Zaintza Araba

Ezer aldatu ez zuen pandemia

Txaro Marquinez Idiaquez, Maita Ramos Sierra eta Marixa Diaz de Arkaia Landa
2025eko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bost urte igaro dira COVID-19aren pandemiaren hasieratik. Pandemia horrek ekarri zuen denok zaintza eredua ezagutzea, inondik inora ere behar bezala ez zebilena. Zahar etxeetako kutsatzeen eta hildakoen datuak, batez ere egoitza pribatuetan, zifra hutsak baino askoz gehiago izan ziren.

2020ko ekainean, Arabako ahaldun nagusiak honako hau zioen: «Egoitza-eredua adinekoak gehiago pertsona gisa eta gutxiago paziente gisa tratatzen dituen eredu batera egokituko da. Etxe baten antzekoena eta pertsonengan oinarritutako arreta integrala duena». Gaineratu zuenez, «egoitza-eredu berriak zahartze betea eta arduratsua ahalbidetuko du, eta pertsona bakoitzari behar dituen baliabideak emango dizkio, egungo arreta klasikoaz harago».

Bost urte geroago, ordea, ez da horrelakorik gertatu. Ezer ez da aldatu. Entzute askoko propaganda-kanpainak izan dira, zaintzan inolako aldaketarik eragin ez dutenak. Kanpaina horietan inbertsio handia egin da, zainketak egunero eta benetan hobetzeko inbertsioaren kaltetan.

Egitura arkitektonikoak, lantaldeak eta profesionalen etengabeko prestakuntza, egoitza-zentro gehienetan, 2020ko martxoko berberak dira oraindik.

Ezinezkoa da ikuskapenak egoitza bakoitzean gertatzen denaren benetako mapa egin ahal izatea. Legezko izapideak betetzeko kontrolez gain, beharrezkoa da senideekin, hurbilekoekin eta egoiliarrekin biltzea, haiek ikusten baitute egunerokoa, paperetatik harago. Gauza bat da egoitzek aurkezten duten dokumentazioa, eta bestea betetzen dutena. Eta hori ez da gertatzen ikuskaritzako langileen profesionaltasun faltagatik, baizik eta langile faltagatik.

Etxez etxeko laguntza ez da nahikoa, ez ditu benetako beharrak betetzen, pertsonek beren etxean bizitzen jarraitu ahal izan dezaten egoera onean. Etxean bai, baina ez edozein preziotan edo baldintza txarretan.

Arabako Foru Aldundiak beste aldera begiratzen jarraitzen du senideek, hurbilekoek eta elkarteek hutsuneak ezagutzera ematen dituztenean eta eredua aldatzea, parte hartzea, lan-baldintzak hobetzea eta etengabeko prestakuntza eskatzen dutenean. Haien erantzuna, kasu askotan, horiek gutxiesten saiatzea da, konponbideak eman beharrean, horretarako lotsagarriak diren estrategiak erabiliz.

Herrialdeko hitzarmen kolektiborik ez duten langileen lan-baldintza prekarioek eragin zuzena dute zainketetan. Langile gutxiegi daude eta 14 eta 24 egoiliar arteko langile bakar batek ematen du arreta gaueko txandan. Bik goizeko txandan egiten dute lan, eta bik arratsaldekoan; gainera, zentro askotan garbitu ere egiten dute, garbigailuak jartzen dituzte, arropa armairuetan jartzen dute... Baldintza horietan ezin da zaintza-kalitate ona eman.

Abusuzko klausulak askotan ematen dira egoitza pribatu gehienetan. Salaketa eta erreklamazioen aurrean, kontratu pribatua dela erantzuten dute. Protesiak edo arropa galtzearen erantzule ez izatea ahalbidetzen dute, baita egoitza hilaren 10ean utziz gero, 15era arte ordaintzea edo 16an utziz gero, 30era arte ordaintzea ere, hau da, plaza beragatik bi pertsonari kobratzeko aukera ematea. Adibide batzuk besterik ez dira.

Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoak ez dira prestazio pribatuak, publikoak dira, eta 2024an eta 2025ean ez dute igoerarik izan. Baina, egoitzek prezioak igo dituzte, bakoitzak nahi izan duen beste.

Beharrezkoa eta premiazkoa da egungo eredua aldatzea, espazioen diseinutik hasi eta adinekoekin lan egiteko eta harremanak izateko eraraino. Ingurune seguruagoak, gertukoagoak eta pertsonalizatuagoak sortu behar dira, senideen, hurbilekoen, egoiliarren, langileen eta elkarteen parte-hartzea etengabea izan dadin. Denek parte hartzeak abantailak baino ez lituzke izango.

Ezin da onura ekonomikoa lehenetsi asistentzia-kalitatearen aurretik. Kalitatezko zaintzak eskubide bat dira, ez lukete inoiz kontrolik gabeko negozio bat izan behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.