Estitxu Elduaien.

Ez ikusiarena egin eta ikustea eragotzi nahi

2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Entzun, irakurri eta ikusi ditugu, asteotan, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ematen diren zerbitzu eskasaren inguruko hainbat salaketa. Entzun, irakurri eta ikusi, Gipuzkoako Aldundiaren ikuskaritza ofizial batean oinarrituta, Donostiako Txara I egoitzan adinekoak 16 orduz ohean eta jan gabe edukitzen zituztela, baita legeak agintzen duen beste erizain, mediku, psikologo, psikoterapeuta eta monitore ez dituztela ere. Entzun dugu ahaldun nagusia esaten zaintzaile bakoitzak bere gain bi egoiliar dituela, baina izan dira langile bakoitzak bere gain hamahiru adindu dituela baieztatu dutenak ere.

Entzun, irakurri eta ikusi ditugu, egoitzetako hainbat langile, aipatutakoa kasu isolatu bat baino askoz gehiago dela esaten, horrelakoak ohikoak direla eta adindu bakoitzari ez zaiola behar duen beste denbora eskaintzen, langile gutxi dituztela eta, ondorioz, ezin dituztela zainduak behar bezala zaindu. Entzun, irakurri eta ikusi ditugu egoitza horietan bizi diren pertsonak aurrez esandako guztia berresten. Eta entzun, irakurri eta ikusi dugu Erizainen Kolegioaren salaketa, Gipuzkoako egoitza hainbatetan titulazio egokirik gabeko profesionalak ari omen direlako kontratatzen.

Salaketa gogorrak dira, zalantzarik gabe. Baina, Gipuzkoako egoitzetako ereduaren arrakalaren larritasuna ikusarazten dute, dituen gabezia guztien handitasuna nabarmendu eta aldundiaren benetako esku-hartze zuzenaren ezinbestekotasuna mahaigaineratu. Aldundiaren ardurapean daude egoitza horiek, erakunde horrena da bertan bizi diren pertsonak behar bezala zaintzearen ardura, baina, oraingoz, entzungor egin eta salaketak ukatzera mugatu dira, langileak gutxiesteraino.

Arazoa onartu eta konpondu beharrean, aldundiak gezurtatu egin ditu salaketa horiek guztiak, Gipuzkoako egoitzetako zaintza eredugarria dela esan eta egungo sistema babestu beharreko altxorra dela behin eta berriz nabarmendu dute, hori bai.

Hala eta guztiz ere, aldundiak berak onartu berri du egungo zaintza eredua agortua dagoela eta bestelako eredu baten beharra badagoela. Pandemiak begi bistan utzi du egungo sistemak ez duela zaintza duina bermatzen, eta azkenean hori onartzen amaitu du aldundiak. Denbora luzez aurkakoa esan arren, orain ereduaren aldaketa beharrezkoa dela esaten hasi dira. Etorkizunera begirako trantsizioaren bidean ere sartu dira, gerora zer egingo duen iragartzen. Orainari heldu aurretik, etorkizunari heltzen.

Argi dago zaintza sistema ezin dela egun batetik bestera aldatu; aldaketa eta larritasuna ez dira bateragarriak. Baina bide hori adituekin ez ezik, egoiliarrekin, senideekin, langileekin, langileen ordezkariekin eta inplikatutako gainerako erakunde sozial eta publikoekin hitz eginda egin beharko da. Elkarlanean adostasunak bilatu.

Zaintzaren zati garrantzitsuenetakoa gutxietsita, arrakalak areagotu besterik ez dira egingo, ikaragarrizko zuloa bihurtzeraino; eta etorkizunerako promesak egin bai, baina oraintxe bertan erresidentzietan dauden arazoei bizkarra emanda, arrakala eta zulo horien sakonera handituko dira, etorkizuneko aldaketari gero eta zailtasun gehiago ezarriz.

Badirudi hainbatek errealitate hau ez duela entzun, irakurri eta ikusi nahi, edota, erakutsi nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.