Irakaslea AEBetan

Ez dugu erraza izango

Izaskun Indakoetxea
2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Gogoeta bat egin nuen, zen mantendu nahi nuela esanez datorren bolada bortitz eta triste honetan. Ez da erraza izango, ordea. Orain dela gutxi, Donald Trumpek immigrazio agenteak eskoletara eta elizetara bidaliko dituela esan baitu. Eraikin horiek, lehen, santutegiak bezala ikusiak ziren, eta inor ez zen bertara hurbiltzen agiriak galdetzera. A ze txarra halako toki batean bizitzea, Ameriketako Estatu Batuetan, gizakien duintasuna paper bati lotuta dagoen tokian, pentsatu nuen.

Eta orduan oroitu nintzen Irundik Hendaiara joaterakoan ere agiriak galdetzen dituztela, etengabe, batez ere beltza bazara. Are gehiago, orain urte pare bat ikasi nuen dokumenturik gabeko norbait kotxean eramanez gero Bidasotik harago isun handia jasotzeko arriskua duzula. Izan ere, bi mutil gazte ezagutu nituen, muga inguruan galdezka, ea nola gurutzatu zezaketen Bidasoa eta Pariseraino iritsi. Ordura arte, nire azal zuriak ez zidan sekula galarazi Irunen autobusa hartu eta Hendaiaraino joatea, eta handik trenez Parisera. Hori dena erantzun nien, baina noski, beltza bazara, ez da gauza bera.

Horretan behintzat AEBak ezberdinak dira, AEBetan ezin baitu inork agiririk galdetu, ez poliziek ezta immigrazio agenteek ere. Norbaitek ilegala den zerbait egiten duenean, orduan bakarrik eskatu dezakete agiriren bat. Hala ere, lehengoan, Trumpek irabazi eta astebetera, eskola barrutiko nagusiak immigrazio agenteak ikastetxera baldin baletoz zer egin behar dugun argitu digu: agenteek ez dute sartzeko baimenik arakatze agindurik ez badute, denok isilik mantentzeko eskubidea dugu eta ikastetxeak ez du informaziorik emateko beharrik. Noizbait migra etorriz gero, nagusiak dio deitu diezaiogula bere bulegora, norbait bidaliko omen dutela.

Horrela ba, irakasle izanik, immigrazio legeei buruz ikasten hasi naiz. Nik ez nuen, ordea, hori dena ikasi nahi. Nik irakasle izan nahi nuen, irakurtzen eta idazten irakasten duten horietakoa, ez  immigrazio kontuak ikasi behar dituena.

Bart lagun batek esan dit Trumpen okerrena dela bere agintaldia bukatu aurretik hil egingo dela, eta orduan, J.D. Vance eta Elon Musk agintean geldituko direla. Horiek omen dira benetan maltzurrak direnak. Trumpek fama nahi baitu, besterik ez, baina beste biek ba omen dute plan gaizto bat. Trumpek boterea hartu zuen egunean haize hotza zebilen AEBetan, zenbait tokitan alertan zeuden tenperatura hotza zela eta. Espero dezagun ez dadila hori metafora bat izan. Mundua toki hotza bihurtzen ari denarena alegia.

Ziur aski, Trumpi etorkinak bost inporta gatzaizkio. Baliteke hau dena gure atentzioa distraitzeko suziriak izatea. Ziur aski, gu denak etorkinekiko politikari begira ari garen bitartean, horrelako testuak idazten ari garen bitartean, lagunekin hau dena eztabaidatzen ari garela, Trump eta bere gizontxo kuadrilla beraien poltsikoak benetan beteko dituzten planak ehuntzen ariko dira. Alegia, etorkinak, LGTBQ komunitatea, muga-zergak, klima eta abarrak panpinak dira, gure haserrea sortzen duten panpinak, eta artean, beraiek beste lege batzuk idatziko dituzte, beraien kontu korronteak aberasten dituzten legeak.

Orain dela aste pare bat Trumpek kripto-txanpon bat atera omen zuen, bueno, bi. Bat, nola ez, haren izena daramana, Trump coin, eta bestea, haren emaztearen izenarekin, Melania coin. Dirudienez, egun gutxitan izugarri igo omen da haien balioa. Eta gu, bitartean, munduari begira haserre. Saiatu gaitezen ba zen mantendu eta maratoi hau gainditzen, eskura ditugun tresnekin giza eskubideak defendatzeko. Maratoi mentalitatea behar baitugu amorruak ito ez gaitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.