Nik ere izan nuen nahikoa gatazka neure buruarekin, datorrena euskaraz edo erdaraz idatzi beharko nukeen erabakitzeko. Baina zergatik jarri behar dut mahai gainean hizkuntza batean edo bestean idazteko afera, esan nahi dudana esan behar dudan bakoitzean? Norengana iritsi nahi dudan? Hori da kontua?
Ez da zaila aitzakiaren bat aurkitzea egiten ditugunak justifikatzeko, eta are horiek egitera eraman gaituzten arrazoiak justifikatzeko; abilak gara horretan, eta askotan, esango nuke, guk geuk ere sinisten ditugu goxo-goxo ondutako gezurtxoak. Baina ez gaitezen engaina. Ez dezagun geure burua zuritu edo, behintzat, ez ditzagun geure gezurrak irentsi.
Zeresana eman du, azken asteetan, euskalgintzaren munduko kargudun batek hartutako erabakiak. Hizkuntzaren hautuaz ari naiz, jakina. Egunkari honetan egindako elkarrizketan, proiekzioa aipatu du, horren zergatia galdetu zaiolarik. Ez da arrazoi hori erabiltzen lehena, eta ez da azkena izango.
Eragin duen zalapartak bultzatuta-edo azalpena eman duenean esandakoak eman dit niri, ordea, zer pentsatua. Bere karguaren ardurak eskatzen duen koherentzia eta konpromisoa norbanako gisa duen erabakitze-askatasunarekin ez nahasteko eskatu du, nolabait. Hau da, ez dutela zerikusirik pertsonak eta karguak; bi gauza erabat bereizgarriak direla, alegia. Neurri batean, ados. Nor naiz ni bestea hizkuntza honetan edo hartan idaztera derrigortzeko edo haren erabaki pertsonal eta erabat askeak epaitzeko? Ez da hori nire helburua. Baina, lehen esan dudan moduan, ez gaitezen engaina, mesedez.
Euskara ez da lehentasuna, ez da gizartearen lehentasuna. Denok dakigu hori. Onartu nahi dugun edo ez ikusiarena egin nahi dugun, beste kontu bat da.
Datu izugarria utzi digu, gure herrian, Soziolinguistika Klusterrak lau urtean behin egiten duen euskararen kaleko erabileraren azken ikerketak: 15-24 urte bitarteko gazteen %5,4k bakarrik darabilte euskara kalean; 2001ean erabilera %29,2koa zen adin-tarte horretan; azken-aurreko neurketan, 2017an, %17,9koa—euskararen ezagutza %60 ingurukoa da herrian—. Ni, zer nahi duzue esatea, ez nau batere harritzen.
Hizkuntzen erabilerari buruz gutxieneko ezagutza bat duenak badaki komunitate batek hizkuntza bat darabilela baldin eta beharra sentitzen badu, erabilgarri bazaio. Bestalde, haurrei buruzko hazkuntzan eta heziketan interesa duen edonor konturatuko da umeek imitazioz ikasten dituztela, batik bat, bizitzeko behar dituztenak. Lotura berez dator, eta hau ere badakigu: gure haur eta gazteek ez dute euskaraz egiten —eta normala da—, gizartea erdaraz bizi dela konturatzen direlako. Ez dira inozoak. Inbertituko dugu Hezkuntza Sisteman; diseinatuko ditugu ikasmaterial berritzaile eta abangoardistak; ospatuko ditugu nahi adina Euskaraldi. Eta zer lortuko dugu? Dirua zaborrera botatzea eta euskara zein euskal kultura parke-tematiko bilakatzea —horren zantzuak badira honezkero—.
Arazoa ez baitago hezkuntzan eta haurrengan (bakarrik): arazoa gizarte osoarena da, helduona (batez ere), eta hizkuntzaren erabilera-eremu guztietan ari gara hanka sartzen. Kontzienteki, gainera: guraso eta familiak, euskararen transmisioaren zama osoa ikastetxeen bizkar jarriz, beraiek haurren heziketan inolako ardurarik izango ez balute bezala; irakasle eta hezitzaileok, hizkuntza eta kultura alde batera utziz, euskararen eta herriaren errealitatea behar bezala ezagutzen eta irakasten ez ditugulako; komunikabideak, euskarari leku ez egiteagatik edo, okerragoa dena, euskara bigarren mailako edukiekin lotzeagatik, gehienetan folklorera mugatuz; eta agintariek, euren erabakiekin —euskarazko hedabideentzat bideratutako diru-laguntza lotsagarriak, ingelesaren zentzurik gabeko etengabeko erabilera, instituzioek euskaraz funtziona dezaten egiten duten ahalegin eskasa...— argi uzten dutelako ez dutela euskaraz biziko den gizarte bat eraiki nahi.
Etorkizuneko belaunaldientzako erreferente gara, eta gizarte osoaren ardura da hizkuntzaren erabilera eta transmisioa, gu guztiona. Egiten dugun orok du eragina, txikia bada ere, eta eragin horiek, onerako zein txarrerako, hil ala biziko bilakatzen dira hizkuntza gutxitu baten kasuan. Hori ulertzen ez badugu, jai dugu.
Norbanako aske gisa erdara hautatzen duenak, dena delakoa egiteko, eskubide osoa du, baina ez gaitzala engaina edo, areago, ez dezala bere burua engaina. Ondorengoei euskara ez dela behar ulertarazteko beste aletxo bat besterik ez da; beste aletxo bat gizarteak sortu duen utzikeriaren basamortu horretan, euskara itzulbiderik gabe sartu den basamortu horretan.
Horregatik erabaki nuen, finean, hau guztia euskaraz idaztea: proiekzio handirik eman nahi ez niolako, euskararen etorkizuna, benetan, euskaldunon esku bakarrik dagoelako. Ez gara horrenbeste.
Ez gaitezen engaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu