Azkenean, ez ditugu etsaien hitzakgogoratuko, adiskideen isiltasuna baizik
Martin Luther King
«Mesedez! Ezin dut arnasarik hartu! Tripako mina dut, eta lepokoa! Gorputz osoko mina! Horrela hil egingo nauzue!». George P. Floyd-en azken hitzak izan ziren. Maiatzaren 25ean izan zen, Minneapolisen (AEB). 46 urte zituen, eta afro-amerikarra zen. Kalean, lurrera bota zuten eta Poliziako agente batek belaunarekin lepoa zapaldu zion bederatzi minutu luzez, asfixiatuta hil zen arte. Bere delitua: denda batean 20 dolarreko billete faltsu batekin ordaintzea.
Zoritxarrez, ez da kasu bakan bat, AEB-etako ordenaren baitako adibide txiki bat baizik, urte luzez urtero gertatzen den zerbaitena. Hala, erailketa hori salatzeko protestetan, beste hainbat pertsona ere tirokatuak eta hilak izan ziren… Eta handik gutxira, abuztuaren 23an, Wisconsin-en,Jacob Blake, 29 urteko afro-amerikarra, bere hiru seme-alaben aurren erail zuten,Poliziak bizkarretik zazpi tiro bota ostean. Etxeko iskanbila bat zelamedio, bere bikotekidearekin eztabaidatu eta haren kotxera sartzera zihoala…
2014ko uztailean, New York-en, Eric Garner-ek ere Floyd-en esaldi bera esan zuen, polizia batek eskuekin lepoa estutzen zion bitartean. Hogei segundoz horrela eduki ostean eman zuen azken hatsa. Bere delitua borroka batean parte hartzea eta zigarro ilegal batzuk saltzea izan zen. Eta noski, afro-amerikarra zen. Handik gutxira, Eric ito zuen polizia aske utzi zuten, kargurik gabe, epaitegietan. Urte luzez urtero gertatzen denaren beste adibide bat.
Estatu Batuak eredutzat hartzen dituzte milaka pertsonak munduan zehar. Baina zeren eredu? Osasun eta hezkuntza sistema publiko sendo batena? Aukera berdintasuneko gizarte batena? Baliabideen banaketa bidezko batena? Askatasun eta eskubideen herrialde batena? Ezezkoan nago ni. Euren alde positiboak ukatu gabe, garbi dago sistema gisa akats eta hutsune handiak eta larriak dituztela, ezinbestekoak diren arloetan. Arazo horietako bat da arrazismoarena eta horri lotutako Polizia indarkeriarena.
Arrazakeria eta jazarpena alor guztietan (gizarte, hezkuntza, epaitegi, legedi, lan mundu, enpresa, aginte organo, komunikabide) eta jaiotzen zaren unean bertatik, txiki-txikitatik. Eta horrela urte, mende luzeetan zehar, aurrerapenak aurrerapen eta agintean errepublikanoak edo demokratak egon.
Indarkeria handiko gizartea da AEBetakoa. Eta horretan eragin zuzena dute bertan armak eskuratzeko dagoen erraztasunak eta aipatu gizarte desberdintasunek. Urtero 15.000 hilketa izaten dira; espetxean 2,2 milioi pertsona daude preso (hainbat froga finkorik gabe) eta beste lau milioi behin-behineko askatasunean; Poliziak 1.000 pertsona inguru hiltzen ditu urtero, horietatik gehienak arraza beltzekoak; eta noski, polizien %77 zuriak dira eta erailketa horiengatik ia inork ez du zigorrik jasotzen. Beltzek, Poliziak erailak izateko zuriek baino hiru aldiz probabilitate handiagoa dute.
Zenbat balio du pertsona baten bizitzak? Desberdin balio al du batzuenak edo besteenak? Zenbat mailatako pertsonak daude? Biktima batzuen minak besteenak baino gehiago mintzen al du? Zergatik batzuk errugabe dira kontrakoa frogatu artean, baina beste batzuk errudun aurkakoa frogatu arte?
Arrazismo sistematiko horren ondorioz, Poliziaren indarkeria betikoen aurka zuzentzen da. Eta herritar guztiek finantzatzen dute biolentzia hori. Nor da, beraz, Poliziak egindako hilketen erantzule? Belauna jarri edo tiroa bota duen agentea? Edo hori horrela egiteko agindua ematen duen poliziaburua? Edo hori baimentzen, estaltzen duen presidente edo ministroa? Eta ekintza horiek nolabait justifikatzen saiatzen diren komunikabideak? Edo erantzuleak errugabe izendatzen dituen epailea, bide batez hilketa hauek legezkotzat joz? Nolatan jasotzen du zigor handiagoa hilketak salatzeko protestetan harri bat jaurti duenak hilketa egin duenak baino?
Zoritxarrez, halako egoeren berri izateko ez dago hain urrutira joan beharrik. Estatu frantsesean, 2016an jatorri afrikarreko Adama Traore 24 urteko gaztea itota hil zen komisaria batean. Estatu Espainiarrean, 1999tik 571 Polizia indarkeria eta arrazismo kasu antzeman dira, baina soilik lau agente izan dira zigortuak. Eta Euskal Herrira begiratuz gero, 2016an Iruñeko komisarian hil zen Elhadji Ndiaye senegaldarraren kasua argitzeke dago, eta baita 2012an Ertzaintzaren pilotakada batek Bilbon erail zuen Iñigo Cabacas gaztearena ere. EAEn bakarrik, 1960-2013 artean, 94 pertsona erail zituen Poliziak.
Hori guztia ikusita, non daude hainbestetan entzuten ditugun etika eta giza eskubideak? Nola hitz egin bakeaz edota zibilizazioaz? Zer egin dezakegu hau dena aldatu eta iraganetik datorren orban handi hori behingoz gainditzeko? Denbora eramango du horrek, baina argi izan behar dugu gizarte edota norbanako gisa ezin garela isilik geratu. Ezin dugu aipatu hilketetako bakar bat ere ontzat eman, normaltzat jo. Horrela eginez gero, konplize bilakatuko baikinateke. Jarrera kritiko eta zorrotza ezinbesteko da arrazakeriaren, Polizia indarkeriaren eta erantzuleen zigorgabetasunaren aurrean. Angela Y. Davis-ek esan zuen bezala: «Gizarte arrazista batean, ez da nahikoa arrazista ez izatea, arrazakeriaren aurkakoa izan beharra dago».
Ezin dut arnasarik hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu