Irratia jarrita nindoan kotxean. Ausardiari buruz ziharduten: konfort zonak pertsona mugatu egiten duela. Beldurraren eraginez zenbait gauza egiteke uzten ditugula. Nork bere burua behartu behar duela, erosotasun-gune horretatik jauzi egiteko. Halaxe aritu ziren irratian, filosofo klasikoak gogora ekarriz. Sokratesek, adibidez, gizakian jarri zuela arreta, eta alboratu egin zituela gauza abstraktuei buruzko kezkak. Horrez gainera, errealismoari uko egitearen kontra ere agertu zela... beste filosofo batzuk ere aipatu zituzten irrati programan. Aristoteles, adibidez. Aristotelesek oreka defendatzen zuela. Neurria: ez gehiegi, ez gutxiegi. Filosofiaz eta psikologiaz jarraitu zuten irratian. Eta nago badagoela horren guztiaren isla egungo politikan.
Honek guztiak EH Bildu ekarri dit gogora. Ausardia faltaz aritu da aurrekontuen tramitazioan. Ausardia behar zuen presioei aurre egiteko, ausardia EAJ-PNVrekin akordioak lortzeko. Ez du ausardiarik izan. Ez, behintzat, arlo sozioekonomikoan. Ostera, errealismoaren ukazioan jarraitu du: ez du aitortu Jaurlaritzak zenbait muga dituela. Oreka ere falta izan zaio EH Bilduri. Azken finean, konfort-gunean kronifikatzea erabaki du koalizioak. Baliteke posizio horrek faktura politikorik ez izatea. Baliteke kritika politikoak ekiditea. Baina gizarteak izango dituen ondorioak?
Orekarik ez, errealismorik ez, ausardiarik ez. Edo, akaso, doako propaganda baino ez zuten nahi? Espektatiba faltsuak sortu al dituzte, jakin arren ez zutela aurrerapausorik emango? Arazoak konpontzeko, barrera gainditu beharra dago. Lan egiteko ordaintzen digute soldata... baita legebiltzarkideoi ere! Kalean jarraituko dutela esan du Otegik. Ikusle soil gisa? Protesta, oihuak eta geldotasuna baino gehiago merezi dute euskal herritarrek. Hortik haratago, ezer berririk eskaintzen dute? Zaharrak berri?
Proiektu garrantzitsuak geldiarazi dituzte, eta azaldu beharra dago. Aurrekontu proiektua pikutara bidali dute, arlo sozialean hobea izan arren. Uko egin diote babes sozialera eta enplegu politiketara 142 milioi gehiago bideratzeari. Ezetz esan diete pentsiodunei, ezetz epe luzeko langabetuei, emakumeei, gazteei, ezetz kalitatezko enpleguari; langile publikoei, ezetz laneko eta familiako bizitza bateratzeari. Ezetzaren kaltea ez dio Jaurlaritzari egin, ezta hura babesten dugun alderdioi ere. Gizartearen kalterako izan da. Gogoan izan behar dugu politika zerbitzu publikoa dela, gure helburua dela gizarteak aurrera egitea. Eta horri betoa jarri dio EH Bilduk.
Euskal gizarteari xehetasun osoz azalduko diogu zer gertatu den, garden eta zintzo. Hortik aurrera, ez dugu denborarik galduko zauriak miazkatzen. Lan egingo dugu, aurrekontu-luzapenak herritarren ongizatean ahalik eta kalte txikiena egiteko. Ondo azaldu du Azpiazu sailburuak egunotan: badago hainbat kontu zuzentzeko aukera, baina ezin izango da den-dena konpondu. Eskura dituen tresna guztiak erabiliko ditu Jaurlaritzak aurrekontu-proiektuan aurreikusitako programak gauzatzeko, eta Euskadin bizi garen pertsonentzako kalteak gutxitzeko. Hori da gure lehentasuna: euskal gizartearen ongizatea bermatzea.
Politikoki etsipen handia izan da. Zintzoki esateko, itxaropenerako aukera bat ikusten genuen. Hainbat hamarkadaz bizkarra emanda izan ondoren, bazirudien orain posible zela babes sozial zabaleko bi euskal indar politikoak akordioetara iristea, baita eremu sozioekonomikoan ere. Baina ez da posible izan. Kontua da... zergatik ez da posible izan? Ez da posible? Ez ote da izango EH Bilduk EAJren aurrean ez duela proiektu sendo eta alternatiborik? Ezin liteke!
Ez da posible? Ezin liteke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu