Ezinaren mina

2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Seaskako lehendakariak, Peio Jorajuriak, Ipar Euskal Herrian egindako inkesta soziolinguistikoari buruz BERRIAn apirilaren 23an esana: «Inkesta honek ematen digu ez dela gurea izanen azken belaunaldi euskalduna. Baina gure haurrena beharbada».

Nik, egia esan, Bizkaiko alderdi honetan ez dut entzuten euskaraz bizi den hurrengo belaunaldirik. Inguru honetan euskaraz gozatsu berbetan entzuteko zaharren belaunaldietara jo behar duzu (zenbat eta gazteagoa izan, hizkuntza gutxiago erabilia, galduagoa, asimilatuagoa). Batez ere laurogei urtekoen ondoan suertatuz gero, oroiminez beteta egoten naiz gure gurasoenak ziren soinu horiek entzuten. Euskara euren lurralde bakarra dela jarduten dute, euren bizitza osoa berba horietan doala, hurrengo unean mundua amaituko balitzaie moduan, euskaraz berba egiteko eta esateko grina atabikoz eta beharrizan sutsuz beteta. Institutuko gazteengan, ostera, salbuespen batzuk kenduta (euskara barru-barrutik bizi duten neska taldetxo bat izan dut), ez dago halako beharrizan ez grinarik espainieraz hitz egiteko baino. Eta zelan ez haserretu, euskararen aldeko manifestazioetara joaten direnak ere ez dute euskaraz egiten eta! Euskara ez eze benetakotasuna ere krisi gogorrean dago gaur egun.

Irakasleok itxaropentsu jardun dugu (bestela ezinezkoa jardutea) euskara eta euskal kultura transmititzeko lanean, Pizkunde Aroko Lauaxeta eta Lizardiren itxaropen indartsu harekin, mendian gora doan gazte aldrarengan gure hizkuntzaren eta herriaren etorkizuna amestuz eta desiratuz. Baina alferrik tematu gara, gure gainetik dagoen errealitateak kontrakoa agintzen duelako. Gazteak euskara lau katuren, irakasleen eta zaharren kontua dela aspaldi konturatu ziren, eta garrantzitsua den guztia espainieraz gertatzen dela, euskara galtzaileen hizkuntza dela, politikariek eurek frogatzen duten moduan. Horra hor Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministro izandakoaren deklarazioak, ezelako eskrupulurik barik egiten den politikaren adibide moduan, inoiz zigorrik izango ez duenaren ziurtasun ez eze harrokeria osoaz. Horra hor euskarazko egunkari bakarrak jaso behar izan zuen zigorra, bere egileek jasan behar izan zituzten torturak, Martxelo Otamendik BERRIAn ekainaren 24ko elkarrizketan despedida gisan berriro emandako testigantza hunkigarrian azaldu moduan. Horra hor ikasle batek azken azterketako idazlanean herrian gertatutako aldaketei buruz emandako testigantza, euskaraz eginez gero «etarra» eta «vasquito» irainak jasan behar dituztela. Horra hor euskararen aurkako epai guztiak. Ezinera kondenatuta gaude.

Bere heriotzan egunkari honek omendu zuen Joan Mari Irigoienen adierazpen eder batek dio: «Mendeetan gure bakardadearekin eta ezinarekin jarraitzen dugu. Kontraesanik handiena da amets dezakeguna ahal dugunetik urrun dagoela». Zorte handi-handia izan dugu Irigoienek, gure beste idazle handien moduan, euskaraz idatzi duelako eta Euskal Literatura egitea hautatu zuelako, espainieraren merkatu askoz handiagoa eta alfabetatuagoa alde batera utziz. Ikaragarri gozatu nuen nik batez ere Babilonia eta Lur bat haratago-ren irakurketez, eta eleberri biak ditut idazleak sinatuta. Babilonia institutuko ikasleentzat ekarri genuenean sinatu zidan. Ikasle eta irakasleok liluratuta eta eztitan egon ginen bere hitz jario agorrezin eder-eder hura entzuten. Ordurik hona 30 urte igaro diren arren, oraindino gogoratzen ditut bere hitzak, euskaldunok, elkarrekin konpondu ezinik, bere eleberriko Trinido eta Felilzianoren moduan gabiltzala esaten. Lur bat haratago Durangoko azokan erosi nuenean sinatuta daukat, Joan Marik neu ere lur bat haratago nagoen galdetzen didala.

