Beren buruan, ondasun edo eskubideetan ekintza edo egoera baten ondorio kaltegarriak jasaten dituzten pertsonak dira biktimak. Nire familia, beraz, biktima da. Estatuaren biktima. Hala ere, kostatzen zait nire familia biktima gisa ikustea, neure burua bertan kokatzea. Baina definizioa irakurrita hortxe gaude. Guardia Zibilaren eskuetan hil zen nire osaba, Mikel Zabalza. Torturapean hila.
Zergatik sentitzen dugu orduan ez dugula biktima sentitzeko eskubiderik? Bigarren mailako biktimatzat sailkatu izan dute nire familia zenbait hedabidetan. Bestelakoak izeneko kategorian sartzeko ezaugarriak betetzen omen ditugu. Baina zeren bestelakoak gara? Ez al da nire familiak sufritu duen mina beste edozein biktimarena bezalakoa? Esanen nuke berdinak direla, aldeek, gatazkak dituen alde anitzek, ez dutela garrantzirik izan behar horretan. Kategoriak sortuz hierarkizazioa eta dikotomia elikatu du estatuak, memoria eta biktimak bere mesedetara erabiltzeko. Biktima zenbaiti beste batzuei baino garrantzi gehiago ematen diete, besteak zokoratu eta ahaztuz.
Baina memoria dugu, egia aldarrikatzeko eta aitorpena eskatzeko. Memoria dugu, eta badakigu 30 urte hauetan, isiltasun eta gezurrekin, zenbait alderdi politikok eta Guardia Zibilak agerikoa den egia ezkutatu dutela. 1985eko azaroaren 6an, martxan jarri zituzten, berriz ere, herria kontrolpean edukitzeko tresnak. Tresna politikoak. Pertsona bat atxilotu, inkomunikatu eta torturatu zuten. Beste bat. Inpunitate osoz. Mikel Zabalza atxilotu, eta hogei egunera izan zuen familiak haren berri: hilik itzuli ziguten.
Baina izan zen hura agertu aurretik bukaera bortitz hori iragartzen zuenik. Guardia Zibilaren sindikatu klandestinoak Intxaurrondon hil zela esan zuen ohar baten bitartez. Jolasean ari ziren, baina. Orbaizetara guardia zibil zenbait gerturatu ziren-eta egun horietan, Iparraldean ikusi zutela esanez. Bazterrak nahasten, berriz ere.
Eta bihar ere jasoko dugu Orbaizetan haien bisita. Geroztik jolasean aritu dira. Mikelen kasua bi aldiz zabaldu dute, bi aldiz artxibatu; eta hamarnaka epaileren eskuetatik pasa da. GAL zela-eta PSOEren aurka egiten zutenean, esaterako, El Mundo egunkariari (eta, ondorioz, PPri) ikertzeko beharra sortu omen zitzaion, eta kasuaren inguruko informazioa argitaratu zuen. Bi pertsonaren arteko elkarrizketa bat azaldu zen momentu hartan. Grabaketan, Mikel Zabalza Intxaurrondon hil zela aitortzen zion batak besteari. Ez zen froga nahikoa izan, eta desestimatu zuten. Justizia nahi dut, baina ez horrelakoa, ez interes politiko alderdikarien menpekoa.
Bertsio bakar bat dago niretzat: torturapean hil zuten nire osaba. Eta ez dut hori isiltzeko asmorik. Eta nik bezala, 30 urte hauetan egia aldarrikatzen izan diren pertsona guztiek. Babesarengatik izan ez balitz, ez ginateke egun egoera honetan izango. Baina gertakizunak benetan argitu behar dira, eta ez gure kasuarenak bakarrik. Guztien egia jakin behar dugu, guztiak aitortu behar ditugu. Biktima gara denak, ez hain bestelakoak.
Ez gara hain bestelakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu