Izan ere, hezkuntza-legediak ez du maiz atea jotzen Euskal Autonomia Erkidegoan: 30 urte igaro dira hezkuntza arloko lege-mailako azken arauditik, eta 40 urte irakaskuntzan euskararen erabilera arautu zenetik, hizkuntza-ereduak ezarrita. Erronka handia dugu aurrean, eta aukera paregabea gure hezkuntzan erabateko eraldaketa gauzatzeko, XXI. mendean bete-betean kokatuko gaituena, baina baita Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propioa lortzeko urrats esanguratsuak egiteko ere.
Arriskatzeko, probatzeko, hezkuntza-sistema berri bat asmatzeko garaia da. Ikastoletan egin genuen duela hamarkada batzuk, gure hastapenetan. Orain, arlo publikoaren definizio berria izango duen hezkuntza-sistema bat lortu nahi dugu, herri-ekimenak lekua izango duena. Lege honek eredu publikorako trantsizioaren oinarriak ezartzea behar dugu.
Horretarako, ezinbestekoa da Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko bat eratzea, dikotomia publiko-pribatua hautsi eta arlo publikoaren kontzeptu berri bati ateak irekiko dizkiona, komunitarioagoa, gizarte-ekonomian kokatutako eta zerbitzu publikoaren ezaugarriak bere egingo dituzten izaera sozial nabarmeneko zentroak, irabazi-asmorik gabekoak, barne hartuko dituena.
Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa aztertu ondoren, ezin dugu ukatu atsekabetuta gaudela. Badu alderdi positiboren bat, egia; Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera, doakotasunaren printzipioa eta helburuak, edo ikasleek DerrigorrezkoHezkuntza amaitzean eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak. Baina sentsazioa etsipenezkoa da. Zergatik?
Zirriborroak erakusten duenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartzen diren ikastetxeek ez dituztelako eskubide eta betebehar berberak izango. Beraz, dikotomia publiko-pribatua betikotzen da. Gainera, zirriborro horrek ikastolak ikusezin bihurtzen ditu. Ez gara identifikatzen «itunpeko ikastetxe pribatuen» definizioarekin. Gure izaera komunitarioa, kooperatiboa eta antolatzeko modua ez daude islatuta. Ikastolak sare propioa gara, izaera publiko desberdinarekin, sare bat gara Euskal Herri osoan.
Murgiltze eredua ere ez da jasotzen, ez ditu hizkuntza-ereduak ezabatzen eta euskara ere ez du ikastetxeetako komunikazio-hizkuntzatzat hartzen. Ez hori bakarrik, zirriborroak behin eta berriz aipatzen du esparru eleanitza, euskararen protagonismoa lausotuz. Eleaniztasuna bai, baina hezkuntza euskalduna aldarrikatzen dugu, euskara eta euskal kultura protagonista nagusi eta lehentasunezko elementu direla hezkuntza-proiektuan. Euskarak ezin du hizkuntza soil baten tratamendua jaso: herri baten, gure herriaren, kulturaren eta izaeraren oinarria da; eta argi daukagu horrela jaso behar dela. Euskal curriculuma ere ez du aipatzen, belaunaldiz belaunaldi euskal kulturaren transmisioa ziurtatzeko ezinbesteko beste elementu bat izan arren.
Euskal Herria ere ez da ageri. Euskal Autonomia Erkidegorako legea da, badakigu, baina egoera horrek ez du eragozten gaur egun indarrean dagoen Unibertsitate Legearen lehen bi artikuluak Euskal Herriari buruzkoak izatea. Ikastolentzat, Euskal Herria, euskararen herriaz gain, zerbait gehiago da, eta ez lurraldetasunaren ikuspegitik bakarrik, baita ikuspegi soziolinguistiko, kultural eta ekonomikotik ere. Ikastolok bi bide proposatzen ditugu: Euskal Herriko ikastetxeen arteko harreman- eta lankidetza-esparruak bultzatzea, eta horiei laguntzeko europar izaerako erakunde bat sortzea.
Irakaskuntzaren doakotasuna orokortzeak baliabide asko eskatuko du, eta horretarako, legeak prozedura eta gauzatzeko epeak jaso beharko lituzke, eta zirriborroak ez du halakorik egiten. Horregatik, eta irakaskuntzaren doakotasunarekin ados bagaude ere —eta gure asmoa da hori bermatzea—, epeak betetzen ez diren bitartean, eta behar diren ekarpenak egiten ez diren bitartean, ikastolok gure finantzaketa estaltzeko beharrezkoak diren kuotak mantendu beharko ditugu. Era berean, uste dugu udalen plangintza eta inplikazioa tresna eraginkorrak direla segregazioari aurre egiteko, baina zirriborroak ez du zehaztasun gehiagorik ematen.
Horregatik guztiagatik, adorea eta ausardia eskatzen diegu gobernuari eta alderdi politikoei. Aukera paregabe baten aurrean gaude, eta ez genuke une hau galdutako aukera bat gisa gogoratu behar hogei urte barru. Legearen lehen zirriborroarekin desengainua hartu dugun arren, ez dugu etsiko. Ikastolen mugimendu osoarekin kontrastatu ondoren, ekarpenak aurkeztuko ditugu, jarrera eraikitzailearekin eta adostasunarekin. Eta espero dugu onartuko den legea urrats esanguratsua eta eraldatzailea izatea Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko. Ez dezagun aukera hau alferrik galdu!
Ez dezagun aukera hau alferrik galdu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu