Ez G-7ari; bai eraldaketa sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoari

2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Urtero bezala, munduko zazpi herrialderik aberatsenetako gobernuak (Alemania, Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batua) bilduko dira beren politikak nazioarteko mailan koordinatzeko. Aurten Euskal Herrian bilduko dira, Miarritzen, abuztuaren 24tik 26ra.

G-7 delakoak urteroko bilkuretan duen helburua da mundu osoan eragingo duten neurri eta erabakien gaineko agenda ekonomiko-politikoa ezartze. Ildo horretatik orain arteko politika neoliberalak aplikatzen jarraituko dute, nahiz eta ekarritako ondorioetako bat desberdintasuna inoiz ez bezala handitzea izan. G-7 delako esparru horrek ez du inolako zilegitasun demokratikorik horretarako; hala ere, behin eta berriz saiatzen dira mundu osoa gidatzen, urteroko bilera horien bidez.

Arrazoi ugari ditugu G-7ari ezetz esateko. Izan ere, G-7ak, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Munduko Bankuarekin batera, korporazio-boterea sustatzen du, giza eskubideen, ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta ingurumenaren gainetik. Zerbitzu publikoak merkantilizazioaren eta pribatizazioaren bidetik bultzatu nahi ditu, eta, horretarako, merkataritza-itunak erabiltzen ditu (CETA —EBren eta Kanadaren artekoa—, JEFTA —Japoniaren eta EBren artekoa—, edo TTIP —Estatu Batuen eta EBren artean negoziatzen ari dena—).

Lanaren eta gizarte-politiken arloan, murrizketa-agendari eutsi nahi diote, prekaritatea herritarren enpleguetara eta bizimoduetara are gehiago hedatuz. Politika horiek, gainera, genero-lerratze nabaria dute, emakumeak diskriminatzen baitituzte, bai enpleguan, bai gizartean, bizitzaren iraupenerako funtsezkoa den zainketa-lana ezkutatuz eta baliogabetuz.

Eta zer esan migrazio-politikei buruz? Miarritzen bilduko diren gobernuek zuzeneko erantzukizuna dute pertsona migratzaileen eskubideen urraketan, dela Europan, dela Amerikan. Politika horiek lotsagarriak dira, eta guk aurre egiten diegu. Hala egin genuen, esate baterako, maiatzaren 5ean, Durangon, Herrien arteko Besarkadaren nazioarteko ekimenaren barruan.

Gainera, G-7ak eta gobernuek ez dute konpromiso zehatzik hartuko nazioarteko zientzia-komunitatearen deiari erantzuteko. Gure planetaren etorkizunerako mehatxu den klima-krisia onbideratzeko,behar-beharrezkoa da politiketan erabateko eta berehalako aldaketak egitea, hala diote behintzat mundu osoko zientzialariek.

Aipatu beharrekoak dira, halaber, horrelako gailurren inguruan ezarri ohi diren errepresio-politikak. Bilkura hori halako uharte batean bezala egin nahi dute, inguruko mundutik aparte. Horregatik debekatu dituzte manifestazioak egun horietan, eta baita aurreko asteetan ere. Horretan agintekeriaren eta lerratze antidemokratikoaren adibide garbia dugu.

Horren aurrean, ELAk G-7aren gailurra gaitzesten du, eta bide batez gogoratzen du beharrezkoa dela ekonomian eraldaketa sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoa garatzea. Baina horretarako orain arte aplikatu diren politiketan erabateko aldaketa egin behar da, eta bizitzaren eta planetaren iraunkortasuna erdigunean jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.