Urteko gastuei aurre egiteko diru arazoak dituela eta, Euskaltel Euskadi txirrindularitza talde profesionala desagertzeko zorian omen dago. Hori da, behintzat, egun hauetan hedabideei esker jakin duguna.
Kapitalismoak eragindako krisiaren ondorioak pairatzen ari garen honetan, gizarteko beste arlo guztiei bezala, kirol munduari ere gerrikoa estutzea eta bizirik irautea borrokatzea egokitu zaiola ematen du. Eta egoera larri honetan dago Euskal Herriak profesional mailan txirrindularitzan gaur egun duen talderik ezagunena eta bereziena.
Herri honen nortasuna eta identitatea munduan zehar zabaltzeko, aukera askotarikoak daude eta, zalantzarik gabe, horietako bat, eta garrantzitsua esango nuke, kirolaren bitartez da. Eta euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzen ez dugun bitartean, txirrindularitza kasuan behintzat ez dago zalantzarik, hutsune hori, talde gisa Euskaltel Euskadik betetzen du. Eta hori, Tourra Pirinioetara zein Alpeetara iristen denean antzematen da, euskal zaleen presentzia handia izateaz gain eredugarria ere badelako. Jean Voigt eta Ady Schleck horren erakusgarri dira, biak ala biak,jendaurrean hori adierazi dutelako; Voigtek 2011. urtean eta Schleckek joan den asteburuan.
Beraz, Euskaltel Euskadi taldeak ez luke, ez du desagertu behar, besteak beste, aipatu nortasuna eta identitateari lotuta, gure herri zahar honek nazioartean duen ikonoetako bat ere badelako. Eta zoritxarrez hain gutxi ditugunean, nazio ikuspegitik begiratuta behintzat, ez litzateke logikoa eta ulergarria dugun apur horietako bat desagertzen uztea.
Baina erantzukizun hori, ez dago taldearen esku soilik, herri honen nortasuna eta identitatearekin lotura duen heinean, guztion esku egon beharko luke, euskal erakunde eta instituzioetatik hasita.
Erraza izango ez den arren, espero dut euskal agintariek jakingo dutela egoeraren larritasunari aurre egiten eta Euskaltel-Euskadi taldea, niretzat Euskaltel-Euskal Herria zuzenago, besteak beste zazpi lurraldeetako txirrindulariak dituelako, orain arte bezala, lehiaketetan ikustea. Horrek, hainbeste aldiz aipatu dudan nortasuna eta identitateaz gain, Tourrean euskal zaleen gozamenerako ere balioko lukeelako.
Ea ba denon artean egoerari buelta emateko gai garen. Apaltasunean eta xumetasunean, orain arte bezala, gure babesa behintzat izango du.
Bide batez, mila esker Pirinioetan egon eta ESAITek antolatuta bizikleta martxan eta euskal festan parte hartu zenuten guztioi.
Ez luke, ez du desagertu behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu