Ez gaude denok ordezkaturik

Euskara irakaslea
2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Oraino ez dakigu noiz desegingo duen Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarra, baina jadanik alderdi denek ipini dute martxan makineria elektorala. Ajuria Enearako bidean diren koalizio eta alderdi nagusiak (EAJ, EH Bildu, PSE, Podemos, Sumar eta PP) asteburuero hasi dira ekitaldi eta topaketa politiko handiak prestatzen, auskalo noiz izango diren bozei so, eurentzat dagoeneko hasi baita hauteskundeen aurreko prestaketa-tartea.

Lehenbiziko aldiz, badirudi oraindaino oposizioko lehen talde izan dena, EH Bildu, taula politikoa irauli eta bozetan bentzutzaile gertatzetik inoiz baino hurbilago dagoela. Ez da harritzekoa: Sortuk, Alternatibak eta EAren hondarrek osaturiko koalizio ezkertiarrak lortu du bitariko gobernu berde-gorriaren (badaezpada, EAJ-PSE koalizioaren) politikek pizturiko haserre bizia kapitalizatzea, eta hori dela medio, hauteskunde-gauean beste hautagaitza guztien aurretik geldituko dela aurreikusten dute politologo, soziologo zein inkesta-etxe frankok.

Oposizioko beste talde batek ere, Elkarrekinek, egungo Jaurlaritza «jel-sozialistaren» antitesi gisa aldarrikatu nahi izan du bere burua, baina ez zaio ezker abertzaleari bezain ongi joan; izan ere, estatuko ezkerraren baitan sortutako ausiabartzek sinesgarritasuna kendu diote Elkarrekin markari eta hura erabiltzen duten partiduei. Gainera, gaur-gaurkoz, aski dute Podemosen eta Sumarren arteko ahakarrak baretzen entseatzearekin, eta, zantzu guztien arabera, Podemosen bizirauteko esfortzua alimalekoa izan arren, Sumarren estokada zitalek eta aprobetxategi-estrategiek alderdi morea behin betiko hondoratzen bukatuko dute.

Ez da Podemos defendatzearren (nik jada alderditik hanka egitea erabaki nuen, hizkuntza-politikarekin batere ados ez nengoelako), baina egia da Sumarrek indar politiko morearen espazioa baliatu duela ezarian-ezarian bere proiektuaren zimenduak eraikiz joateko. Eta hala jazo da atzenean. Yolanda Díaz eta bere euskal akolito nagusi Lander Martínezen plana aurreikusirikoaren arabera ari da ateratzen, ezbairik gabe. Bizkarroi politikoak beti existitu dira, begira bestela nola erabili izan duten EAJk nahiz Sortuk Eusko Alkartasunaren azpiegitura eta giza baliabideak emaitza hobeak jadesteko.

Agertokia hori izanik, estatuko ezkertiarren arteko debadio sutsuek bide eman diote EH Bilduri EAEko ezker politikoaren espazioan hegemonia zailtasun handirik gabe erdiesteko. Horri gehitzen badiogu lau urte eta erdiren ostean ezker independentistak Iruñeko alkatetza berreskuratu duela, Cristina Ibarrola UPNko kidearen kaltetan, memento honetan koalizio ezkertiarreko buruak bolanderak botatzeko moduan daude. Hain nabaria izan da EH Bilduren podemizazio-prozesua, ezen, eurentzat egoera ezin gozoagoa dela eta koalizioaren kolkoan sumatzen den euforia-giroa aintzat hartuta, ez gintuzkeen batere harrituko Pello Otxandianoren argazkiarekin batera honako eslogana ipintzea: zerua hartzera goaz.

Ezkerrean bi aukera horiek daude orain (PSE ezkerrekoa dela esateari irrigarria deritzot): Sumar, Podemos eta enparauak (IU, Equo eta bestelakoak), guretzako politikak Madrilen erabakiko dituztenak, eta EH Bildu, hemengoa, baina ororen alderdi izateko sekulako ahaleginak eginda ere gutako asko ordezkatzen ez gaituena. Entzun diot inoiz EH Blduko baten bati «hemen ez dago denontzako espaziorik» txit ospetsua, «beste alderdi baten beharra dugu» baieztapenari emaniko erantzun gisa.

Logikoa, ezta? Hartan ere, beste partidurik agertuz gero, beren kalterako izango litzateke eta. Bada, alderdi berriak behar ditugu, eta horixe da, preseski, hemen erreibindikatu nahi dudana: falta den alderdi ezkertiar, euskaltzale eta erregionalista, Ezker Abertzalearekin zerikusirik ez lukeena, sozialismo demokratikoaren eta aurrerazaletasunaren bidetik aitzina egitera engaiatua, eta, batez ere, euskara, gure mintzaira, hipokrisiarik gabe jagon eta enparatuko duena. Momentuz, ez dago horrelakorik, baina beharbada norbait hasi beharko da gutxinaka-gutxinaka haren oinarriak asentatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.