Ezagutzen al duzu Lynn Margulis?

2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Askorentzat ezagunak izango dira Galileo, Kepler eta Newton. Agian ez hain ezaguna Giordano Bruno, zientzialari aparta, 1600ean, Erroman, Inkisizioaren aginduz sutan eraila. Askorentzat ezagunak Einstein eta Borh eta fisika kuantikoaren sortzaileak. Eta askorentzat ezaguna izango da Darwin, eta are ezagunagoak darwinismo soziala, patriarkala, arraziala eta linguistikoa. Baina apenas den ezaguna Lynn Margulis, EST Endosinbiosi Seriatuaren Teoriaren formulatzailea eta James Lovelockekin batera Gaia hipotesiaren sortzailea.

Duela hamar urte, 2011ko azaroaren 22an zendu zen Lynn Margulis. 1938. urtean jaio zen, Amerikako Estatu Batuetan. Unibertsitate irakasle izan zen hainbat unibertsitate eta herrialdetan. 1998az geroztik Massachussettseko Unibertsitatean, Amherst-en irakaslea izan zen. AEBetako Zientzietako Domina Nazionala eman zioten eta hainbat unibertsitatetan (tartean Valentzian eta Barzelonan) Honoris causa doktore izendatu zuten. Baina bere semeak, Dorion Saganek, amaren omenez 2014an egindako liburuan dioen bezala: «ez zioten merezi zuen Nobel saria eman».

Lynn Margulisi egindako elkarrizketa batean galdetu zioten: «Zer da sinbiosiaren teoriatik jendeari gustatzen ez zaiona?» Eta hauxe erantzun zuen: «Femeninoa dela, kooperatiboa eta ez lehiakorra».

Amhersten bizi zela, Emily Dickinson poeta handia bizi izandako etxearen ondoan bizi zen. Diotenez, etxeko lanak egiten ari zen bitartean, gogokoa zuen Dickinsonen poemak, buruz zekizkienak, ahots goran errezitatzea.

Zein da bada emakume genial honen ekarpena?

Neodarwinismoa hankaz gora jarri zuen. Honela laburbiltzen zuen Margulisek, eta gogoratzea merezi du: «Bizitzak ez zuen planeta konkistatu gatazken bidez, kooperazioari esker. Bizitza formak biderkatu ziren eta konplexuagoak egiten joan ziren elkarrekin asoziatuz, eta ez elkar hilez».

Darwinengan Inglaterrako kapitalismoak izan zuen eragina bere liburu famatuaren izenburuan agertzen da garbi: «Espezien jatorria hautespen naturalaren bidez, edo existentziaren borrokan arraza hoberenen iraupena». Kapitalista hoberenak, arraza hoberenak, genero hoberenak, bizitza forma hoberenak (antroposak, noski).

Lynn Margulisen ekarpen handia da bizitzaren aniztasunaren garrantzia azpimarratzea, bizitzak bizitzeko baldintzak sortzean izan zuen garrantzi zentrala azpimarratzea, bizitza sinbiosiz eta kooperazioz garatzen dela azpimarratzea. Horregatik, gure gogamenaren bateriak kargatzen dizkigu bizitza duinaren aldekoei, bizitza erdigunean jarri nahi dugunoi, biodibertsitatea eta oreka klimatikoa landu nahi dugunoi, gizakion arrazionalismo harroputza baztertu behar dela sentitzen dugunoi.

EST Endosinbiosi Seriatuaren Teoriaren akronomikoa da. Bizitzaren hasieratik (3.000 milioi urte) orain arte eboluzioak hainbat urrats egin ditu Lurra planetan. Hainbat jauzi ebolutibo eman ditu. Jauzi horien seriea eta jauzi horietan sinbiosiak izan duen eginkizun zentralaren teoria da.

Zein jauzi?

—Bizitza lehen bakterioekin hasi zen, molekula oso konplexuen eta birusen arteko sinbiositik. Denbora luzez (milaka milioi urte) bizitza anaerobikoa zen, oxigenoa hilgarria zen lehen bakterioentzat. Bakterioak nukleorik gabeko zelulak ziren.

