Iñaki Antiguedad Auzmendi.

Ez gara hain onak benetan

2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Orain gutxi, kulturaz gogoeta egiteko erronka hartu nuen, jakin-minez. Izan ere, sarri erabilitako berba dut, kultura, hizkeraren komodina, baina inoiz paratu gabe pentsatzen benetan zer adierazten duen. Eta inportantea deritzot hitzak edukiei lotzeari, berbetan ari garela komunikazioa errazteko. Hiztegia argitu beharra dugu, kontzeptuak balioan jarriz, pentsaera bera argitzeko. Ez dadin gertatu, hala da askotan, hitz berak erabiltzen ditugula gauza desberdinak adierazteko.

Zeharkako pentsamendua, berritzaile eta sortzailea, ohiko mugarteak gainditzen dituena, ezinbestekoa da, are gehiago bestelako mundua, ingurukotik hasita, posible ikusten dugunontzat. Pentsamolde bakarra ez inoiz, ez inon, ezkerrean ere ez. Pentsamendu bizia, arnasbidea, eraldaketa soziopolitikorako behar diren trantsizioak elikatzeko baldintzen sortzailea.

Harira, zer da Kultura? Badakit zer ez den. Nire eguneroko egunkari bietan izenburu horrekin ageri diren orrietakoaz nago. Hori ez da kultura osoa; parte bada ere, mugatua eta mugatzailea delakoan nago. Politika ez da ageri egunkariotan orrien izenburu, zeharkako hartzen baita; zergatik Kultura bai? Ez ote zeharkakoa? Denbora dezente ematen dut, han-hemenka, ur-kultura berriaz mintzatzen, lurralde-kultura berria zabaltzen, politika-kultura berrituaz gogoeta egiten... indarra ura, lurraldea edota politika sentitu eta ekiteko bestelako moduetan jartzen, adarretatik joaten, kultura den enborrari berari larregi erreparatu barik. Hona erronka!

Deigarri egiten zait inguruko hizkuntza batzuetan culture hitza erabiltzea adiera bitan, kultura eta laborantza adierazteko. Ez da harritzekoa; hortxe da, hizkuntza gehiagoan ere, Agriculture. Sarri uste izan dut, irakurketa bakarreko progresoaren sindromea sartu zitzaigunetik, gerokoa den irakurketa lausoko innobazioaren sindromea gehituta, eta zehaztugabeko garapen iraunkorrarenaz lagunduta (adimentsu izatearen sindromearekin batera, betiere), galdu egin dugula agro-kulturaren esanahia, Euskal Herrian behintzat egunean bizpahiru bider jan arren. Gure kultura elikatu behar dugun seinale! Euskal Herria esan dut, bai, beste batzuek Euskal Hiria nahiago arren; azken batez, herria, lurraldea, eta kultura bera ulertzeko modu oso diferentea adierazten dute batak eta besteak.

Hortaz, kultura neurtzeko modurik balego, eta ez dakit dagoen, geure inguruko laborantzarekin dugun hartu-emana barne hartu beharko lukeelakoan nago. Hola ez bada, ez dut uste kulturaz ari garenik. Laborantza den agro-kulturak lurra lantzeko eta, hortik haratago, lurraldekoa antolatzeko ezagutza adierazten badu, bizi garen sistema soziala landu eta hobetzeko, eta gure ingurunearekin zentzuz uztartzeko modua adierazi beharko luke kulturak.

Saretik nabigatzen ibili naiz, argitu nahian. Irakurri egin dut kultura «ehun soziala» dela, jendarte baten adierazpide guztiak bildu eta ehuntzen dituena: jakintza, esperientziak, sinesmenak, balioak, portaerak, eskubideak, botere-harremanak, sorkuntza, erronkak, jokabide-arauak, erabakiak, antolatzeko moduak, hartu-eman espazialak, ondare ukigaia eta ukiezina... hots, dena da kultura. Baina kultura den hori guztia lurralde zehatz batean kudeatzeko, gaitasunaz gain, erabakitzeko ahalmena behar denez, pentsatu behar dut dena dela soziopolitika; politikaren zentzurik zabalenean. Kultura politikoa!

Irakurri egin dut, beste nonbait, talde sozial batek bere ingurunearekin dituen hartu-emanen emaitza dela kultura. Hau honela, talde horrek ingurunea baliatzeko (bizilekuak, energia, ura, laborantza, paisaia...) moduak baldintzatuko luke kultura. Onartu beharra daukat ingurunea, lurraldea bera, barne hartzen duen edozein kultura-adierak akuilatu egiten nauela, positiboan, «baliatze» moduarenak kezka sortzen didan arren; ikustea baino ez dago ingurumenaren osasuna. Izan ere, ingurunearen narriadura ez dator soilik kontzientzia ekologikoaren faltan araugabea zen iragan hartatik, legedi handia duen garapen iraunkorreko garai honetatik ere badator; progresoa progreso, iraunkortasuna hizkeraren komodina.

Gogoetak lehenengo ondorio batera ekarri nau: lurralde eskala desberdinetan gaur den hondamen sozio-ingurumenekoa (lekuko kutsadura-gertaeratik zabaleko klima aldaketara, kultura ulertzeko gaurko moduak oinarri dituen baliagaien agorpenetik pasatuta) sistema sozialak ingurunearekin zuzenean edo zeharrean dituen hartu-emanen emaitza bada, eta hala hartzen dut, jendarte horren kultura ezin da, inolaz ere, erreferente hartu, positiboan sikiera. Kultura hori, izatekotan, muga gabeko hazkundearen sindromea litzateke, ohartuan edo oharkabean geure eginda.

Kultura iraultzeak segitzen du beharra izaten, etorkizuna jasangarria egingo badugu. Horretarako gure kulturaren urriaz jabetzea da abiapuntua, eta eguneroko erabakietan dugun botereaz jabetzea bidea, ziabogak prestatzen joateko. Dauzkagun ardurei eutsi, ez saihestu. Gure esku dago. Kultura kultibatu behar da, lurrean betiere. Kultura begetatiboak ez du lurrik behar. Ez, ez gara hain onak benetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.