Erretiratua

Ezegonkortasuna eta desoreka

2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauen guztiaz. Horregatik, udaberriko ekinokzioa —egunaren eta gauaren arteko oreka— dela eta, oraindik ere hainbat lekutan Aste Santua ospatzen dela kontuan izanik, badut zer esana.  

Udaberriarekin batera gehiago mugitzen gara mendialdera edo harreman estuagoa dugu naturarekin. Edozein zuhaitzetan ikus edo sentitu dezakegu orekaren zentzua. Askotan, nahiz eta lurretik oker jaiki, gerora zuzen eta orekatsu ikusten ditugu, bere bertikaltasunari eutsiz eta, nola ez, bere simetriari. Sekula ere ez da perfektua izango, baina bai orekatsua. Meaga gainetik Aizarnazabalera bitarteko errepidearen azpialdeko zuhaitzei buruz ezin esan gauza bera. Errepide-zaintzaileek, errepidean adar hautsien arazoak ekidite arren, errepide aldera zituzten adar guztiak moztu zizkieten eta orain desorekatuak daude, enborrak behe aldera guztiz okertuak dituztela. Hegoak ebaki banizkio… abestu bai, baina ulertu?

Badirudi oreka eta simetriaren zentzu hori gizakiok ere badugula, izan ere, hala baikara, fisikoki behintzat —psikologikoki ez naiz ausartzen gauza bera esatera—: orekatuak eta simetrikoak. Horrela hazi eta hezi gara, betiere zuzen ibiltzen, orekarik ez galtzen eta gure zentzumenak horretara bideratzen. Arte munduko arlo guztietan ere oreka oso garrantzitsua da: eskulturan, pinturan, musikan, literaturan, zineman… Arte-espresio bakoitzak bere elementuak ditu kontuan hartu beharrekoak, baina askotan errepikatu ere egiten dira; adibidez, harmonia kontzeptua musikan, eskulturan, pinturan, arkitekturan… ia denetan erabiltzen da.

Arkitektura aipatu dut. Arte jarduera guztietan nahita sortutako desoreka zentzuak aurkitzen baditugu ere, zerbait berezia adierazi nahian, arkitekturan ikusgarriak egiten zaizkit azken hamarkada hauetan diseinatutako eraikin batzuk. Eraikuntza gehienak 90eko hamarkadan hasi ziren, Madrilgo KIO dorre okerrak 1989an eraikitzen hasi baziren ere. 

Konputagailuen ahalmenak bultzatu zituen arkitektoak era honetako eraikinak egitera, era analogikoan ia ezinezkoa izango zen dorre hauek, Guggenheim edo Donostiako kuboak eraikitzea. Munduan barrena badira gisa honetako beste zenbait eraikin: bulegoak, etxebizitzak, saltokiak, museoak… Hona, arkitekto bakar batzuk: Frank O. Gehry (Bilboko Guggenheim sortu zuena, beste obra xelebre batzuen artean); Enrique Norten, Luis Barragan, Ricardo Legorreta eta beste batzuk (goi mailako arkitektura berria egiten duten mexikarrak); Szotynski Zaleski, poloniarra, Etxe okerra bere obra ezagunenarekin; Rafael Moneo Donostiako Kursaaleko kuboekin; eta beste asko aipatu daitezkeenak, baina hau ez da lekua. Konputagailuen erabileraren adibide bat: Bilboko Guggenheim diseinatzeko NASAk espazio-ontziak egiteko erabiltzen zuten Catia izeneko softwarea  erabili zuten, aurrez arkitekturan sekula erabili gabea.

Konputagailuek —orain adimen artifizialak— eman diote gizakiari eraikin okerrak eta desorekatuak egiteko aukera. Arkitekto batzuen abilezia kontuan izanik ere, askoren harrokeriek eta ezinezkoa posible dela demostratu nahiek ezegonkortasuna sortzen duten eraikinak azaleratu dizkigute. Neuri behintzat, lehenengo, harridura izugarria sortzen didate, eta ondoren ulertu ezina eta egonezina; zerbait ongi ez dagoen sentsazioa sortzen zait —paretako koadroa oker zintzilikatua dagoenean sortzen zaidan bezalakoxea—. Garbi dago atentzioa erakartzeko eginak daudela eta hiri bateko eraikin deigarriak bihurtu direla. Ikuskizuna landatuta dago eta turistak ez dira faltako.

Antzeko zerbait gertatzen al da penintsula osoko ia hiri guztietan ospatzen diren Aste Santuko prozesioekin? XXI. mendean, berrikuntzaren ordez, ez ote dituzte zaharkitutako erlijio baten eraikuntzak kaleetan erakusgarri jartzen? Erakusketa horrek ez ote dio gaurko gizakiari desoreka eta ezegonkortasuna sortzen? Beharbada, hori da lortu nahi dutena, kaleetatik horrelako manifestazioak eginaz, gizon-emakumeen barrenak ukitu; edo, besterik gabe, turistak erakarri.

Erlijioetan ere —hobeto esanda, espiritualtasunean— jadanik barneko konputagailuak piztu dira mundu guztian, eta pertsona askorengan martxan daude mundu-ikuskera berri batekin. Kaleko erlijio-erakusketa horiek desoreka besterik ez dute sortzen. Ezegonkortasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.