Ibai Iztueta Azurmendi.

'Ez' identitateak

2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Zeresana ematen dute batzuetan hizkuntzek: Espainiako Kongresuan katalanez, galizieraz edota euskaraz ere egin litekeela, katalanen presioagatik Europan katalana ofizial izateko eskaera bideratu duela Espainiak, ez-dakit-nor neonazia dela ez-dakit-zer uste duelako...

Eta asoziazio kateak, nahi gabe, gure hizkuntzari buruzko azken-aurreko barne eztabaidara darama gogoa, alegia, Txibiteren gobernua dela-eta Nafarroan hizkuntza zonifikazioan aldaketak eskatzeko aski indar bazen ala ez. Jakina da kontua nola ebatzi den: indar falta iritzita, abertzaleek ez dute ez marra gorririk jarri ez ultimatumik bota.

Egia esan, erabaki probableena hori izan zitekeela ere nahiko argi zegoen, batez ere lehenago prentsa euskaltzalean zetorrena argudioz horniturik abisatzen zuen artikuluak irakur zitezkeelako. Kontsiderazio keinua da arrazoiak eskaintzea; eta, halere, halako larritasun bat, besterik ez bada ere, xehetasunengatik. Zera, harrigarri samarra arrazoibideen artean, jolasguraz-edo, irakurle euskaldunari Del Burgo ultraeskuindarraren oinordekoaren hitzak zuzendu izana.

Oker ez baldin banago, zonifikazioa gainditzeko, bataila kulturalean oinarrituriko estrategia bat planteatzen zen arrazoibide honetan, eta Jaime Ignacio del Burgoren ondorengo hitzok aipatzen ziren: «Zona euskaldunen hedadura egin liteke zabaldu nahiz txikitu. Gakoa gizartearen eskaera da: elebitasuna zabaldu liteke gainontzeko eremuetara ere gizarteak hala eskatuz gero. Nafar herriak libreki hala erabakiz gero, Nafarroa osoa ere izan liteke euskaldun». Eta, bai, ulertzen da estrategiaren muina. Eta gauza ona da arerio politikoaren inteligentzia aintzakotzat hartzea. Baina, aizu, arerio politikoek ez dute egiazki pentsatzen dutena esaten, zuk entzutea nahi dutena baizik. Hobe printzipio horretaz akordatzea, ezta?

Izan ere, Del Burgok ederki asko daki Foru Legeak bere horretan —eta alderdi espainolistek gobernuan— jarraitzen duen bitartean nekez izango dela horrelako aldaketarik. Gaur egun, ikasleen %52 dabiltza Nafarroan euskararik existitzen ez den G ereduan: etorkizunerako kapital kultural eta politiko sendoa alderdi espainolistentzat. Arrazoiak, hainbat. Hemen, proposatuko nuke Foru Legean kategorizazioetarako erabiltzen diren izendapenei erreparatzea.

Euskararen Foru Legea idazterakoan lurraldea zatitzeko izendapen hauek sortu ziren: 1) zonavascofona; 2) zona mixta; eta 3) zona no vascofona. Zorrotz jarrita, testu ofizialetan erabiltzeko terminologia doiagoa zatekeen beste hau: 1) zona vascofona; 2) zona mixta; 3) zona castellana edo hispanohablante; eta, zorrotzagoxe jarrita, berriz, are doiagoa beste hau:1) zona bilingüe; 2) zona mixta;3) zona monolingüe. Halere, errealitatea gehien disimulatzen duena daukagu. Zergatik?

Baten batek, agian, termino hiruki honek euskararen aurka egiteko oinarri diskurtsibo-performatiboak jartzeko balio zuela antzemango ziolako. Nafarroan, zona vascofona vs zona castellana kontraposizioa ez lihoakeeuskararen aurka; eta zona bilingüe vs zona monolingüe ere ez, noski. Baina zona vascofona vs zona no vascofona bikotea bai, eta euskararen kontra eta espainolaren alde egiteko balio izan du.

Ez identitate bat, hau da, ukaziotik bizi den identitate bat elikatzeko markoa ezarri du kategoria banaketa honek. Vascofono-ari aurre eginez No vascofono izendapen kategorikoa asmatzearekin batera, identitate bat gutxitasunarekin markatu da, jarraian haren ukaziotik jaiotzen den gehiengoaren beste identitate berri bati era emateko. Vascofono hitza—alegia, vasco— Nafarroako eskualde mugatu bateko gutxiengo baten identitate gisa markatu, horrela identitate haren ukazio eta osagarri gisa eraikiko den markarik gabeko identitate berri bat sustatzeko. Identitate berri hau —No vascofono— hizkuntza espainolaren erabilerak kapitalizatu du eta, identitate negatibo bat denez, izen propiorik gabekoa, hutsunea betetzeko nafar izendapen orokorraz jabetu da, normalitateaz alegia.

Ederra nabarrismoaren jokaldia: identitate nafarra eta euskararen ukoa batera doazela saltzea lortu du.

Euskararen Foru Legeko araudiak adinako eragina du araudia antolatu eta formulatzeko erabiltzen den terminologiak, hain zuzen ere, terminologia hori praktikan jartzeak berak politika batzuk errazten eta beste batzuk zailtzen dituelako. Azken batean, bataila kulturaletan hainbesteko kaltea eragiten ari den Euskadi vs Nafarroa edota valentziera vs katalanera kontrakotasunen antzeko mekanismo izugarri soil eta efikaz baten aurrean gaude. Pentsa, prentsa euskaltzaleak eremu euskaldun / eremu misto / eremu ez-euskaldun terminoak naturaltasunez erabiltzen dituenean identifikazio marko hauek indartu baino ez ditu egiten.

Euskararen normalizazioaren aldeko estrategia aldaketa sozialean eta hegemonian ardaztu behar dela esan da. Errealitatea izendatzeko aipatu dugun terminologia hau eraitsi eta alternatibak planteatu ezean, dezente zailagoa izango da, ordea. Arraza, genero, sexualitate, jatorri diskriminazioarekiko sentiberatasun handiagoa daukagun garaiotan, ikasi dugu hizkera eta izendapen zaharrak ere auzitan jarri beharra dagoela baldin eta berdintasunean eta eskubideetan aurrera egingo bada. Euskararen Foru Legeko arauetan eta legeetan aldaketak eragiteko, oraingoz indar harremanik ez da izango ziur asko, baina esango nuke Foru Legeko bestearen ukazioan eraikitako identitatea aldarrikatzen duten izendapenei alternatibak bilatzeko badela bai testuingururik, bai talenturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.