Kazetaria

Ez, ez, ez eta ez

2025eko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pantxix Bidartek deitoratu du Luna Negran ez onartua izatea, baizik eta euskara hutsez ari dela. Eta Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak ohartarazi du euskaradunak %20 baizik ez garela, ororen buru, Luna Negraren alderdia hartzen balu bezala. Argi mintza gaiten: 25 urtez euskaradunen kopurua %26,4tarik %20,1etarat jautsi da. %24ko mustupilakoa!

Galde bat: Norbaitek zerbait antolatzen duelarik Luna Negran frantsesez, galdegiten diote euskaraz ere aritzea, euskaradunak %20,1 garelakotz? Non da berdintasun frantses famatu hura?

Euskararen alde borrokatzeko sortu baikenuen EKE duela 25 urte, EKEk borrokatu behar luke, ez frantsesak izan dezan bere lekua, baina euskarak ukan dezan denetan berea, gutienez %20,1. Beraz %20,1 euskaraz,ICI Pays Basque irratiaren programetan; %20,1, FR3telekatean; %20,1, Sud Ouest, La Semaine eta bistan dena Mediabask eta Enbata-n: harrigarri ere bada nola mende erdi honetan, xokoño bat baizik ez duen abertzaleen mintzairak bere burua abertzaleen itsasargitzat daukan astekarian! Eta EKE ixilik egonki!

%20,1 euskal film ere Iparraldeko zine geletan, %20,1 Baionako antzokian eta antzerkiak ematen dituzten toki guzietan. %20,1 Baiona eta gaineratiko bestetan; %20,1, euskal hau, euskal hura, euskal nik-dakita-zer deitzen diren elkarteetako zuzendaritza, bilkura eta paperetan. %20,1 Iparralde osoan!

Galde bat egin niezaioke EKEri. Hoin minbera baita frantsesaz, uste ote du euskararen mustupilakoa geldituko dela oraingo politikarekin? Ainitz egin eta egiten dugu: irrati, ikastola, murgiltze klase, klase elebidun, gau eskola eta beste direla lekuko. Baina urtean 12.100 frantximent sartzen baitira hemen, serioski uste duzue egin indar guziak kontuan harturik ere, gure ahal guziak metaturik ere, publiko ala pribatu, urtean 12.100 euskaldun berri egin ditzakegula? Gusta litzaidake EKEren arrapostua ikustea. Zein da EKEren programa, gaitz konkretu horri buru egiteko?

Bagira-k berriki egin galdeketari arrapostua egin diotenetan %66k euskara ongi zekielarik, arrapostua euskaraz eman dutenak %34 baizik ez dira. Militante euskaradunei frantsesaren hautua! Ez deus erratekorik horretaz EKEk. Oroitaraziko dut lehenagoko euskaltzale zaharren leloa zela: Euskara ez da hilen ez dakitenengatik, baina dakitenak ez direlakotz mintzatzen. Horra EKEk tai gabe errepikatu behar lukeena.

Etorkinen kontra ote naizen, Le Penen alde ote naizen galdetuko didate zenbaitek, 12.100 horiek aipatu ditudalakotz. Horrela ez dute ene funtsezko galdeari arrapostu ematerik! Ez naiz etorkinen kontra, ez! Joankinak ditut partida. Herrikoa-ren lehen akziodunetarik naiz. Herrikoa sortu genuen duela 45 urte, hemengo gazteak Ameriketarat edo Pariserat joanki, eta hemen geldi zitezen, lana herrian ukan zezaten. Estimatzen dut, beltz batek ere Afrikan, bere herrian, bizitzeko eta lan egiteko eskubidea daukala, berdin mexikar batek Mexikon.

Afrikako joankinak milaka itotzen dira Mediterraneoan, Mantxako itsasoan... ez delarik Bidasoan. Oraino Lampedusa aipu ere ez zelarik, izan nintzen Kanaria uharteetan. Hona zer erran zidan bolikostar batek: «Dirua milioika xahutzeko partez itsasontzi, hegazkin, helikoptero, soldadu eta polizia pagatzen, guri Europarako bidea hetsi nahiz, hobe zenukete diru bera xahutzea lantegiak sortzen gure herrietan! Ez gintezke joan». Gizagaixoa! Frantsesa doi-doia musuikatzen eta mukizu horrek gure jakintsu handiei erakutsi nahi zer egin beharko luketen! Zer pretentzionea!

Lana herrian lelopean sortu genuen beraz Herrikoa. Baina, gaur egun, sortze baino heriotza gehiago izanez hemen, ez da gehiago lanpostu berri beharrik. Langileak kanpotik etorrarazi behar ditugu. 12.100 urtean beraz.

Herrikoa, bere filosofiaren kontra ari da gaur egun. Bakoitzak bere herrian bizitzeko eskubidea zaintzeko sortua eta, urte oroz, beren herria uzterat bortxatzen ditu 12.100 joankin. Beren herrian bizitzeko eskubidea daukaten 12.100 joankin.
Gauza bera erran nezake hautetsi abertzaleez, eta haiek sortua duten Garapen Kontseiluaz. Ez ote da Garapen Kontseiluaren lana, lanpostuak sortzea? Baina norentzat? Sortzen ez diren euskaldunentzat? Zein da loriatuko ez den auzapeza, bere herrian lantegi bat sortzen ikusten duelarik? Horretarako, laborantzako lur zenbait sakrifikatuko baldin badu ere? Lurzaindiko akziodun izanik ere. Zein da bere herriko jendetzea emendatzen ikusteak loriatzen ez duen auzapez abertzalea, emendatze hori kanpotik etorri jendek eginik ere. Horientzat etxeak laborantzako lur zenbaitetan eraiki beharko baditu ere?

Denak negarrez ari dira kostaldeko bideen galkatzeaz, airearen kutsaduraz. Urtean 12.100 jende etorrarazten baldin baditugu, lurrak beharko dira laborantzari kendu, lan zelai eta egoitzak egiteko. Bai eta bide eta aparkalekuak, familia bakoitza bere beribilarekin (edo beribilekin) etorriko baita. Urtean zenbait mila beribil gehiago ariko dira tai gabe gure airea kutsatzen, gure bide eta aparkalekuak galkatzen.

Noren onetan politika hori? Ekonomiaren eta bankuen onetan. Trumpek bezala, hitzematen digute gero eta aberatsago izanen garela, gero eta gehiago irabaziko, gero eta gehiago xahutzeko… gero eta gehiago botatzeko. Gure ekonomiari urtean %2,5eko garapena beharrezkoa baitzaio.

Lur hau mugatua da. Ez gaitezke nihondik ere beti eta gorago joan. Ez ote dugu ikusten lurraren ontasunak agortzen ari garela? Ura eskasten ari da, airea gero eta kutsatuago, enara eta eliza txoriak desagertuak, erleak hiltzen ari. Alde bererat segitu behar dugu?

Gure haurrek eta haurren haurrek ez ote lukete, guk izan dugun bezala, osagarri onean den lur batetan bizitzeko eskubiderik?

Joankinez minbera baitzarete, galde bat. Maite omen dituzue... baina haietaz baliatzen zarete. Haurrak eskas zaizkigu eta hona non, Afrika zolan emazte batzuek haurrak sortzen dituzten, hazten, altxatzen, Jainkoak baizik ez daki zer baldintzatan. Lanerako on direlarik, oparitzen dizkigute, guri deus gosta gabe, lanerako prest, bidaia haien gain. Asma dezakezue Txina bere tresna modernoenak milaka oparitzen?

Ez, ez dut nahi / ez, ez, ez / ez holako zibilizaziorik (...)Horrela bizitzerik / ez dago munduan. Julen Lekuonak kantatzen zuen bezala.

Zer nahi dugu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.