Ezer antolaturik ez dute parean nahi

2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Futbol partidu batean jokalari batek kolpe txar bat hartu eta lurrean botata geratzen bada, aurkariak baloia kanpora botatzen du eta bere onera ote datorren itxaroten du. Horri fair play deitzen zaio. Haatik, kapitalaren eta lanaren arteko harremanetan horrelakorik ez da gertatzen; aitzitik, botere ekonomikoak zukua ateratzen dio bestearen ahuleziari. Erortzen bazara, edo botatzen bazaituzte, zure arazoa da. Horixe da kapitalismoa. Bitartean, gobernuek, gutxienik arbitraje eginkizun bat bete beharko luketen arren, ahula babesten duten arauak ezabatzen dituzte. Horrela areagotzen dute gobernuek eta kapitalak ezberdintasuna, inoiz ikusi gabeko mailaraino.

Confebaskek Enpresa Kultura Berria (EKB) sustatu nahi du, non enpresario eta langileen arteko harremana «lankidetza» izango den. Krisi honetan kaleratu dituzten milaka langileei azaldu beharko liekete hori; TRW, ACB, Gaska, Aernnova eta beste hainbat enpresatako jendeari. Eufemismoak alde batera utzita, patronalak benetan beste zerbait nahi du: babes politiko eta sindikala, kapitalaren eta lanaren arteko gatazka amaitzeko. Bere «kultura berrian» enpresariak alde bakarreko erabakiz finkatuko lituzke lan-baldintzak. Confebask espainiar legeaz baliatzen da borroka urte luzeetan lortutako lan-baldintzak okertzeko. Bere EKBrako negoziazio kolektiboa traba besterik ez da. ELAk lehenago ere jakina zen gauza bat nabarmendu nahi du: enpresa ez da inondik ere eremu demokratikoa.

Egitate bat errepikatu beharra dago: krisia eskubide laboralak suntsitzeko profitatu dute, baina baita —Thatcherren eskuliburuari jarraikiz— kapitalismoari aurre egiten dioten identitate kolektiboei erasotzeko ere. Gobernuak bat datoz patronalaren gurutzada antisindikalari dagokionez. Hor dugu, adibidez, Gasteizko gobernuaren ekintza politikoa: esaterako, Lehendakariak Kataluniari buruz honako hau esaten duenean: «larritu egiten nau ardura politikorik gabeko herri-mugimenduek baldintzatzea gizarteari kontuak eman behar dizkiogun alderdiak. Korapilatsua da demokrazia errepresentatiboa demokrazia partizipatiboarekin nahastea». Lehendakariak ez du txintik esaten enpresen lobbyez, bankuez, konpainia elektrikoez... horiek politika eta gobernuak kontrolpean dituztelarik. Lehendakariaren ustez, «arduratsuak» dira aberastasuna metatzen ari direnak, eta setaz saiatzen direnak mobilizazio sozialari eta herritarren botoari indarra kentzen, aldaketa politiko eta soziala lortzea ezinezkoa izan dadin. Gurean politikaren eta enpresaren arteko joan-etorria nolakoa izan den aztertuz gero, ondorioa izango da azken 30 urteetan pertsona «arduratsu» horiek euskal fiskalitatea erabaki dutela. Horiek ez dute kalera irten beharrik izan erreformak baldintzatzeko, eurek egin baitituzte.

Lehendakariak hori esan duenean ez zen soilik Kataluniaz mintzatzen ari. Bere gobernua interpelatzen dugun era guztietako organizazioak zituzten gogoan; batik bat berarekin harreman klientelarra izateko aukera ukatzen dugunak. Haientzat, politika esparru erreserbatu bat da. Horregatik, ez dute ELArekin bildu nahi. Ez zaie axola %40ko ordezkaritza duen sindikatu baten iritzia negoziazio kolektiboaz, euskal industriaren egoeraz edota Herritar Segurtasunaren Legeaz. Ez gara «arduratsuak». Agerikoa da errealitate sindikalarekiko zenbateko intolerantzia agertzen duen demokratikoa omen den gobernu honek.

Eusko Jaurlaritza eta Confebask bat datoz: mugimendu sindikal eta sozialaren eragina txiki-txiki eginda utzi behar da; gainera, sindikatuak lantokietatik kanporatu nahi dituzte. Ez dute aurrez aurre izan nahi beren boterea mugatuko duen ezer kolektiborik. Soilik «pertsonak», «banakoak». Politikak eta enpresek parean herritar eta langile soila nahi dute, ez antolatuta dagoen ezer. ELAk ondo asko daki sarriegi legeek eta lan-hitzarmenek ez dutela benetako eraginik. Gainditu ezineko beldurrak eskubide ugari galarazten du. Batzuek zinismo handiz esango dute eskubideei «borondatez» uko egiten zaiela. Joan den astean lankide batek zioenez, emakume bati kontratu bat eskaintzerakoan enpresak hau esan zion: «hemen aparteko orduak sartu eta ez dira kobratzen». Soldata, 800 euro. Banku batean antzeko egoera bat: «Hemen eguneko 8 eta 15 ordu bitartean egiten da lan». Kontziliaziorako aukera aparta! Hau da bizitza erreala. Horrela, banaka ez daukagu negoziatzeko indarrik.

Gasteizko gobernuak ordezkaritza egiaztatu ezin eta nahi ez duten patronalak babesten ditu; hots, beren ordezkaritza otorgatua da. EAEko KESeko lehendakariak zioenez, «gehiegikeria da betidanik solaskidetzat aintzatetsi dena zalantzan jartzea». Baina gure ustez normala da patronalen zilegitasuna zalantzan jartzea, ordezkaritzarik ez izateaz gainera negoziazio kolektibo orekatu bat izateko aukerarik ematen ez dutenean eta arau laboraletan zein gizarte ereduan inboluzioaren aitzindari direnean. Oreka guztiak txikitu dituzte eta ez dute merezi mugimendu sindikalak ez duten zilegitasun errepresentatiboa onartzerik.

Jaurlaritza patronalaren jokoan sartzen da esaten duenean bere gizarte eredua «administrazioak, enpresek eta pertsonek» osatzen dutela. Sindikaturik ez dago. «Larritu» egiten ditu borondateak bat eginez jende ahula defenditzeko antolatzen denak; ikara ematen die. Pentsamolde hori aurredemokratikoa da, oinarrizko eskubide kolektiboak babesten dituzten legeetatik urrun. Bai, Jaurlaritzako jaun-andreok, eskubide kolektiboak; eskubideok erabilita izan ziren posible, hain zuzen, orain suntsitzen ari zareten lorpen laboral eta sozialak.

Burujabe izatea nahi duen herriaren nazio eraikuntzarako ELAk uste du ezinbestekoa dela indar politiko, sindikal eta sozialek bat egitea «eusko labela» duen inboluzio honi aurre egiteko. Zein herritaz ari gara? Zer autogobernutaz? Pribilegiatuen gorte batek inolako mugarik izango ez duen horretaz? Guk halako herririk ez dugu nahi; hori eraikitzeko ez duzue gure babesik izango. ELAk uste du eusko labeldun inboluzio honek ez diela soilik sindikatuei eragiten; gobernuarekiko posizio autonomoak dituzten guztiak daude jomugan. ELAk ez du onartu, ez orain arte, ezta aurrerantzean ere, harreman klientelarrik, horien helburua Jaurlaritzaren ekintzei buruzko kritika politikoa indargabetzea delarik.

ELAk oso aintzat hartzen ditu gizarte alternatibo baten alde lanean ari diren elkarteak, sindikatua bera ere halakoa baita. Horregatik dihardugu indibidualismoaren aurka eta solidaritatearen alde; horregatik finkatzen ditugu ezinbesteko deritzegun erreferentziak; horregatik ari gara antolakuntza eta sare sozial bat eraikitzen, gure gizarteak behar duen berrindartze ideologiko eta etikoa hortik etorriko delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.