Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra atxilotu zuten Madrilen, 1981eko otsailaren 4an. Bederatzi egun inkomunikatuta igaro ondoren, Carabancheleko espetxe ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen, otsailaren 13ko eguerdian. Han aurkitzen ziren beste hiru preso politikoekin konpartitu zituen bere azken orduak. Arregi bere ziegan eserita topatu zuten, «fisikoki txikituta». Eskuak handituta eta begiak erabat belztuta zituela ikusita, komisarian jasandakoaz galdetu zioten. «Oso latza izan da», erantzun zuen. «Barratik zintzilikatu ninduten hainbat alditan oinetan kolpeak emanez, eta erre egin zizkidaten ez dakit zerekin; nire bular gainera salto egin zuten, makilakadak, ukabilkadak eta ostikadak nonahi».
Bere autopsia-txostenak gorputzean «indarkeria fisikoa» egiaztatzen zuen, eta herio arrazoia «prozesu bronkoneumatikoak eragindako arnas etetea» izan zela zioen. Bainera gisa ezagutzen den tortura metodoa pertsona bati burua ur zikinez betetako ontzi batean sartzean datza, zenbait minututan arnasa hartzea ekidinez. Torturatuari egoera hori jasangaitza bihurtzen zaio, eta ezin du ur zikin hori irenstea saihestu; hori gertatzean ura biriketaraino heltzen zaio, eta bronkoneumonia eragiten dio. Madrileko Giza Eskubideen Batzordearen arabera, 73 poliziak parte hartu zuten Joxe Arregiren galdeketetan, baina horietatik bi besterik ez ziren zigortuak izan; zazpi hilabeteko espetxe zigor lotsagarrira, gainera.
Joxe Arregiren hitz lazgarri haiek Euskal Memoriak publikatu berri duen liburuari izena eman diote. Hor, urte luzeetan ezkutatuta egon den errealitate batez hitz egiten du Arzuagak. Lehen pausoa emanda dago. Memoria berreskuratu beharra daukagu ahanzturan gera ez dadin, baina ez da nahikoa. Batzuek izan duten ardurari aurre egiten ez dioten bitartean, errealitateari buruz Euskal Herrian gertatu denaren inguruan zabaltzen duten kontaketa faltsua izango da. Baina akaso uste al dugu berez egingo dutela? Ezta pentsatu ere. Horretarako, lan handia egin behar dugu, sentsibilizazio eta kontzientziazio lan izugarria, gure beldurrei aurre egin eta beste batzuei mozorroa kendu.
Biktimez hainbeste hitz egiten den garai honetan, tortura jasan duten milaka pertsonen izenean ahotsa altxatzeko ordua da. Altu eta gogor, gainera. Ezin dugu biktimez hitz egin, tortura aipatu gabe, hitz deserosoegia izango da, agian... Horren ordez, «motibazio politikoko polizia gehiegikeria» terminoa aitortu digute. Nola ausartu daitezke? Torturari bere izenez esan behar zaio, terrorea sorrarazten du, bai, baina horixe bera da, hain justu ere, Estatu terrorismoa, ez eskua joan zaien zenbait poliziaren kapritxoa. Arduradunak ez dira polizia ero batzuk, arduradunak gobernuak, epaileak, estatuko polizia indarrak, auzi medikuak, kazetariak eta beste alde batera begiratu nahi izan dutenak izan dira. Makineria oso bat izan dute haien zerbitzura, eta guztiak izan dira horren parte.
Duela 32 urte herri oso bat kalera atera zen Joxeren erailketa gogor salatzeko. Hainbat mobilizazio eta bi greba orokor egin ziren. Elizak eta politikariek ere haien haserrea agertu zuten jendaurrean. Egun, su haietatik ez da inongo kerik ikusten; geroztik, beste sei lagunei kendu zieten bizia modurik gordinenean, torturapean. Eta tortura pairatu dutenak milaka eta milaka izan dira. Baina jakin dute hori ezkutatzen, eta ongi egin ere. Eta salatzera ausartu diren ahotsak isildu nahi izan dituzte. Egindako salaketei muzin egin diete, desprestigiatu nahi izan dituzte, ustezko manualak erabili izan dituzte, salatzaileak salatu dituzte, hori guztia gutxi batzuen asmakizuna izan dela sinetsaraziz. Horregatik, errealitate krudel hau argitara atera behar da, salatu beharra dago, egia osoa ezagutu beharra daukagu, benetako kontaketa egin dadin, oraindik irekita dauden zauriak sendatzen hasi ahal izateko. Gertatutakoa aitortu gabe ez da benetako bake bat izango.
Torturaz hitz egiten dugunean, ez dugu begirada urrunegi bota behar. Ez da duela 30 urte gertatzen zen ankerkeria, ez zen diktadurapean edo trantsizio garaian gertatzen bakarrik. Atzo arte gertatu da. Inkomunikazioa oso tresna eraginkorra izan da Entzutegi Nazionalaren intereserako, inkomunikazioaz eta torturaz baliatu dira informazioa eta autoinkulpazioak lortzeko eta, bide batez, beldurra zabaltzeko, herri oso bat desmobilizatu nahian. Hilaren 23an urtebete beteko da azken tortura salaketak ezagutu genituenetik, Euskal Herriak bizi duen tortura salaketarik gabeko lehenengo urteurrena beteko da, baina inkomunikazioak zegoen bezala eta zegoen lekuan jarraitzen du. Ez dezagun ahatz.
Ez dezagun ahatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu