Beti esan digute historia ezagutzea komeni dela iraganeko akatsak ez errepikatzeko. Honetan guztiak egoten gara ados. Baina gauza bat da teoria eta beste bat praktika. Askotan duela urtebeteko edo sei hilabeteko gertakizun traumatikoak ere ahaztu egiten ditugu, edo ahaztu nahi izaten ditugu, horretara eramaten gaitu gure izaeran txertatuta dagoen mekanismo psikologiko batek. Eta ez da komeni ahaztea, batez ere gertakizun traumatiko horiek errepikatzeko arriskua dagoenean epe laburrean.
Goazen harira. Koka gaitezen 2021eko azaro-abenduan, duela zazpi edo zortzi hilabete. Bakoitzak bere ikuspegitik ikusten ditu gauzak, eta nik neuretik, noski, baina jakinda asko garela gertakizun horiek antzera bizi izan ditugunak. Hilabete asko generaman «txertatu zaitez», «intsolidarioa zara txertatzen ez bazara», «nire txertoak babesten zaitu», «besteak kutsatuko dituzu eta zu hilko zara», «erietxetan dauden %70 txertatu gabeak dira», eta horrelakoak entzuten. Presioa ikaragarria zen. Baina askok ez genuen amore ematen, eta ez besteak baino azkarragoak edo burugogorragoak garelako. Interneti esker genekien zientzialari entzutetsu asko ARN txerto hauen aurka zeudela, tartean Luc Montagnier Nobel saria eta Robert Malone ARN teknologiaren asmatzailea, eta ziztada hauen efikazia zalantzan jartzeaz gain, balizko albo-kalteez hitz egiten zutela. Esperimentu bat zela, azken batean, orain arte sekula gauzatu gabea. Nahi duenak har dezala txertoa, jakina, baina inor ez dadila harritu jendartearen parte batek ez badu bere gorputzean sartu nahi agian kalte egingo diola pentsatzen duen sustantzia bat.
Eta orduan ezarri zen COVID pasaportea. Ziztatu gabeak ezingo ginen tabernetan, zinemetan, polikiroldegietan, ospitaletan, hoteletan... sartu. Ia inon ere ez. Etxean edo basoan geratu beharko ginen. Eta sinestarazi nahi ziguten egoera hau betiko izango zela. Lagun bertsozale batek zera esaten zidan pasearen aurka Donostian egin zen manifestazio erraldoian: «Iparraldean Xilaba finala jokatu duk duela gutxi. Pasea eskatzen ziaten atean; ez zeukana, buelta hartu eta etxera; eta hala ere normal joan zuan. Gauza bera gertatu zuan Bizkaiko finalean. Eta hori hain kritikoak izaten diren bertsolari eta bertsozaleen artean. Pentsa zer nolako bertsoak entzungo ziren norbaiti beltza, musulmana edo homosexuala delako sarrera ukatu izan balitzaio».
Egoera sinestezinak bizi izan ziren pasea indarrean egon zen denboran. Gutariko askoren botoarekin aukeratutako udal-gobernuek ez ziguten zinera edo kiroldegira sartzen uzten, guraso askok ezin zituzten igerian ikastera eraman seme-alabak. «Goiko aginduak» omen ziren eta ezin omen zuten ezer egin. Nonbait gaurko politikarien belarrietara ez da heldu Lege injustuak ez dira obeditu behar, Pase forala, Obeditzen da baina ez da betetzen eta horrelakorik.
2022ko udan gaude eta orain mundu guztiak daki orduan batzuek genekiena edo susmatzen genuena. Hau da, txertatuak zein txertatu gabeak berdin kutsatzen direla, kutsatzen dutela eta hiltzen direla. Nahikoa dugu geure ingurura begiratzea hau horrela dela jakiteko. Eta oraindik hau ikusten ez duen norbait balego, Extremadurako Juntak —erkidego bakarra honetaz informatzen— astero ematen dituen datuak begiratu ditzake: azken lau hilabeteetan COVIDarekin hildakoetatik %94 txertatuta zeuden.
Ez daukagu bola magikorik udazken-negu honetan gauzak zer norabide hartuko duten igartzeko. Baina gaizki pentsatuak gara, eta ez ginateke gehiegi harrituko berriz errepikatuko balitz parafernalia: PCRak, intzidentzia tasak, laugarren dosia, maskarak..., eta pasaporte dontsua. Europako Parlamentuak COVID pasea beste urtebetez luzatzea erabaki du, hau da, 2023ko ekainaren 30era arte. Ekainaren 23an egin zen bozketan 432 luzatzearen alde, 130 aurka eta 23 abstentzio. Panorama ederra! Europako Parlamentuak onartu izanak ez du esan nahi orain anulatua dagoen pasaportea berehala indarrean jarriko denik, baina bidea irekita utzi dute eta edozein momentutan itzuli gaitezke duela gutxiko egoerara.
Bi urte hauek ez dira alferrik igaro, jendarteak izan du informatzeko eta gogoeta egiteko denbora, eta espero dezagun ez garela berriz eroriko harri berean estropezu eginda.
Ez da komeni ahaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu