I. mendeko legelari erromatar batek, Juventzio Zeltsok, honako printzipio hau ezarri zuen: impossibilium nulla obligatio est, hau da, ezinezko gauzak egiteko betebeharra deuseza da: inor ez dago ezinezkoa egitera behartuta. Zuzenbidearen oinarrizko printzipio bihurtu zen aurrerantzean. Agian horregatik Pablo Milanesek argitu behar izan zuen bere eskaera ez zela ezinezko bat: «Nik ez dizut eskatzen izar urdin bat niri jaisteko, eskatzen dizut bakarrik nire espazioa zure argiarekin betetzeko».
Ezin digute betekizun ezinezkorik agindu. Zerutik izar urdinik ezin dugu ekarri, eta ezin dugu beste gauza askorik egin ere. Nagusiek lau metro koadroko manta bat eman eta hamar metro koadroko azalera estaltzeko eskatzen badizute, ezinezko zerbait ari dira eskatzen. Argi esan behar zaie: hori ezin da egin. Begi-bistakoa da: azaleraren zati bat estaltzen baduzu, beste bat agerian geratuko da. Edo gutxitu egiten dute estali beharreko azalera edo manta handiagoa (edo manta gehiago) eman behar dizute, dena estali ahal izateko. Ez dakit ulertzen zaidan.
Zer gertatuko da nagusiak, apurka-apurka baina etengabe, egunez edo hilabetez egin behar dituzun eginkizunak handitzen badoaz? Bada, une batean kantitatezko kontu hutsa zena kualitatibo bihurtuko dela, hau da, tamaina erraldoikoa izatera ailegatzean, zeregin ezinezkoa bilakatuko da. Hautatu beharko duzu, akaso, zeri eman lehentasuna. Baina gauza batzuk egin barik geldituko dira derrigorrez. Eta zer nagusiek ezinezkoren bat eskatzen badizute, baina hain agerikoa ez den ezinezko bat? Bada, ahal duzun guztia egiten ahaleginduko zara, hara eta hona korrika joanik, azalera osoa estaltzen saiatzeko, tapakia txikiegia dela konturatu gabe. Hainbat lekutan aldi berean egoten ahalegindu eta lasterka ibiliko zara, estu eta larri, denera iristeko, eta egun edo aste batzuk beharko lituzketen atazak ordu gutxian egiten saiatuko zara. Jakina, eginkizuna ez da behar bezala burutuko, ezin diozulako behar duen kalitatezko denbora eskaini. Zuk antsietate, larritasun eta etsipen handia sortuko duzu zure baitan, epe ertainean zure osasun fisikoan islatuko direnak, lan-absentziak ondorio saihetsezin gisa izanik.
Pentsa genezake nagusiak sadiko hutsak direla, edo zekenak, edo biak. Edo zapalkuntzaz eta zure lan-indarraren gehiegizko esplotazioaz hitz egin genezake. Hau da, psikologiatik, etikatik edo politikatik hel diezaiokegu gaiari. Egia da nahastuta daudela eremuak: tratu txar orok hiru aldeak batzen ditu maiz. Baina gaur, ikuspegi politikoa ia desagerturik dago. Lan-giro batzuetan, gain-esplotazioarekin lotutako arazoak hizkera politikoan planteatzea txarto ikusita dago kasik, jatorri eta izaera erabat politikoa duten arren. Batzuei ez zaie batere gustatzen, deseroso agertzen dira lankide batek politikoki salatzen duenean honelako egoera bat. Dirudienez, errealitatea kolektiboki eraldatzeko proiektua porrotera bideratuta dago, hobe dugu gauzak diren bezala onartzea. Eguneroko bizi-estoizismo merkea arrakastatsua izan da oso: ez ezazu desiratu gauzak nahi duzun bezalakoak izatea, baizik eta diren bezala desiratu. Praktikoak izan gaitezen: zertarako indarrak temati sartu protesta egiten, ezertarako balio ez badu? (Zertarako grebak, jakina). Egin dezagun gure lana ahal dugun neurriraino, bete dezagun ordutegia eta joan gaitezen gero gure bizitza pribatuetara lanetik deskonektatzera (gero eta zailagoa dena, gero eta lan gehiago eraman behar dugulako etxera online egiteko, badakizu, teknologiaren aurrerapen santua).
Bitartean, hezkuntza publikoa hondoratzen ari da. Horretaz ari naizelako, zer uste zenuten? Ikastetxe batek protokolo bat, hamar edo berrogeita hamar izan ditzake irekita (suizidioa edo jazarpena prebenitzeko, adibidez). Horrelako protokoloek irakasleen dedikazioa, arreta eta denbora eskatzen dute, eta errefortzuko langilerik jartzen ez dutenez (zaintzaileak, psikologoak, irakasle gehiago) horrek esan nahi du, ezinbestean, gainerako ikasleekiko dedikazioa, arreta eta denbora gutxitzea, eta beste zeregin anitz arindu behar izatea ere bai. Ez gara zulo guztiak tapatzera ailegatzen. Ezinezkoa dena ezinezkoa delako. Gauzak ez dira behar bezain ondo egingo, bigarren planoan geldituko diren beste arazo askotan adabakiak jarriko dira, eta irakasleengan frustrazioa eta antsietatea sortuko da, burnout sindromea areagotuz gure artean. Egunen batean, beranduegi denean, zerbait larria gertatuko da. Bai, irakurri berri duzu: beranduegi izango da. Gobernu zintzo batek, hezkuntza publikoaren kalitateaz, langileen ongizateaz eta ikasleen ikaskuntzaz arduratuta, baliabideak ipiniko lituzke eta dirua inbertituko luke irakasleen lan-karga arintzeko eta hezkuntzaren kalitatea erretorika hutsetik haratago hobetzeko. Baina ez, amildegira goaz. Familiek asaldatuta egon beharko lukete, eta badirudi nahiko lasai daudela.
Ez al dago ikerketa talderik EHUn, Mondragonen, Deustun, interesa duena aztertu eta zenbatzeko noraino handitu den irakasleen lan-karga? Ikerketa ordainduko duen fundazioren bat? Ezetz susmatzen dut. Bada, ziurtatzen dizuet emaitzak izugarriak izango liratekeela, eta ikasgeletan zein geletatik kanpo gertatzen ari diren gauza asko azalduko lituzkete. Berehala erreferentziazko ikerketa bihurtuko litzateke, paper super-aipatua. Agian teleberri baten azala eta guzti izatera helduko litzateke («X Unibertsitateak argitaratu berri duen azterlanaren arabera, irakasleen lan-karga bider zazpi handiagotu da azken hamarkadan»). Baina uste dut ezinezkoa ari naizela eskatzen, auzolana hitza publizitate huts bihurtu baitute batzuek aspalditik.