Albiste dira eraso matxistak. Albiste dira, gure aurkako biolentzia desnaturalizatzea lortu dugulako. Indarkeria sinbolikoa arrakalatzen ari garelako. Normala deitzen ziotena jada ez delako hainbeste.
Albiste dira eraso matxistak eta titularretan daude. Medio espainolista, pribatu eta arrazistetan, gizonek gizonentzat idatzitako notizietan.
Ez dago disputan albistea atera edo ez: garaipen feministen adierazle. Ez dago disputan esan ala ez, baina bai nola esan. Zein den kontakizuna, errelatoa. Zein den errealitatea, zein fikzioa. Medioak aparatu funtsezkoa baitira statu quo-ak hegemonia patriarkala finkatu dezan.
Kontatzen digute beldur izan behar dugula. Kontuz ibiltzeko. Ekiditeko leku eta pertsona ezezagunak, saihesteko desorduak. Badaezpada ere, etxeratze kolektiboetan egiteko bueltako bidea. Hartzeko ardura eraso ez diezaguten.
Izua erabiltzen dute gure bizitzak kontrolatu eta menderatzeko. Arriskua, diziplinatzeko. Erruduntasuna, erantzukizuna bandoz aldatzeko. Subjektu pasibo eta beldurti nahi gaituzte. Biolentzia eta autodefentsarako gaitasunik gabe.
Kontatzen digute haserrearen eta amorruaren kudeaketa pedagogikoa dela beti gure bidea eta patua. Antortxak ateratzea ez omen da zilegi, eta, bat-batean, gure erantzuna eraso bihurtzen da. Biktimak gizonak dira. Botere harremana irauli egin da eta patriarkatua ez da existitzen.
Arazoa ez da erradikalegiak garela, arazoa da mendekoak garela. Arazoa ez da gehiegitan salatzen dugula, arazoa da ez dugula salatzen. Kontua ez da haiek onar dezaten zein unetatik aurrera eraso gisa identifikatu eta erantzun daitekeen ekintza bat. Izan ere, botere diferentzia eta ondoriozko indarkeria beti dago. Kontua da zer onartzeko prest gauden eta zer ez; zer erantzuteko gaitasuna dugun eta zer ez.
Kontatzen digute bi gizon mota existitzen direla: erasotzaileak direnak, eta onak. Animaliak, eta gizatasuna dutenak. Zoroak, eta arrazionalak. Erasotzaileak ez omen dira asko, ez omen dira dotoreak, liderrak, jatorrak edo aberatsak. Ez omen ditugu ezagutzen, pelikuletan eta titularretan daude soilik. Gure bikotekidea, osaba, bizilaguna eta kuadrillakidea onak omen dira, errespetatzen duten errespetatu beharreko pertsonak.
Baina guk ondo dakigu ez dagoela erasotzaile isolaturik, gizonek gizonei biolentziaz jarduteko legitimazioa irekitzen dieten anaidiak baizik. Gizonek ez dute pentsatu behar nola lagundu eta birgizarteratu erasoa egin duen laguna, eraso hori nola legitimatu duten baino.
Kontatzen digute gizon onak direla poliziak ere, eta erasotzaileak atxilotzen dituztela. Gogoratzen gara protesta eta okupazioetan jasandako errepresioaz, bide judizialetan jasandako biolentziaz, salaketa uneetan mugimendu feministari ukatutako agentziaz.
Ordea, erasotzaile izatearena sistematikoa omen da gizon arrazializatuen kasuan. Bat-batean, haiek dira antortxak ateratzen dituztenak jada erreta dituztenak erretzeko. Jada baztertutakoak baztertzeko. Kriminalizatutakoak kriminalizatzeko gizon on zuriaren supremazismoa elikatuz. Gure aurkako biolentzia erabiltzera ausartuz arrazismoa indartzeko.
Errelato patriarkal eta arrazistei, salaketa feminista. Izuaren eta menderakuntzaren saiakerari, boteretze kolektiboa. Autodefentsa feminista banderatzat hartuz, azaroaren 25ean kalean elkartuko gara. l