Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen; Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako think tank neoliberal horrek euskal industriaren lehiakortasuna bultzatzeko errezeta magikoa aurkeztu zuen. Gizarte honen oparotasuna armen eta nuklearren gainean sustengatzea.
Arin atera zen Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, adimen goren horien ideiak txalokatzera. Elkarretaratze horretara hurbildu zirenentzat, Euskadi «autonomia estrategikoa» landu behar duen Europar Batasunaren giltzarri izango litzateke urtean 5.000 milioi euro segurtasun industrian eta nuklearretan inbertituko balitu. Parerik gabeko ideia, Gaza, Yemen zein Ukrainako sarraskietan hildako guztiak albo batera uzten badira edota 2007an Eusko Legebiltzarrak onartutako Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna gutxiesten bada.
Hurrengoko lerroetan Zedarriak-ek aurkeztutako proposamen higuingarriari begirada bat eman eta plazaratu daitezkeen galdera desberdinei erantzungo diegu. Nortzuk dira Zedarriak osatzen duten adimen enpresarialak?, zeintzuk dira euren negozioak?, zergatik EAJk eta PSEk osaturiko gobernuak ez du errespetatzen 2007ko abenduaren 28ko 14/2007 legea?
Proposamen anker bat
Jada badira sei Zedarriak presio taldeak aurkeztutako txostenak. Iskanbila sortu zuen lehen txosten hartatik, euskal ekonomiaren gainbehera salatu eta Urkulluren gobernuak irain bezala hartu zuenetik, talde elitistaren eta Lakuaren arteko harremana jarioa izatera igaro da. Irainduak sentitzetik txalotzera pasatu dira txosten horren aurkezpenera gerturatutako lehendakari ohia, egungo gobernuko sailbururen bat eta funerarioz jantzitako enpresari sorta.
Hileta-zerbitzuak ez ziren soilik mugatu dress code-ra Deustuko Unibertsitateko liburutegian ospatutako ekitaldi horretan. Zedarriak-ek proposatutako eredu ekonomiko oparoa hilketaren negozioa sustatzearena izan zen. Aurkeztutako txostenaren arabera, 5.000 milioi euroko inbertsioa behar da urtero 2025 eta 2030 artean EAEko industria eta ikerketa sektoreetan. Diru horren jatorria publiko-pribatua izango litzateke, horren %20 publikoa izanik. Zedarriak-en zuzendari Guillermo Dorronsorok ahoz esan bezala, defentsa industria eta energia nuklearra aukera paregabeak dira Euskadi puntako industriagune bihurtzeko. Dorronsorok helarazi zuen potentzien arteko talkak errentagarri egingo dituela arma industriako inbertsioak.
«Gizarte zibil» bezala definitzen den talde anarko-liberal horrek herritarronak diren Aurrekontu Orokorretatik urtean 1.000 milioi euro industria militarrean inbertitu nahi ditu. Aurrekontu Orokorretan beste partida batzuekin alderatuta, 2024an Etxebizitza eta Hiri Agenda sailean 424,4 milioi erabili ziren, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailean 563 milioi. Mikel Jauregi Industria sailburuak irribarretsu laudatu duen neurriak berekin ekarriko luke bertako ongizate sistema ahultzea eta gure mugetatik harago sufrimendua esportatzea.
Team Rocket-a
Nork osatzen dute Mikel Jauregik eta beste euskal erakundeen ordezkariek sumisioz txaloturiko enpresakide aparten elkartea? Zedarriak jatorri desberdinetako 15 kideren foro batez osaturik dago. Dorronsororen hitzak kontu, ez da harritzekoa haietariko batzuek defentsa industrian interesak izatea. Orokorrean enpresari horien aipatze soilak edozein langileren eskubide laboralak dardarka jarriko lituzke. Lobby horren izaera bera hori da eta, langileriaren esplotazioaren bitartez euren pribilegioak areagotzea. Betiko interesdunak euren betiko interesak defendatzen, oraingoan modernitatez bernizaturiko irudi berriarekin. Azeriak isatsa luze.
Euren web-orrian begirada arin bat botata, honako izen hauek ager daitezke: Ignacio Martin San Vicente, gudaren negozioan dauden Indra, Repsol, Acerinox eta Gamesan kontseilari izandakoa; Iñaki Lopez Gandasegi, Aernova Aerospacen presidente eta Gamesan aholkulari, eta Javier Ormazabal Echevarria, guda elektronikoan aditua den Velatia taldearen presidentea. Baina badago horien guztien gainetik azaltzen den izen bat: Zapateroren gobernuan Zientzia eta Berrikuntza ministro eta Satlantis enpresa militar puntakoaren fundatzailea izandako Cristina Garmendia Mendizabal. Aurrerago jarraituko dugu Satlantis enpresaren aurkezpenarekin. Lehenik, lotsaren zerrenda hau amaitzeko, azkeneko bi izen falta dira: Save The Children-eko presidentea eta ohorezko patroia ere bai baitaude, Pilar Kaltzada eta Maite de Aranzabal. Ankerkeriaren negozio hipokrita horretan denek dute bere zatia.
Talde makabro horrek proposatutako partaidetza publiko-pribatua ekiditeko, 2007ko Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna onartu zen Eusko Legebiltzarrean. 45.000 lagunek sinatutako herri ekimen legegilearen bitartez izapidetu zen lege hori. Horretan herri txirotuekiko laguntzak ezarri ziren, migratzaileen eskubide batzuk aitortu, eta defentsa industriari laguntza publikoak ematea debekatu zen. Lege horren 3.3. artikuluan honako hau adierazten da: «Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin».
Zoritxarrez, denetariko trikimailuz baliatuta, Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz bete izan lege hori. Egun, inolako lotsarik gabe ematen dizkiete diru-laguntzak industria militarrean ari diren enpresei. Eta hona lehen aipatutako Satlantis eta Cristina Garmendia. Satlantis euskal defentsa sektoreko puntako enpresa da. 2014an sortu zen, Garmendia ministeriotik atera eta hilabete gutxira. Hasierako kapitalizazioa parte-hartze publiko-pribatuari esker lortu zuten, inbertsiogile publikoen artean Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Orza. Orza, Elkarkidetza eta Geroa pentsio funts publikoen inbertsio-zorroa da. Satlantis horretan, Everis enpresa integratu zen, gerora NTT Data deitu dena. Enpresa horrek Israeli eta Saudi Arabiari armak saldu izana frogatua dago. Bigarren horri 2017an egindako mortero salmentak, NBEren eta Europako Parlamentuaren armen salmentaren kontrako ebazpenak gutxietsiz egin ziren.
Hori ez da izan 14/2007 legea urratu den aldi bakarra. 2022an Eusko Jaurlaritzak ITP Aero enpresaren %6 erosi zuen Urkullu jaunaren gobernupean. Enpresa horrek guda hegazkin eta helikopteroen motorrak ekoizten ditu Zamudioko Parke Teknologikoan. Erosketa hori Finantzen Euskal Institutuak kudeatutako Finkatuz funtsaren bitartez bideratu zen euskal industria babestearen argudiopean.
Zedarriak-ek proposatutako azken neurriak EAJk eta PSEk irekitako bideaz profitatu nahi dira. Haientzat ez dago legerik, etikarik edo moralik etekin enpresarialen pilaketa oztopatuko duenik.
Gerrari ez!
Zedarriak-en proposamen horiek ez dira berriak. Mendebaldeko herrialdeetatik kapitalak hauspotutako eskuin muturreko ahaideek urteak daramatzate horrelakoak proposatzen. Militarismoa, genozidioa, kolonialismoa eta hainbeste ankerkeria normalizatu egin dira. Euskal enpresariek arruntzat ikusten dute gudarekin negozioa egitea eta sufrimenduari etekina ateratzea. Ez die itxurak ardura, diruak soilik. Marko guztiei buelta emanda garapena armak saltzea bihurtu da, eta jasangarritasuna energia nuklearrean datza. Trumpen bigarren legealdiak ekarriko dituen aukeren aurrean jada ari dira lanean euskal familia armaginak, potentzia estatubatuarraren doktrina errealista berriak eman ditzakeen etekinen zain.
Alternatiba eta EH Bilduko militanteok korronte militarista horiek aurrez aurre salatu behar ditugu, ez dugu onartuko hiritarron dirua defentsa industrian inbertitzea. Ez dugu izan nahi Gazan, Yemenen, Ukrainan, Armenian, Sudanen, Sirian, Libian, Kongon eta munduko beste hainbeste lekutan egiten diren sarraskien parte. Ez ditugu sustengatu nahi Euskal Herrian ekoitzitako armek sustengatzen dituzten diktadura eta apartheidak, Marokon, Saudi Arabian, Israelen, Arabiar Emirerri Batuetan, Qatarren... Ez dugu konplize izan nahi. Mundu baketsuaren eraikuntza gure eguneroko ekintzetatik abiatzen da, oraingoan bakearen bidea oztopatzen Zedarriak eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ententea kokatu da, eta geuk salatu behar dugu.