Andolin koinatuarekin gertatu zitzaidan antzera, oso gogorra egiten zait Joseluis-ez idaztea, bera jadanik ez dagoelako gure artean.
Ezagutu bai, aspalditik ezagutu dut Joseluis, baita haren hainbat artikulu eta gramatikazko zenbait liburu irakurri ere, baina harreman sendo eta sakona 1986an hasi zen, Montrealetik etorri bezain laster. Lehentxeago handik idatzi nion ea zer-nolako giroa eta lan egiteko aukerak zeuden UPVn galdetuz. Erantzuna berehala etorri zitzaidan, beti egin duen bezala.
Geroago hamaika bileratan eta ekitalditan egon gara, hitz-aspertuak egiteko kontaezinezko aukerak. Dena den, high politics ukitzerakoan, biok bakarrik egon gara hala Donostian nola Bilbon zein Itziarren edo kostaldeko hainbat herritan. Saio batzuk ere egin ditugu aldizkari bat plazaratzeko, nolabaiteko eztabaida sakona bertan egiteko eta hedatzeko, beti Euskal Herriaren egoera (linguistiko, sozial, kultural, politiko eta ekonomikoa) aztertu eta hobetzeko helburuarekin. Behin eta berriz porrot egin dugu. Baina porrot horiek ez zizkiguten kendu kezkak gainetik: elkarri idatzitako eskutitz andana lekuko da.
Azken bolada honetan, zein bere arloari lotuz, gure harremana, lehen bezalaxe, eskutitzetan eta e-postetan landuz eta sakonduz joan da. (Agian, besteren batek noizbait paper hori guztiok bilduko lituzke liburuxka batean. Arlo eta gai desberdinetako informazio pilo bat trukatu diogu elkarri. Baina, horretarako, ezer egitekotan, urteak, urte asko, igaro beharko dira.)
Joseluisen bi kezka nagusiak, Euskal Herriaren independentzia politikoa eta euskararen erabilera eta hobetzea, ezagunak dira. Beharbada, ez da hain ezaguna zeukan beste kezka bat: Enkarterri eta bertako toponimian azaltzen diren euskararen arrastoak. Bertan egon zen eta harrituta gelditu, ez soilik paisaiaz, jendeaz ere bai. Andolinekin joan ginen 2000ko maiatzean.
Andolin joan zitzaigun 2004an, eta oraindik faltan botatzen ditut berarekin larunbatero gure etxean izandako eztabaida luze eta mamitsuak, algarak eta denbora-pasa ederrak.
Oraintxe Joseluisek utzi gaitu. Norengandik jaso hemendik aurrera halako eskutitzak eta e-postak? High politics delakoaz mintzatzeko, norengana jo? Patxadaz, aurreiritzirik gabe, huntaz eta hartaz hitz egiteko, nor solaskide?
Ez adiorik, Joseluis, gero arte baizik. Plazer bat izan duk hirekin egotea, eta ohorea hire adiskide izatea. Besarkada bana etxekoentzat Irati —Soto del Realetik—, Garazi, Edurne eta lauron partez.
Ez adiorik, Joseluis
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu