Bizitza nare eta baketsua izan dut orain arte. Eta, zoritxarrez, bizi izan ditudan pasarte kitzikagarrienak ez dira nik nahiko nukeen erakoak. Hala ere, nire bizipenak izan ditut. Behinola, Oaxacako auzitegi baten ikusi nuen nire burua. Auzitegiak, apaindura gutxikoa, ate eta leiho gisa metalezko pertsianak zituen. Berehala ikasi nuen zergatik: ezustean lankide batek handik hanka egin behar genuela ohartarazi zidan. Zirudienez, bertako batzuk epai betekin nolabaiteko desadostasuna adierazteko epaitegia harrikatu behar zuten. Esan eta egin. Harrikatzea ohi bezala burutu zen eta segidan epaitegiaren zereginak naturaltasun osoz berrabiarazi ziren. Hori baitzen usadioa: edozein injustizia zantzuren aurrean, kaltetutakoek (taxista, nekazari zein langile), epaitegiak bahitu edo harrikatzen zituzten, egunaren arabera. Hori zen Oaxacan justizia presionatzeko erabiltzen ziren moduetako bat.
Baina hori Oaxaca zen. Herri garatuenetan, ordea, matxinada ez dugu ekimen pribatuaren esku uzten. Ez, jauna. Euskal Herrian, esaterako, iraultza publifikatu dugu. Horrenbestez, epaitegiak hartzera ez dugu edonor bidaltzen. Ez. Hemen altxamenduaren lehen lerrora alkateak bidaltzen ditugu.
Hori gertatu da Euskararen inguruan Espainiako Konstituzio Auzitegiak emandako azken epaiaren harira. Epai bidez, Konstituzio Auzitegiak udalek euskara hutsean jarduteko zuten aukera ezeztatu zuen. Horren aurka, Kontseiluak manifestaziora deitu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Bada, txangora, Euskalgintzaren figura nagusiekin batera, EH Bilduko eta EAJko alkate dezente apuntatu ziren. Euskara aitzakia, makila hartu eta epaileak presionatuz agintaldiari hasiera eman zioten. Eta bilbotarrak enteratu ere ez. Baten batek, horrenbeste palu ikusita, Santa Ageda bezpera aurreratu zelakoan ekitaldia bukatu eta «Ieup!» bat bota zuen.
Hauteskunde garaia zenez, bertaratutako alkateen artean denetarik zegoen. Badakit. Euskaltzaleak eta selfiezaleak baita ere. Baziren, alkate izendatu bezain pronto bere soldata igotzea proposatu eta onetsi ondoren, jarraian botere judizialaren aurka egitera apuntatu zirenak. Dena egiteko gai dira hauek: legislatu, betearazi eta epaitu. Uzten badiete, batzuk meza emateko ere kapaz dira.
Alegia, kontua ez da euskararen epaiaren alde edo kontra gauden. Kasu honetan, nire ustez, aipagarriena horren kontra alkateak aritzea da. Udal esparruan, alkateek botere legegilean esku hartze esanguratsua baitute (Udalbatzaren buru izateaz gain, bozkatzeko eskubidea dute). Hori gutxi balitz bezala, euren esparruan botere betearazlearen buru dira eta polizia zuzentzen dute. Beraz, botere kontzentrazio horren aurrean, espero daitekeen minimoa botere judiziala ez presionatzea litzateke. Horren sinplea. Gaia edozein izanda ere. Botere legegile eta betearazlearen ahalmenak batzen direnean ezin da botere judizialaren kontra egin. Inolaz ere. Ezin da. Bestela, oharkabean, kortijoaren jauntxo ahalguztidunak bilakatuko zaizkigu gure alkateak. Eurak, errege absolutuaren erara, estatua balira bezala: L'État, c'est moi.
Bitxia da, gainera, alderdi batzuek gertakariei ematen dioten irakurketa bikoitza. Garaikidea izan den Ertzaintzaren protesten aurrean zenbaitek gogor salatu dute poliziek Eusko Legebiltzarraren aurrean manifestatzea. Zergatik, ordea? Alkateek —poliziaren buru izanik— protesta egin badezakete, ertzainek zergatik ez? Eta militarrek?
Guztira, alkateen «palukadaren» ondorioz ez da mundua bukatuko. Baina gertakaria alderdi politikoen lausotasun etiko eta estetikoaren isla mingarria da. Eredu izan beharrean, sarritan alderdiek sudur puntan jartzen zaiena egiten baitute, orokorrean res publica-ren eta politikan zintzoki ari direnen kalterako. Izan ere, alderdien jardunbide gutxiesgarriak normaltzat ematen ditugu jada: nepotismoa, adiskidekeria, gardentasun falta, moral bikoitza... Denak balio baitu. Argiago esanda: zer egiten dute alderdien zuzendaritzetan indar armatua erabili edo sustatu dutenek? Nolatan alderdikideen senide eta lagunak enpresa publiko eta administrazio postuetan lotsagabe enplegatzea?
Eta hortik gizarte «ez-lerrokatuaren» asperraldia eta mesfidantza. Guztiok garelako Estatua.