezartzeko.
Ezker abertzalea, ispilu aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu