Ezintasunaren kronika

2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Artikulu hau idazteko gonbita jaso nuenean, burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza zera izan zen: «Zer konta dezaket, hemen minutu batetik bestera dena aldatzen da eta», baina bat-bateko hausnarketa xinple horren ondoren, konturatu nintzen ezetz, Lanpedusakoak zioen bezala, guztiak berdin jarraituko duela, kontrakoa dirudien arren.

Hauteskunde gauean, emaitzak eskuetan esan nuen —eta nire ingurukoak lekuko— hauteskundeak errepikatzea beste erremediorik ez zela izango, ez nuela ikusten inongo hitzarmen edo ezberdinen arteko akordiorik posible izango zenik. Eta bi hilabeteren ondoren gauza bera pentsatzen jarraitzen dut. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, besterik gerta ez daitekeenik, nola ez ba! Baina susmoa, itxura guztien arabera, egia bihur daiteke.

Hauteskundeen emaitzak Espainiako Kongresuan mosaiko aldrebesa aurkeztu zigun, deabruren batek nahita jositako tapiz baten antzera, zeinean gehiengoa lortzeko PP edo PSOE edota Podemosen parte hartzea nahitaezkoa zen, euren arteko konbinaketa ezberdinen arabera; eta gero besteok geunden, indar eta presentzia handiagoarekin edo txikiagoarekin (C´s, ERC, DiL, EAJ eta mistokoak). Argi zegoen, bada, PPk garaile zen neurrian eman beharko zukeela lehen urratsa, baina Felipe Espainiako erregeak gobernua osatzeko gonbita egin zionean, hark ezezkoa eman zion «oraindik ez daukat beharrezko gehiengoa» esanaz. Horrela, eta Rajoy eta PPren ezusterako —eta haserrerako-, bigarren errondan Borboikoak Pedro Sanchezi eman zion aukera, eta hark hartu. Tartean, Podemosek bere eskaintza (exijentzia?) egin zion PSOEri, ministerio banaketa eta guzti, era nahiko ezohikoan.

Beste batzuk, ordea, hasiera-hasieratik esan genuen gure asmoa zein zen, eta zer uste genuen: euskal gaiei bere agendan era serio eta aurrerakoi batean arreta egiteko prest zegoenarekin «hitz egiteko prest» geundela, eta gero, erantzunaren arabera,ikusiko genuela zertan konprometitzen ginen. Eta horrek horrela dirau gaur arte. Argi zegoen PPrekin ezzegoela inongo asmorik ez aukerarik, ez baitzuen inongo berme eta aldaketarik eskaintzen, eta bere jarrera gure antipodetan azaltzen zen, bai autogobernuaren garapenean (zentzurik zabalenean zein estuenean), Euskadiren bakegintza eta normalizazioalorrean, zein alor sozioekonomikoan.

Bestalde, alderdi sozialistak bere gonbita egin zigun, eta argi dago beraiekin hitz egin dugula behin baino gehiagotan, baina artikulu hau idazten dudan unean oraindik ez dugu gure proposamenaren erantzunik beraien partetik. Edozein kasutan, bitarte horretan «ponpaz eta zirkunstantziaz» betetako akordioa sinatu du PSOEk Albert Riveraren C´s-ekin. Horrek asko urruntzen gaitu, dudarik gabe.

Euskal gaien defentsa gure betebeharra, konpromisoa eta baldintza da. Hala agindu genuen hauteskunde kanpainan eta hala adierazi dugu beti. Dimentsioak neurtu behar diren arren, eta jakin zer jarri behar den negoziazio mahai bakoitzean, lehenik eta behin errespetua eta aintzakotzat hartzea eskatzen dugu. Gure balioa, ez gehiagokoa, baina ezta ere gutxiagokoa. Horregatik, gure «agendan» argi izan dugu, ez bakarrik gurekin negozia daitekeena, baizik eta besteekin negoziatzen dutenean (adibidez PSOEk C´s-ekin) zer eduki behar duten kontuan, gero guregana hurbiltzeko.

Aukera on bat izan zitekeen legegintzaldi hau gure naziotasunaren onarpenerako, erabakitzeko eskubidea bermatzeko, euskal eskuduntzak sendotu eta birzentralizazioa uxatzeko, gure pentsio sistema propioa osatzeko, kartzela politika aldatu eta gureganatzeko, ekonomia alorrean aurrera pausoak emateko, murrizketa sozialekin amaitzeko, eta abar... baina badirudi ezerezean gera daitekeela.

Gauzak horrela, zer emango duen inbestidura saioak galdetuz gero, printzipioz ezer ez. Diskurtsoen eszenifikazioa. Eta ez dakit ez den geroari begirako lehen antzezpena izango. Etorkizun hurbilerako Rajoyk bere indar posibleak neurtu beharko ditu, agian bere erretiroak dakar PPrentzako giltza, baina nire uste apalean dagoeneko abiadura hartua dauka PSOEk berriz atzerako martxa egiteko, eta aukera horretan, Pedro Sanchezen burua ere kolokan legoke. Eta etorkizun luzeago batera begira —hau da, ekainaren 26 aldera—, hauteskunde dinamika batean sartzeko nagikeria handia ikusten dut, baina inork ez badu untxiren bat txisteratik ateratzen, gauzak horrela izatea ezin ekidin.

Ene iduriz, alderdi abertzaleontzat (euskaldun zein katalanentzat) errepikapena ez litzateke albisterik onena, bigarren buelta itxurako hauteskunde batzuk ez bailirateke egokiak. Gainera, Euskal Komunitate Autonomoko biztanleok berriz urri inguruan beste hauteskunde batzuk izango ditugu, eta jendea aspertu ere egin daiteke, arrazoiz.

Latinez esaten den lez, rebus sic stantibus, ikusiko dugu zertzeladaz beteriko egoera honek zer ematen duen, baina interesgarri izatetik aspergarri izatera pasa ote den zalantza daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.