Ez Gallardonen abortuari

2013ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Esan dezakegu krisiarekin hamar urte egin dugula atzera.Atzera egin dugu hezkuntza libre, laiko eta doakoa izateko eskubideetan.

Atzera egin dugu pertsona guztientzako osasuna izateko eskubideetan.

Atzera egin dugu zementurik gabeko kosta bat izateko eskubideetan.

Baina zenbat eginaraziko digute atzera emakumeoi gure eskubideetan?

PPren arabera, zenbat egin beharko dugu atzera emakumeok erabakitzeko gure eskubideetan?

Esana dago emakumeok ari garela krisia gehien sufritzen, lanaren arloan, etxegabetzeetan, etxeko lanetan, eta gero eta gehiago seme-alabak eta bilobak zaintzean, amonei dagokienez. Baina badirudi gutxi dela, batzuentzat, gizartean emakumeok bizitza zaintzeko egiten dugun lana. Mendekotasunerako laguntzak kentzen dizkigute, berdintasunezko baimenak… Eta esaten dute lanik gabe gaudela.

Noizko erabakitzeko gure eskubidea? Zertarako balio izan dute emakumeok boterea eta autonomia pertsonala berreskuratzeko eta geure artean antolatzeko hamarkada hauek?

Nik uste nuen nire ekintzen erantzule nintzela, erabaki nezakeela, uste nuen nire gorputza nirea zela eta horren inguruan erabaki nezakeela!

Zergatik tematzen dira gizonezkoak emakumearen gorputzari buruzko legeak egiten?

Zergatik ez dituzte beren gorputzari buruzkoak egiten, edo are hobeto, zergatik ez dute hori kontrolatzen eta ez dira beren gorputzaren eta atal guztien erantzule egiten? Non daude gizonezkoen gorputzarentzako arau eta legeak?

Badirudi kontrol bat beharrezkoa dela gizonezkoak emakumeei buruz esatera eta, batez ere, erabakitzera irits daitezkeenari buruz. Abortuaren aurkako kanpaina honek guztiak ke laino bat dirudi geure arreta PPren krisiaren aurkako neurriek garamatzaten egoera prekariotik desbideratzeko. Herritarren oinarrizko eskubideak murrizteko erabilitako ke laino bat da, egoera ekonomikoa hobetzearekin zerikusirik ez duena. Ez sinestekoa da ustelkeriak jotako kidez osatutako alderdi batek emakumeoi moralari buruzko irakaspenak ematea. Moral bikoitz horrek ekarri zuen Gallardonek langile bat kalera botatzea haurdun egoteagatik, eta tribunal batek esan behar izan zion: «Hori ez da egiten».

Itxaropen bakarra daukat; tira, bi. Bat, emakumeok gai izatea basakeria hau geldiarazteko, ezetz esanez Gallardonek proposatzen duen abortuaren legearen erreformari, antolakuntza eta mugimendu sozialaren bidez. Eta beste itxaropena, luzera begirakoa, PPren lau urte hauek balio izan diezaguten begiak irekitzeko, haren X izpien argazkiak argi ikusteko, eta gai izan gaitezen PPk bultzatzen dituen balio atzerakoiak garbi bereizteko, norbaiti zalantzaren bat gelditzen bazaio, gehiengo absolutua lortzen duen azken aldia izan dadin.

Martxa honetan, aurki, eta uste baino lehenago, gizonezkoak haurdun geldituko dira, eta erabaki ahal izango dute zer-nolako seme-alabak eduki nahi dituzten, eta ea malformazioekin eduki nahi dituzten beren bizitza horiek zaintzen emateko. Uste dute giza ugalketa eztabaidaezina dela, eta, berez, azken 50 urteetan, hirukoiztu egin gara, eta lurraren gaitasunak bere mugak ditu. Baina, bien bitartean, ministro jauna, emakumeok pertsonak gara, pertsona arduratsuak, eta gure gorputzaren eta eduki nahi dugun ondorengoaren inguruan erabakitzeko eskubidea dugu; jakizu behingoz, Gallardon.

Mugarik Gabe-k, Euskal Herriko beste 23 kolektibo feminista eta sozialekin batera, Viena +20, Euskal Herria 2013. Emakumeen Eskubideen Auzitegia antolatu du lehen aldiz. Espainiako Estatuan egin da, lehenengoa egin zenetik hogei urte pasatu ondoren; Vienan egin zen lehenengoa. Epaimahaiari proposatutako hiru ardatzetatik, biolentzia, lana eta abortua, azken hori, abortua, erabaki argi eta sendoa izan da Espainiako Estatuarentzat, abortua delitu bihurtu nahi duen lege erreforma aurkeztu dela eta. Ia 300 emakumek eta gizon batzuek erakutsi dute eta salatu dute legeak ez direla bidezkoak emakumeentzat, ez Espainiako Estatuan, ez nazioartean; eskubideak gehiago direla gizonenak emakumeenak baino, eta gizonek ez dutela oraindik emakumeen bizitzeko eskubidearen eta gorputzarekiko errespetuaren alde egiten emakume gisa bizitza duin eta errespetagarri bat izateko behar dugun moduan eta irmotasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.