Ez dute bakerik nahi

Txetx Etxeberri
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Espainiar estatua berez gerrazalea da. Bere aurkariak menderatzeko mehatxua, beldurra, errepresioa edo espetxea beste biderik ez du irudikatzen. Bere pentsamoldean ez dira sartzen elkarrizketa, konbentzitzea, sedukzioa, proiektuen konfrontazio demokratikoa eta auziak hautetsontzietan erabakitzea. Ez eta irtenbide negoziatuak, akordioak eta baretze logikak ere. Bere etsaien aurka logika bakarra du: erabateko eta muturrerainoko enfrentamendua; areago, Espainia ikuspuntu militarretik indartsuago bada, amaia soilik izan daiteke arerioaren erabateko zapalkuntza eta umiliazioa. Halako batean gatazkak eten daitezke aldi baterako, borrokalaririk ez dagoelako, baina berriz ere piztuko dira errautsetatik, egunen batean. Irtenbide bidezko eta orokorrik ez dagoenean, arerioa zanpatu eta umiliatzen denean —ondo dakigu Versaillesko Itunetik hona— gorrotoa eta mendeku gogoa xaxatu besterik ez da egiten, sarri aurreko gatazketan baino gogorrago gainera.

Kataluniari gorazarre

Espainiar estatuak jokatu nahiko luke indartsuen den zelaian, hain zuzen armena edo biolentziarena. Aspaldidanik ari da saiatzen procés-a, zeina hasieratik guztiz demokratikoa eta erabat bortizkeriarik gabea izan den, jokaleku hartara bultzatzen. Orain arte ez du halakorik lortu, nahiz eta hor diren umiliazioak, 2005eko irailean Kataluniako parlamentuaren %90ek babestu zuten autonomia-estatutu proiektuaren cepillado sonatua, edota 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren debekua eta ondorengo errepresio basatia. Katalanen bortizkeriarik gabeko estrategia oso arrakastatsua izan da. Gogora dezagun 2006an iritzi inkestetan Kataluniako biztanleen %13 zirela independentziaren aldekoak; gaur egun %45 eta %50 bitartean dago portzentaje hori, nahiz eta hedabide nagusiak eta enpresarik handienak kontrakoak diren. Epealdi berean statu quo instituzionalaren aldekoak gutxiengo bilakatu dira. 2017ko urriaren 1eko errepresioa, lider nagusien espetxeratze edo erbesteratzearen ondoren, hiru ebidentzia egiaztatu dira: prozesu independentistak ez du urrats bat ere atzera egin, eta epe luzera begira dihardu. Ez du epe laburrean garaituko, eta estrategia epe ertainera erabaki behar du. Gehiengo oso zabala lortu behar du, errepublika independente baten alde katalanen %50etik gora izateraino, barnean eta nazioartean zilegitasuna irabazteko. Horretara iristeko, noski, bortizkeriarik gabeko estrategia hautatu behar da, eta arrakalak bilatu espainolisten eta statu quo-aren alde dauden sektoreetan.

Estrategia arrakastatsuari eutsi

Espainiar estatuak, 9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkielarik zazpi goi agintari katalanei (besteak beste, Kataluniako gobernuko lehendakariordea eta Parlamentuko lehendakaria) eta jendarte zibil independentistaren bi elkarte nagusien buruei, bortizkeriaren aldeko postura egin du. Eta lehenengo aldiz asmatu du, zati batean bederen. Argi dago independentista katalan gehien-gehienek Tsunami Democràtic plataformaren kontsignen arabera jokatu duela, bortizkeriarik gabe; plataforma hori bereziki eratu zen etorkizun ziren epaiei masen desobedientzia zibilaren bidez erantzuteko. Baina estreinakoz gutxiengo batek parte hartu du poliziarekin izan diren liskarretan. Ez da harritzekoa amorrua horrela lehertzea lider pazifisten zigor gogorrak injustizia absolutua ikusirik, edota espainiar indar polizialen eta Guardia Zibilaren errepresio basatiaren aurrean. Baina opari bat egin diete Estatuari, alderdirik zentralistenei eta komunikabiderik antikatalanenei, aspaldian izan nahi baitzituzten halako irudiak: horiekin sinesgarri izatea nahi dute betidanik faltsua izan den ekuazioa: «independentismo katalana = biolentzia edo terrorismoa». Madrilen helburua da nazioartean zilegitasuna irabazi eta independentismo katalanaren etengabeko gorakada, %55eko gehiengoak lortzeko bidean, geldiaraztea.

Espetxean diren lider katalanak ez dira tronpatu: «Demokratikoki garaitu behar dugu, gehiengo handiagoekin. Edukiontziak erretzea edonork egin dezake, baita geure aurka ere» (1); «Negar egin nuen kalean bortizkeria ikusi nuenean, ez epaiarengatik. Historian garaile izan dira desobedientzia zibil pazifistan oinarritutako mugimenduak, mugimendu biolentoak baino areago. Bortizkeria eza ez da soilik sinesmen bat; batez ere eraginkorra da»; (2) edota «Txalotu egin nahi ditut larunbatean bake-katea antolatu zuten ehunka pertsonak. Neu ordezkatzen naute, eta zentzua ematen diote nire espetxealdiari.» (3)

Independentista katalanek behin betiko garaipena lortuko badute, bortizkeriarik gabeko estrategia garaileari eusteko gaitasuna izan behar dute, gaur arte egin duten moduan, eta ez utzi gaina har dezan hortik desbideratzen saiatzen den espainiar estrategiak.

(1) Oriol Junqueras, Generalitateko lehendakariorde ohia.

(2) Carme Forcadell, Parlamentuko lehendakari ohia.

(3) Jordi Sanchez, Assemblea Nacional Catalanako lehendakari ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.