Asier Etxenike.

Ez da justizia, estatu politika baizik

2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Azaroaren 2tik dago kartzelan Oriol Junqueras. Kataluniako prozesu independentistan izan dituen arduren ondorioz, matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra leporatzen diote, nahiz eta egin duen guztia publikoa izan den. Are gehiago, berak egin dituenak Gobernu batetik egin ditu; beraz, herritar gehiengo batek bozkatu duen gobernu batek egin ditu; alegia, herritar gehiengo baten babespean egin ditu.

Junquerasek, aukera izan duen azken honetan ere, nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin negoziazioaren bideak ibili nahi dituela. Baina M. Rajoyk argi utzi du eztabaidan hasi aurretik eztabaida horren bidez lortu nahi direnak jakin nahi dituela, eta bere ustez onargarriak ez badira helburu horiek, ezin da eztabaidarik egon. Hortxe sinple eta argi arazo politikoaren muina. Eta hortxe lotzen dira estatuaren erakundeen logikak. Haiek ezarritako mugen barruan kokatzen ez den eztabaida, eta are gehiago ekintza politikoa, kriminalizatu, jarraitu eta zigortuko da, beharrezkotzat jotzen duten edozein modutan.

Askotan ulertu izan dugu epaileen ekintza gobernuaren ekinaren edo presioen ondorio gisa. Hori baino gehiago, Estatu politika da gure begi aurrean garatzen ari dena. Estatu modernoak aztertzen direnean «arimarik» gabeko erakunde gisa ulertu izan dituzte hainbat politologok, zeinetan alderdiak, klaseak, nazioak, elite ekonomikoak edota erlijiosoak diren benetako eragileak. Baina badira beste ikerlari batzuk estatuak beste modu batean ulertzen dituztenak. Haien ustez, estatuak historian ezagutu diren botere biltzaile handienak dira, eta, horrenbestez, aktore nagusietakoak dira estatuak berak.

2006an akaso argiago ikusi zen, momentu zehatz batean Estatuaren defentsa egokiena zein izan daitekeen ulertzeko orduan aldeak egon daitezkeela Espainiako Gobernuaren eta justizia sistemaren artean. Espainiako gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketen garaia zen. Orduan ikusi zen epaileek autonomia osoz edo handiz jarduten zutela, negoziazioen kontra, presoen eremuan are eta gehiago haien eskubideak eta bizi baldintzak estutuz (Parot doktrina, De Juanaren auzipetzea bi artikulurengatik...). Oraingoan, Gobernuan daudenak eta epaitegietan dauden elite teknoburokratikoak estrategia politikoan lerratuagoak daude, baina norberak bere lana egiten du, politikoa, Estatuaren defentsan.

Horrela uler daiteke Estatuaren zutabeetako bat den justizia sistema hori, 15 egun besterik behar ez izatea «Jordiak» espetxeratzeko, hilabete bat Junqueras eta gainontzekoak espetxeratzeko baita ere, eta beste astebetean Kataluniako Legebiltzarreko mahaikideei, Forcadell buru, bermeak ezartzeko. Zortzi irakaslek ere deklaratu behar izan dute epaitegietan ustezko gorroto delituagatik, U-1ean izandako erreferendumeko karga polizialen inguruko iruzkinak egitea egotzita. Justizia sistema esaten zaion horren erakunde ezberdinak daude Estatuaren defentsan buru-belarri sartuak: Auzitegi Nazionala, Auzitegi Gorena, Kataluniako Auzitegi Gorena, Lehen Auzialdiko epaitegiak...

Zentzu horretan, Estatua epaitegietatik politika egiten ari da. Ez da politika judizializatu, alderantziz baizik. Errepresioa, mehatxuak, bahitu politikoak dituzte Kataluniako prozesu politikoa baldintzatzeko. Zalantzarik gabe, Abenduaren 21eko hauteskundeen emaitzetan eragin zuzena izan du Junqueras espetxean izateak, eta orain ere eztabaida politikoaren erdi-erdian dago bere kaleratzeak edo espetxeratzea mantentzeak izan ditzakeen ondorio politikoak. Ebazpenak baldintzatuko du bai Kataluniako Parlamentu berriaren osaketa —hilaren 17rako dago deituta osoko bilkura—, baita gobernuaren eraketarako zein inbestidura saiorako presidentegaia nor izendatu aukeratzea ere.

Baina epaitegiak ez dira Estatua erabiltzen ari den tresna bakarra. 155az gain, Urriaren 1ean bereziki, baina baita aurretik eta ondoren ere, Estatuaren zutabeetako bat diren indar armatuek izan zuten jokabidea ere norabide eta tonu berdinean doa. Beste zutabe bat: Matías Carnero Martorelleko SEATeko enpresa batzordeko presidente eta UGTko sindikalistak Erregearen presioak salatu zituen SEATek egoitza soziala alda zezan.

Beraz, askotan pentsatu izan badugu ere Kataluniako prozesuaren aurrean estatu espainiarrak ez duela eskaintza politikorik, ez da egia. Estatuaren eskaintza politikoa bikoitza da: batetik, Espainia gehiago edo, bestetik, ukazio eta errepresioaren bidez beldurra zabaltzea, etsai politikoa eta bere proiektu politikoa desegitea.

Baina beldur eragite horrek espero edo nahi ez diren ondorioak ere izan ditzake. Beldur horrek ondorio nabarmenak ditu eremu independentistan. Zailtasunak biderkatzen ditu bai pertsona ezberdinek proiektuan parte hartzeko bai herritarren atxikimendu politikoa eskuratzeko. Estatuak Junquerasen bidez irakaspen eredugarria emanez independentistak diziplinatu, beldurtu eta prozesua geldiarazi nahi izan du. Baina, independentisten jokabidea demokratikoki hain garbia eta gardena denean, eremu unionistan ere arrakalak sortzen ditu. Ikusteko dago eman duen ereduak Estatuaren defentsa horretan onura edo kalte egiten dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.