Euskal Herriko ehunka musikari eta kultura-eragilek Gernikako Arbola kantuaren lehen ahapaldia zazpi lurraldeetako ereserki nazional berriz izan dadin hartu duten ekimenaren aurrean, behean sinatzen dugunok, kargudun publikoak edo izandakoak, kultura eta gizarte aktibistak, preso ohiak, Ezker Abertzale osoko militanteak guziak, gure hurbileko erakundeei eta Euskal Herri osoari adierazi nahi diegu ekimen horrek gure babesa duela.
Ekimen hori txalotu nahi dugu; izan ere, hautsirik dagoen pitxerra berregiten saiatzen da (Monzonek erran zuen bezala), herrialdea egiten, batzen eta munduko herri guziek badutena hornitzen: elgarrekin kantatzeko eta askatasun gogoa adierazteko ereserki bat. Mende eta erdiz, Gernikako Arbola kantuak adierazi du nahi hori, batzuek foruen babesa ikusten baitzuten hor, bertze batzuek elkartasun internazionalista eta laikotasuna, eta, azkenik, bertzek independentismoa.
Karlismoak eta liberalismoak kantatu zuten Gernikako Arbola hastapenean; gero, errepublikazaleek eta ezkertiarrek; geroago, EAJko bizkaitarrek, eta hartara heldu zen ezker abertzale modernoko lehen belaunaldietara. Azken berrogeita hamar urteetan guk aukera bat egin dugu eta Eusko gudariak gure ereserkian geratu da adierazia, baina ez dugu ahazten herri batek hura osotasunean ordezkatuko duten erreferentziak behar dituela, adibidez, hizkuntza, lurraldearen mapa, hedabideak, tradizioak, memoria kolektiboa, bandera(k) eta, noski, ereserki nazionala, hori guzia albait adostasun handienaz.
Proposamena bultzatu duten musikariek erran duten bezala, euskarazko testu batek, doinu batek, euskal ereserki batek ere ez du izan Gernikako Arbola kantuak erdietsi duen presentzia Euskal Herriko lurralde osoan, ezta haren pareko nazioarteko proiekziorik ere. Foru gerretatik Gernika suntsitu eta geroko erbeste arte, ereserkia hor egon da gure herriaren historia eta aldarrikapen momentu guzietan.
Gure herrialdea artikulatuko duten sinboloen premia hori are gorriagoa da Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian, azken hamarkadetan Euskal Autonomia Erkidegoak bere aldera eraman baititu guzienak ziren sinbolo eta kontzeptuak, gu haien alde adorez borrokatu garen arren. Hori gertatu da, hain zuzen, Euskadi leku izenarekin, mendebaldeko hiru probintzietarako geratu baita bakarrik, baita País Vasco kontzeptua ere gaztelaniaz, euskal eta espainiar hedabide indartsuek hala deitzen baitiote gure herrialdearen zati txiki horri. Nafarroa Garaian ikurrina ezbaian eta jazarria da gero eta gehiago, eta euskal jentilizioa ez da ia erabiltzen. Trantsizioan inposatu ziguten administrazio eta lurralde zatiketa gure herrialdea banatzen joan da, eta are, frankismo arte iraun duten euskal nafar elkarteak ere desagertu dira.
Gernikako Arbola Euskal Herriko alderdi guziek babestu eta kantatu dute, lehengoek eta oraingoek. Guri beren testigantza utzi ziguten Eli Gallastegik, Telesforo Monzonek, Federico Krutwigek edo Txabi Etxebarrietak, bertzeak bertze. Etapa politiko berri honetan, guziok ezagutzen ditugun zirkunstantziengatik, ez Gora eta gora, ez Nafarroako Gorteen ereserkia, ez Eusko gudariak (eta, are guttiago, bertze edozein kantu), ez dira Euskal Herriko emakumezko eta gizoneko guziak elkartuko dituen ereserki nazional bilakatuko. Errespetatzen dugu zeinek bere espazioa izatea, baina Euskal Herria leku izena zazpi lurraldeei deitzeko berreskuratu dugun bezala, uste dugu egingarria eta beharrezkoa dela hainbat belaunalditan Zazpiak Bat gehien elkartu duen ereserkia berreskuratzea.
Eta seguru gaudenez Ezker Abertzaleak hartuko duen jarrera horretarako giltzarria dela, dei egiten diogu irmotasunez onar dezan Gernikako Arbola dela Euskal Herri osoko ereserki nazionala, eta hura berreskuratzeko proposamena egin diezaion gure gizarte osoari. Kantatu ahal izango ote dugu hura elgarrekin heldu den Aberri Egunean edo Euskal Selekzioaren edozein partidutan!
ARTIKULUA HONAKO HAUEK SINATZEN DUTE:Adolfo Araiz (Tafalla); Laura Mintegi (Algorta-Getxo); Eugenio Etxebeste (Donostia); Miguel Castells (Donostia); Itziar Aizpurua (Deba); Joseba Asiron (Iruñea); Filipe Bidart (Baigorri); Txutxo Abrisketa (Ugao-La Habana); Alfonso Etxegarai (Plentzia); Kristian Etxaluz (Domitxine); Tasio Erkizia (Lesaka); Karlos Almorza (Amasa); Grazi Etxebehere (Ortzaize); Javier Salutregi (Ea); Julen Aginako (Urduña); Patxi Urrutia (Amaiur); Gloria Rekarte (Iruñea); Iñaki Ruiz de Pinedo (Gazteiz); Xabier Alegria (Pasaia); Elena Bartolome (Bilbo); Iñaki O’Shea (Barakaldo); Koldo Gorostiaga (Hiriburu); Iñaki Egaña (Donostia); Arantza Arruti (Zarautz); Jesus Casajus (Murtxante); Francisco Letamendia ‘Ortzi’ (Algorta-Getxo); Koldo Lakasta (Beire); Izazkun Rekalde (Tolosa); Angel Rincon (Cortes); Camino Mendiluze (Altsasu); Jose Mari Esparza (Tafalla); Santi Lorente (Tutera); Marine Pueyo (Faltzes); Santi Kiroga (Uharte); Jose Ramon Etxebarria (Gernika); Jose Angel Urteaga (Santurtzi-La Habana); Txemi Gorostiza (Sestao-Uharte); Iñaki Aldekoa (Amorebieta); Sagrario Aleman (Etxaleku); Hartzea Lopez (Angelu); Kiko Lako (Agoitz); Allande Etxart (Maule); Joseba Alvarez (Donostia); Elena Urabaien (Eguzkitza); Sabino Cuadra (Amurrio-Iruñea); Joxe Iriarte ‘Bikila’ (Oiartzun); Patxi Zabaleta (Leitza); Ibon Arbulu (Bilbo); Iñigo Iruin (Donostia); Teresa Toda (Hernani); Jose Luis Elkoro (Bergara); Karmelo Landa (Ea); Patxi Erdozain (Agoitz); Kontxi Erro (Lesaka) eta Joxemari Olarra (Amasa).