Duela pare bat aste, Kataluniako hedabideen elkarte bateko zuzendariak aitortu zuen katalanezko egunkari, irrati eta telebistak inoizko audientzia kopururik altuenak lortzen ari direla hilabeteotan. Interneteko jarioari eusteko eta bisiten gorakadari eraginkortasunez eta kalitatez erantzuten jarraitu ahal izateko, zerbitzari berriak kontratatzera derrigortuta egon direla haietako asko. Kanpotik antzematen dena berretsi besterik ez zuen egin: interesa sekulakoa dela. Esan zuenez, tertulia politikoek, analisiek eta erreportajeek ia desagerrarazi edo bigarren mailan utzi dituzte aisialdiko programak eta sailkatugabeko notizia ugari, eta apur bat lainotu egin da azken finean gizartearen odol jarioaren tenperatura eta abiadura neurtzen duen egunerokotasunaren kontakizuna. Proces da notizia, Espainiako estatuaren egitura administratiboa irauli nahi duen olatu zibiko eta politikoak biltzen du interesa. Eta hori guztia hedabideak transmititzen ari dira minutuz minutu. Kataluniakoak, Espainiakoak, nazioartekoak. Baita gure ingurukoak ere.
Errelatoaren borrokaz hitz egin dute adituek. John Carlin kazetari ezagunak, esaterako, esan du Espainia partida hori galtzen ari dela. Urriaren 1eko irudi bortitzek kalte handia egin diotela, eta kosta egingo zaiola horri buelta ematea. Europako hedabideetan, behintzat, toki seinalatua hartzen ari da gaiarekin lotutako informazioa, Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan The Guardianen kaleratu duen iritzi artikulua lekuko. Londresen, Berlinen eta Parisen honezkero ez dute sinesten Kataluniakoa «Espainia barruko afera» denik. Europa adi dago. Europari ardura dio. Europa kezkatuta dago. Are gehiago atzoko egunaren ondotik.
Testuinguru honetan, informazioaren polarizazio esanguratsua gertatzen ari da. Gero eta lubaki handiagoa zabaltzen ari da mezuen artean. Baloraziozko kazetaritza zabarra egiten ari da baita garai batean erreferentziazkoak ziren hedabide batzuetan ere, helburua ez baita kontakizuna egin eta errealitatea intepretatzea, ezpada bestearen argudioak desmuntatzea. Kontraerasorako kazetaritza dei lekioke. Ezezkoaren kazetaritza, bestela.
Espainiako La Sexta telebista kateko zuzendariak aste honetan galdetu dio TV3ko zuzendariari, zuzenean elkarrizketatzen ari zelarik eta telebista kate publikoaren inpartzialtasunik ezaren inguruko komentario ugari tartean, ea independentista zen. Independentista izatea, alegia iritzi politikoa izatea, berez, kazetari ona izatea ezinezko egiten duen ezaugarria balitz bezala. Polarizazioaren eta kazetaritza erasokor horren isla argia da galdera bera.
Horregatik da garrantzitsua hedabide publikoen lana defenditzea. Defenditu behar da zerbitzu izaera hori, defenditu monopolio komunikatibo handien borroka dialektikoen ondoan kalitatezko informazioa eskaintzeko sortua den eta balore integratzaileak zabaltzeko eta bere egiteko konpromisoa legez hartua duen taldea. Defenditu behar da bere espazioa, komunikazioaren ekosistemaren funtsezko osagarri gisa. Are gehiago, Katalunia bizitzen ari den moduko testuinguru batean.
Horretaz berehala ohartu dira kazetariak, eta horregatik da esanguratsua Kataluniako irrati eta telebista publikoak jaso duen babesa, berau interbenitzeko Espainiako Gobernuak egin duen mehatxuaren aurrean. Espainiako TVE telebista publikoko langileek, esaterako, botere politikoaren esku hartzea salatu dute ohar baten bidez. «Hedabide publikoek herritarren zerbitzuan egon behar dute, ez inongo gobernuren zerbitzuan». Eta ñabardura garrantzitsua gaineratu dute: «Hedabide publiko guztiei eskatu behar zaie pluraltasuna; baita estatu-hedabideei ere». Frantziako kazetarien sindikatu nagusiak ere gogor jo du asmoaren kontra, eta prentsa askatasunaren aurkako «eraso zuzena» dela salatu du. Kataluniako irrati-telebista kate publikoaren langileak ere ez dira atera beraien lanpostuen defentsan, besteak beste ez dirudielako hori arriskuan dagoenik. Atera dira informatzeko eskubidea aldarrikatzeko eta kanpoko esku hartzea ez dutela onartzen garbi esateko. Esan dute ez dutela botere politikoaren injerentziarik nahi. Euskal Herrian ere ugari izan dira elkartasun keinuak, eta ostegun honetan kontzentrazioak egin dira hiriburuetan, euskal hedabideetako langileek deituta.
Hedabide baten epaile bakarra hartzaileak dira. Irakurleak, entzuleak eta ikusleak. TV3 da Katalunian gehien ikusten den katea, eta audientzia kopurua %40 igo da azken hilabeteotan. Informazioa jasotzeko unean, lau katalanetik batek telebista publikoa hautatzen du. Horregatik, kudeaketa txarra dauka aferak Espainiako Gobernuarentzat. Iritzi publikoak ez du onartuko horrelako hedabide bat isiltzea edo kontrolatu nahi izatea. Ez du onartuko leiho hori ixtea. Ezin du onartu.
Esku hartzeko asmoak oihartzun handia izan du. Dena dator berez Kataluniari izaera politikoa ukatzen dion 155. artikulu sonatuaren paketearen barruan, baina erraz esplika eta uler daiteke TV3, Catalunya Radio eta Informazioaren Agentzia Katalanaren gainean beste zuzendaritza bat jarri eta, beraz, komunikabide talde publikoaren jarduna baldintzatzeko proposatzen ari den bideak iritzi publikoan eragiten duen berehalako erreakzioa. Izen bat baitauka: zentsura.
Ez itxi leihoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu