Geroa Baiko foru parlamentariak eta Zizur Nagusiko alkatea

Ez, ez da gure dekretua

Pablo Azcona, María Solana eta Jon Gondán
2024ko irailaren 19a
05:00
Entzun

Nafarroako Gobernua tramitatzen ari den Merezimenduen Dekretua ez da gure dekretua. Horrela adierazi genuen duela egun gutxi Toki Araubideko Foru Batzordean. Ez, ez da gure dekretua, Geroa Baik, 103/2017 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Administraritza Publikoetan euskararen erabilera anbizio handiagoarekin arautzen zuen araudi bat bultzatu zuelako, gure lurraldearen aniztasunarekin eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideekin begirunetsuagoa zena. Tamalez, helegite ugari jarri zitzaizkion, horietako bat UGTrena; horrek Nafarroako Auzitegi Gorenaren epai ugari ekarri zituen 2019ko irailean, eta horietan dekretuaren zati handi bat legezkoa zela aitortzen bazen ere, horien artean plaza elebidunak edukitzeko administraritzaren zilegitasuna, dekretu horren funtsezko zati bat baliogabetzen zen, eremu mistorako merezimenduen balorazioa alegia, gure ustez zalantzazkoa den erabakia izanik hori eta Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Minoritarioen Europako Gutunaren aurkakoa erabat.

Horregatik, Maria Txibite buru duen Nafarroako Gobernua premiatu genuen Geroa Baitik, epai horiei helegitea aurkeztu ziezaien, baina alor horretan eskuduntza zuen departamentuak, PSNren esku zegoenak, helegitea aurkezteari uko egin zion eta administraritzara sartzeko eta bertako langileria hornitzeko merezimenduak arautzen dituen araudiaren baitan baliogabetutako aspektu hau sartzeko lanei ekin zioten: Merezimenduen Dekretua.

Garrantzitsua da azpimarratzea epaiek ez dutela zalantzan jartzen euskara merezimendu moduan baloratu daitekeenik edo herritarrekin harremana elebiduna izan daitekeenik, merezimenduen sistema bere osotasunean baizik, eta dekretu berria irizpide horretara egokitzen saiatzen da (atzerriko hizkuntzen balorazioan adibidez). Laburbilduz, epaiek ezarri zutena zera da; ezein aspektu ezin dela orokorrean meritatu, eta hortaz, lanpostuz lanpostu baloratu beharra dagoela, horiekin harreman zuzenik dagoen ala ez aztertuz.

2019. urtearen amaieran epaiak plazaratu zirenetik, egoera kritikoa da administraritzara sartzeko euskararen balorazioari dagokionez edo administraritzaren baitan lekualdatze lehiaketei dagokienez, Nafarroako toki gehienetan ez baita euskara kontuan hartzen. Zehazki, euskarak ez du punturik Eremu Ez-euskaldunean ez eta Mistoan dauden Nafarroako Gobernuko plazetan, eta bertan daude lanpostu gehienak, Iruñea eta Iruñerria bertan baitaude.

Merezimenduen Dekretuaren zirriborroak argi-ilun handiak dituela deritzogu. Egungo egoera kontuan izanik, orain tramitatzen ari den dekretuarekin euskara Eremu Mistoko lanpostu gehienetan berriro baloratzeko aukera egongo da, eta ez balorazio txikiagoarekin. Horregatik, euskara berriro ere baloratzen hasteko aukera egotea premiazkoa dela deritzogu, Eremu Mistoan gutxienez. Are gehiago kontuan izanik uneotan Europako Batasuneko hizkuntzak baloratzen direla eta gure hizkuntza propioa ez.

Hala ere, gure iritziz dekretuak bi defizit (demokratiko) garrantzitsu ditu. Lehena, Eremu Ez-euskaldunean ez dela lanpostu bakar batean ere euskara baloratuko, eta bai ordea beste atzerriko hizkuntzak, lanpostuarekin harremana badute. Gauza bera eskatzen dugu, gutxienez, euskararentzat. Kasu honetan, Arartekoaren txostenak eta Nafarroako Kontseiluaren irizpen bat badira, orduan kontseilari zen Remirez jaunak eskatua azken hori, eta horietan adierazten da Eremu Ez-euskaldunean euskara puntuatzea ez dela legez kontrakoa, hau da, hori egin daitekeela. Kasu honetan, PSN horren aurka agertu zen eta Eremu Mistoan dauden lanpostu gehienak zigortzen dituen egoera hau denboran luzatzen ari zela ikusirik, dekretu hau tramitatzen jarrai zedin baloratu genuen Geroa Baitik, baina betiere ohartaraziz neurri honek zonifikazioa finkatu egiten zuela, gu horren aurka erabat gaudela argi utzita.

Bestalde, administraritzako lanpostu guztietan gure hizkuntza propioaren ezagutza baloratzeko aukerarik ez izatea ez dugu ulertzen. Kasu honetan, dekretuaren idazketa arestian aipatutako epaiek baldintzatzen dute, euskaraz gain beste hizkuntzak ere orokorrean merezimendu moduan hartzea zalantzan jarriz.

Eremu Euskaldunari dagokionez, bertan euskarak gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizial izaera duenez, 2019ko epaiek 103/2017 Foru Dekretuaren edukia zehatz-mehatz errespetatu zuten. Beste arrazoi batzuen artean, horrexegatik ere eskatzen dugu Geroa Bain euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eta zonifikazio linguistikoa amaitzea. Zalantzarik gabe, koofizialtasunak lege estatus blindatuago bat ekarriko luke eta, hortaz, erakunde publikoek aurkez dezakegun edozein ekimenetarako segurtasun juridiko handiagoa ere.

Nafarroaren barne aniztasuna nolakoa den ongi dakigu, bai eta politika publikoak errealitate sozial eta linguistikora egokitzeko beharra dagoela ere, baina oso zaila da —ofizialtasun estatusik gabe— bultzatu ditzakegun lege neurriak segurtasun juridikorik gabeko partxe izatetik ez igarotzea, helegite eta epaiek atzera botatzeko aukera erraztasun handiz ager baitaiteke, aniztasun linguistikoarekin eta euskaldunon eskubideekin begirune gutxi dutenek aukera hori eskura edukiko baitute.

Geroa Bairen ustez, Merezimenduen Dekretuak 2019ko irailetik dugun egoera hein batean zuzentzen du, Eremu Mistoko lanpostu gehienetan euskara ez dela baloratzen alegia, eta egoera hori ez zen inoiz gertatu, ezta UPNren gobernuekin ere. Baina aurrera egiten jarraitzea beharrezkoa da, eta horregatik guztiagatik, euskara Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan baloratu dadila aldarrikatzen jarraituko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.