Ba, lurretik 66 milioi urte dela desagertutako dinosauroa izan naiz, antza, ikasle batzuentzat (inoiz halaxe deitu didate, zer egingo diogu!), eta beste batzuentzat, seguru, izaki askoz ezdeusagoa. Baina irakasteko gogoa izan dut guztiaren gainetik. Asko gozatu dut, esaterako, euren idazlan batzuk irakurtzen. Azken azterketan Anjel Lertxundiren testu guztiz interesgarri ederra (otzandu ez zen Martin Ugalderen itzuleraz) ulertzera heldu ez zenetariko baten (neskatoa berau) idazlanaren amaierak honela dio herrian gertatutako aldaketei buruz: «Gure ardura bakarra telefono mugikorrak bateria izatea edo Instragramen jarraitzaile asko izatea da. Guk ez dakigu aldaketak zer diren. Errege-erreginak bagina bezala bizi garelako». Hortxe, takada baten soziologorik onenak egindako diagnostikoa. Bai, halako zintzotasunez, argitasunez eta kolpe ederrez betetako nerabeen testuak irakurtzeko aukera eta plazera izan dut. Beste idazlan batzuek, ostera, arduraz bete naute. Eta bigarren batxilergoan alfabetatu barik daudenenak guztiz arduratzekoak izanda ere, ardurarik handiena eman didatenak noraezean eta depresioak jota daudela aitortu didatenenak izan dira (irakurle eta idazle onak sarritan). Izan ere, nerabezaroa guztiz adin zaurgarria da. Kasu horietan alarma jo dut,baina arazoa dagoela jakitea kontu bat da, eta konpontzea beste bat. Bigarren batxilergoan borroka gogorrean amaitu diren kasuak ezagutu ditut lehenengoz aurten (nire tutoretzan zorionez ez). Borroka gogorrak nesken artean zein mutilen artean (ospitalean amaituz). Bitartean Curridigi eta abar lan zororen artean, ezer ez konpontzeko. Guztiz ados nago Iñigo Martinez Peñak (otsailaren 22an, Curridigi: digitala ala hil) eta Tere Maldonadok (apirilaren 15ean, Hamar tesi hezkuntzaz 'baina' gisa adierazita) egunkari honetatik egindako kritikekin. Alexander Barandiaran Arteagak ekainaren 23an idatzitako Zer ikusi du gaurko sistemak osasun mentalarekin? ere hunkigarria egin zait. Hain zuzen gazteek sare sozialetan erabiltzen duten biolentziari buruz eta gure sistemaren biolentziari buruz. «Gaur egun ikusten ari garena da gazteek elkar egurtzen dutela sare sozialetan mingarriak diren hitzen bidez. Gazte gehienek parte hartzen dute sare sozialetan, han ez bazaude ez baitzara existitzen...» dio, esaterako. Eta sare sozialetatik kanpo ere elkar egurtzen dute, helduek egiten duten moduan.

Gizakia gero eta gaixoago dagoela, naturan eta hizkuntzan ekosistema asko betiko desagertzen ari direla, benetan eskertzekoak dira denok txotxongilo globalak izatearen aurkako ahotsak. Baina eguneroko dinamikak, erabakiak zein ekintzak kontrako norabidean doaz. Gura nahiz gura ez, itzulerarik bako tren, hegazkin eta pantailan jarri gaituzte, hizkuntzaren irakaskuntza, herria eta naturaren defentsa zein gizakiaren osasuna (osotasuna bera) guztiz ezinezko eginez. Ez dakit zein jaungoikok konpon dezakeen hau guztia. Entzuna dut ezinkizuna eginkizun egitea Jaungoikoaren dohaina dela. Bai, mirari handiak behar ditugu. Niri ezinaren mina geratu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.