-Bakterioen sinbiositik sortu ziren lehen zelula nukleodunak. Horietako batzuk gai izan ziren oxigenoa ekoizteko eta oxigeno horretatik bizitzeko. Bizitza aerobikoa martxan jarri zen, eta gaur egungo bizitzaren parterik handiena (ez dena) oxigenorik gabe ezin da bizi.

—Zelula nukleodunen sinbiositik sortu ziren izaki bizi plurizelularrak.

—Modu berean, sinbiosi bidez, sortu ziren izaki bizidunak, geroz eta konplexuagoak: bakterio nukleoa gabeak, bakterio nukleodunak, onddoak, landareak, arrainak, animaliak (eta haien artean gu gizakiok, bizitzara iritsitako azken gonbidatuak).

—Bizidunen erreprodukzioa, sexu bidezkoa edota beste modukoa izan, sinbiosi bidez egiten da. Adibidez, gure geure sorkuntza bera.

—Planeta sinbiotiko liburuaren kapitulu baten izena, hain zuzen, hauxe da: Sinbiosia nonahi. Beste kapitulu batean hankaz gora jartzen du bizitzaren sailkapen antropozentrikoa (gizakiak eta gainontzeko forma guztiak), sailkapen animalozentrikoa (animaliak eta landareak), eta eskaintzen du bost erreinuko sailkapena (bakterioak, protoktistas —nukleo duten zelulak..., onddoak, landareak, animaliak). Beste kapitulu baten izenburua da Sexu Animala, eta animalien sexualitatea kokatzen du aipaturiko bost erreinuen erreprodukzio moduen (beti indibiduazioa inkorporazioen bidez) panoramaren barnean. Bizitzaren ibilbide apasionagarri hau, pasioz eta umorez, irmotasun, ikerketez eta zehaztapenez idatzia dago liburuan.

Liburuaren azken kapituluak Gaia du izena. Izan ere, Lynn Margulis beste ekarpen izugarria izan zen James Lovelockekin batera egin zuen Gaia Hipotesiaren formulazioa. Lovwelock hasi zen, eta Lynn Margulisek eskaini zion hipotesiaren elementu funtsezko bat. Nola esplikatu daiteke Lurraren atmosferan O2-ak duen proportzioa? Oxigeno gutxiagorekin, ezingo ginateke bizi; oxigeno gehiagorekin, dena kiskaliko zen... Nondik sortu da oxigeno hori, eta nola mantendu da milaka milioi urtetan proportzioaren oreka? Hipotesia zen. Bakterio batzuek oxigenoa ekoizten asmatu zuten, eta, gero, horiek beraiek oxigenotik bizitzen ikasi zuten. Hor dago esplikaziorako elementu giltzarri bat.

Gaur egun Gaia Hipotesia zenak jauzi bat eman du. Gaur egun ez da Gaia eztabaidatzen, beraren izaera baizik.

Bere ekoizpen intelektuala (artikuluak eta liburuak) ugaria izan da. Planeta Sinbiotikoa azpimarratuko nuke. Eboluzioari buruzko ikuspegi berri batliburua, txundituta utzi ninduelako pandemiaren garaian irakurri nuenean. Eta lagun batzuei entzunda, haren seme Dorion Saganekin batera idatzitako bi liburu: ¿Qué es la vida? eta ¿Qué es el sexo? (Zer da bizitza eta zer da sexua). Bestalde, Paco Pucheren liburuaz gain, Carlos de Castro Carranzak badu liburu bat izenburu honekin: «Gaia berriro hartuz. James Lovelock eta Lynn Margulisen bizkar gainean».

Aipatu ditudan liburuetatik bi Planeta Sinbiotikoa eta Sinbiosia. Lynn Margulisen kosmobisioa eta orain berriki aipatu dudan Carlos de Castrorena euskaraz aipatuak izan dira. Nire ezagun baten ordenagailuan daude euskarara itzuliak, argitaratuak izateko desioz, baina momentuz argitaratu ezinik. Interesatuei emailez bidaltzeko prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.