EHUko irakaslea

Ezin dut gehiago eman

Julen Zabalo
2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Urtarrilaren 4an Joxe Manuel Odriozolak Identitate borroka Nafarroan iritzi artikulua argitaratu zuen BERRIAn, eta lehenik eta behin, eskertu behar zaio eztabaidarako ahalegina. Artikuluaren oinarrian Eusko Ikaskuntzaren bidez argitaratutako Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak txostenaren balorazioa dago, eta egileetako bat izanik, gogoeta txiki bat egin nahiko nuke irakurritakoaz.

Ideologia guztiek zabaldu nahia daukate, eta zentzu horretan espantsionista dira, artikuluan esaten zen bezala. Logikoa da, ideologia horiek zerbait hobetzeko, mantentzeko edo zuzentzeko sortu diren neurrian. Sozialismoek, feminismoek, ekologismoek, nazionalismoek... zabaltzea dute helburu. Euskal nazionalismoak, adibidez, Bilbo inguruan dauka iturburua, baina Euskal Herritzat jotako lurralde osora zabaldu nahi izan du bere ideologia. Nazionalismoak, gainera, esklusibista ere izaten dira gehienetan: estatua antolatzeko nazio-estatu forma defendatzen dutenean, lurralde jakin bateko biztanle guztiek nazio bakarra osatzen dutela ulertzen dute. Guztiz zilegia da, baina Euskal Herrian hiru nazio proiektu lehiatzen dira lurralde berean, denak nazio bakarra osatu nahian. Alde teoriko horretatik ez dago desberdintasunik haien artean, eta aldaketa bakarra nazionalismo bakoitzaren justifikazioak ipintzen du. Batzuek helburua lortzen dute, eta besteek ez.

Hegemonia lortu duen ideologiak mila tresna ditu bere mezua zabaltzeko, eta aurka egin nahi dionak, aldiz, zeregin gaitza dauka horretan. Hala ere, batzuetan diskurtso arrakastatsuak sor daitezke, nahiz eta horrek ez duen ziurtatzen botere egiturak ere eskuratzea. Horren adibide izan daitezke euskal nazionalismoaren diskurtsoa 1970 eta 1980ko hamarkadetan, euskara bultzatzea ekarri zuena; edo berdintasunaren aldeko diskurtso feminista gaur egun. Onartuak diren diskurtso horiek lortzen dute hainbat pertsonak egitura batzuek bermatzen dizkioten pribilegio batzuei uko egitea. Hala gertatu zen pasa den mendean Euskal Herriko zenbait lekutan, hainbat erdaldunek nahiago baitzuen euskaraz trakets egitea, ama hizkuntza zuen gaztelaniaz egitea baino. Eta hala gertatzen da gaur egun ere, feminismoak landutako hainbat proposamen aurrera baitoa emakume askoren lanari esker, baina baita aliatu modura pribilegioei uko egiteko prest dauden gizon asko aurkitzen dutelako ere. Aliantza hori berdintasunean, justizian edo enpatian oinarritu daiteke, baina baita komenentzian ere.

Nazionalismoa ez da zerbait monolitikoa eta aldaezina. Aitzitik, etengabe ari da birformulatzen, esperientzia berriak ezagutzen eta aukera berriak sortzen (pentsa, zenbat aldaketa Sabino Aranaren formulaziotik hona!). Horrez gain, herritarren pertzepzioa eta atxikimendua ere aldatzen da momentuko gertaeren arabera, are gehiago gaur egungo gizarte indibidualistan. Aldakortasun hori kontuan harturik, mundu mailako migrazioak eta ildo globalizatzaileak kolokan ipintzen ari dira estatu bakoitzean nazio bakarra proposatzen zuen nazio-estatuaren formula. Espainiar estatuan are nabariagoa da joera hori, Kataluniako eta Euskal Herriko nazionalismoengatik, eta azken urteetan, Espainiako Kongresuan jokatzen ari diren paperagatik.

Marko horretan, EH Bilduk, adibidez, uste du Kongresuan «Lurraldearen eztabaida» plazaratu behar dela. Alferrikako lana da? Ez dakit, baina egiteak berak Euskal Herriko iritzi soziala berraktibatzeko balioko luke, diskurtso onartu eta erakargarria eraikitze aldera. Eztabaidan, hori bai, nazio-estatua gainditzea izan behar da aukeretako bat, eta argi esanda, prest dago euskal nazionalismoa nazio-estatua ez den beste egituraketa formak onartzeko, lantzeko eta agian asmatzeko? Ala ezin zaigu halakorik eskatu?

Nafarroari buruzko lanean, bizikidetzaren alde zer egiteko prest egongo ote zen galdetuta, abertzaletasunaren inguruko askok «gehiago ezin zutela eman» zioten. Sentsazioa zuten denbora guztian beraiei egokitzen zitzaiela ematea, neurtzea edo mugatzea (sentsazioez eta emozioez ari garenez, espainiartzat agertzen ziren askok ere halako sentimendua adierazten zuten, kontrako zentzuan). Sentsazio hori hainbat idatzi eta iritzitan ere ikus daiteke: nahikoa da, gure argudioak arrazoizkoak dira, eta horri eutsi behar zaio! Baina nazioartean ez dago inon epaile moduko bat nahikoa zer den ebatziko duenik (katalanei galdetu, bestela). Berez, zilegia da nahikoa dela pentsatzea, eta joko horretan sartzeko prest ez egotea. Baina jarrera horretatik aterako den emaitza zein den ere badakigu: kexu garen eta batere gustatzen ez zaigun egoera bera! Beharrizana daukana mugitzen da, ez bestea.

Diskurtso nagusiak baldintza askoren arabera eraikitzen dira, baina oraingo egoeran argi dago ez dela jarrera trinkoetatik abiatuko, oraingo gizarteak bestelako diskurtsoak eskatzen ditu eta. Pentsaezina da, era berean, autodeterminazio erreferendum bat irabaztea abertzale kontzientziatu eta aktibisten gehiengo batekin; aldiz, inkestek diote herritarrak prest egon litezkeela alde jartzeko, momentuko interesen arabera. Horretarako, gutxienez bi gauza behar dira: batetik, nagusi bihur litekeen diskurtso erakargarria lantzea eta zabaltzea; eta bestetik, aliatuak; konbentzituak edo komenentziakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.