Ezer asmatzekorik ez?

Ismael Igartua Irizar
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«Sutan jartzian probatutzen da
nolakua dan eltzia».
Txirrita

Euskaldunok berritzaileak omen gara, hala diote Europako Batzordeak argitaratzen dituen datuek. Geroz eta gehiago inbertitzen dugu berrikuntzan. Hala ere, oso patente gutxi eskatzen ditugu, hori ere jakinekoa da. Zein da arazoa? Hain berritzaileak ere ez garela? Ez dugula ezer berririk asmatzen? Ez, ez gara besteak baino asmatzaile kaxkarragoak, arazoa bestelakoa da: hitzez bai, gustatzen zaigu patenteak oso garrantzitsuak direla esatea, baina praktikan ez diegu oraindik berrikuntza prozesuetan dagokien lekua eta merezi duten arreta eskaintzen. Ez patenteei, eta ezta orokorrean jabetza industrial eta intelektualari ere.

Eltzea nolakoa den sutan jartzean probatzen den moduan, bere funtzioa betetzen duenean jakiten da patente baten benetako balioa zein den, hau da, gure produktu edo zerbitzuen balio proposamenarekin erlazionatutako ezaugarri teknikoak babesten dituenean, merkatuan esklusibotasuna lortzen laguntzen duenean. Ditugun eltze gutxiak ez baditugu erabiltzen, apalean edukitzeko bakarrik baldin baditugu, edo bakarren bat erabili nahi dugunean ez badu funtzionatzen, ez dugu geroz eta eltze gehiago eta hobeak izateko motibaziorik izango. Patenteekin, berdin.

Hau da agian patenteen arloan dauzkagun gabezien arrazoi nagusia: ez garela kontziente patenteen kudeaketa egoki batek gure negozioan izan dezakeen inpaktuaz. Zaila da kontzientzia hori piztea gure eltzeak era eraginkor batean sutan jartzen ez baditugu, eta zentzu honetan arrakasta kasu propioak falta zaizkigu agian. Kontzientzia falta honi ezezagutza gehitzen zaio askotan, eta ondo ezagutzen ez dena ezin da ondo kudeatu.

Badira bestelako oztopoak ere. Patentatzeak baliabide ekonomikoez gain esfortzua eta denbora eskatzen du, eta onurak ez dira berehalakoan sumatzen; patenteak epe luzerako apustuak dira, maratoi bat. Gehienetan ehun metroko lasterketatan murgilduta bizi garenez, lehentasunak beste nonbait daude beti.

Oztopoak oztopo, sukaldean eltzeak behar ditugun moduan, berrikuntzan patenteak behar ditugu. Eta patenteak bakarrik ez: batzuetan eltzea erabiltzen den moduan, eta beste batzuetan aldiz zartagina, berrikuntzaren emaitzak babesteko baditugu patenteez gain beste tresna batzuk ere: enpresa-sekretuak, diseinu industrialak, markak eta autore eskubideak besteak beste; jabetza industrial eta intelektualaren alorreko modalitate ezberdinak, hain zuzen ere. Tresna hauen erabilpenean ere badago zer hobetua.

Egoera honetan, irtenbidea zein den garbi dago: patente kultura bat sortu beharra daukagu, eta oro har jabetza industrial eta intelektualaren inguruko kultura bat. Horretarako lehen pausoa kontzientzia sortzea da, formakuntza ematea, bai unibertsitateetan eta baita enpresetan ere. Baina hori ez da nahikoa jabetza industrial eta intelektuala berrikuntza prozesuetan hasieratik txertatzen ez badugu, ez da nahikoa marketin ikuspegia (balio proposamena), I+G arloko ikuspegia (ezaugarri teknikoak) eta patente ikuspegia (komeni den esklusibotasuna) hasieratik sintonian ez badaude.

Norberaren produktuen esklusibotasuna bermatzeaz aritu gara orain arte, baina patenteak berrikuntza prozesuetan integratzeak badakartza beste bi abantaila ere: proiektua garatzeko oso erabilgarri izango den informazio teknikoa lortzea proiektuaren hasieran besteen patenteak aztertuz, eta besteen patenteak urratzeko arriskua minimizatzea hirugarren horien esklusibotasun eremuak garapenean zehar kontuan izanda.

Sukaldaritzan onak gara, baina berrikuntzan ere bai. Asmatu, asmatzen dugu. Etorkizunera begira, jabetza industrial eta intelektuala berrikuntza prozesuetan txertatzen asmatzean dago arrakastarako gakoetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.