EH Bilduko legebiltzarkidea

Euskorpus: oraindik garaiz gaude

Josu Aztiria
2025eko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Apartekoak izaten ari dira adimen artifizialean eta, bereziki, lengoaia naturalaren prozesamenduan egindako azken aurrerapenak. Hizkuntza-eredu neuronal berriek hizkuntza ulertzeko eta sortzeko gaitasun ikaragarria frogatu dute eta orain arte imajinatu ezin ziren aukerak eta garapenak zabaltzen ari zaizkigu begi aurrean. Hizkuntzak biziberritzeko oinarriak ere eraldatzen ari dira, eta amesteko aukera ematen digute, ulermen unibertsala helburu.  

Disrupzio teknologikoen testuinguru honetan, hizkuntza hegemonikoak are indartsuagoak izateko arriskuaren aurrean, euskal eskalan zerbait ondo egin badugu, hori izan da adimen artifizialaren lasterketa teknologikoa garaiz eta ondo hartzea. Harrotasunez esan dezakegu baliabide urriko hizkuntzen artean euskara dela gaitasun zientifiko, komunitate-bulkada eta garapen teknologiko handienetakoa duena. Biziberritze-prozesuan dauden hizkuntza askoren eredu gara. 

Are gehiago, Deep Seek-en agerpenarekin ondo ikusi den bezala, datu eta baliabide konputazional gutxiagorekin teknologia sortzeko gai izatea abantaila handia izan daiteke. Badakigu hori egiten: itzulpen automatikoko sistemekin erakutsi dugu.  

Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz Hizkuntza Teknologiaren Euskal Zentroa (Ixa eta Aholab taldeek eratua) Europa mailan lengoaia naturalaren prozesamenduaren arloko ikerketa-zentro publiko garrantzitsuenetako bat da, eta ekarpen zientifiko zabala eta aitortua du. Hala egiaztatzen dute ekoitzitako argitalpen eta doktore-tesiek, erabilitako baliabide teknologikoek eta eskuratu dituen bikaintasun zientifikoko sariek. Harro egoteko modukoa da euskararen garapen teknologikoarekin konprometituta dagoen unibertsitate publiko bat edukitzea. 

Elhuyar Fundazioak ere, Orai zentroaren bidez, hogei urte baino gehiago daramatza adimen artifizialaren alorrean lanean, eta aurrerapen handiak egin ditu. Ikerketa aplikatura eta merkatura bideratua dago bere jarduera, eta Europako, estatuko eta Euskal Herriko proiektu teknologiko esanguratsuak gidatu ditu. Plataforma arrakastatsuak ere garatu ditu, hala nola Elia.eus. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko agente akreditatua da, eta haren patronatuko kide dira, besteak beste, Tecnalia, Neiker eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza zein Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna sailak. 

Ez ditugu ahaztu behar, halaber, hizkuntza-teknologien garapenean aktiboki parte hartzen duten beste eragile batzuk. Langune elkarteak, adibidez, Hizkuntzaren Industriaren balio-kate osoa biltzen du, eta Gaia klusterreko kide aktiboa da. Lan handia egin du sektorea bultzatzen eta nazioartekotzen. Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, berriz, euskarazko corpusak sortzeko gaitasun handiena duen sektorea ordezkatzen du. Beste erakunde batzuk ere ez ditut ahaztu nahi, hala nola Ametzagaña, Tekniker, Ikerlan, ISEA, Tecnalia, Mondragon Unibertsitatea, Iametza, DeustoTech, UZEI, CodeSyntax, Puntueus edo Talaios. Orain arte egindako bidearen parte dira denak.

Horregatik guztiagatik, oso zaila da ulertzen eragile hauek guztiak Euskorpora elkartean eta Euskorpus proiektuan ez egotea. Uste dugu eraikitzen joan garen ezagutza zientifiko-teknologiko, enpresarial eta sozial hori guztia bazterrean uztea akats estrategiko handia dela. 

Arrazoietako bat izan zitekeen arduradun politiko eta aholkulari berriek ez ezagutzea euskarazko adimen artifizialaren ekosistema teknologikoa. Baina, egia esan, zaila zait sinesten.

Bigarren arrazoi bat ere egon daiteke: ekosistema ondo ezagutu arren, Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoek zentro teknologiko espezifiko baten bide-orria babestea erabaki izana, zentro horrek euskararako funts publikoen eskuratzea monopolizatzeko, sektorean erreferente diren erakundeak baztertuz. Arrazoiak arrazoi, Eusko Jaurlaritzak bere erabakiarekin sektoreko beste erakunde batzuk egiten ari diren eta egin dezaketen ekarpena gutxietsi du.  

Nolanahi ere, ez dirudi Eusko Jaurlaritzak oso ongi neurtu duenik bere erabakia. Apustu honekin, orain arte sortutako ezagutza guztia (nagusiki diru publikoz hornitua, bide batez esanda) baztertzen duen gobernantza zientifiko-teknologikoa elikatzen ari da, sektorearen balio-kate osoaren potentzialtasun guztiak baztertuz, zentroen arteko sinergiak ukatuz eta baliabide publikoak ad hoc esleituz. Areago, oraindik ez dakigu nola eman nahi dion Eusko Jaurlaritzak 5,5 milioi euroko ekarpena zuzenean Euskorporari, objektibotasunaren, ekitatearen, lehia-askearen eta aukera-berdintasunaren printzipioak urratu gabe.

Praktika honek ez du euskararen inguruko teknologia sustatzea helburu, baizik zentro jakin batek merkatu-kuota irabaztea eta gainerako eragileak bigarren mailan uztea. Ekosistema zientifiko-teknologikoa klientelismoz, epe laburreko begiradaz eta eraginkortasunik gabe kudeatzea dakar erabaki horrek.  

Hala ere, garaiz gabiltzala uste dut. Albiste ona da euskararen garapen teknologikoaren eta adimen artifizial eraginkorrago baten aldeko apustu bat egotea. Albiste ona da sektorearentzat, eta ona gure nazioarentzat. Baina gauzak ondo eta bidezidorrik gabe egin behar dira. Beraz, Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoak animatu nahi ditut egindako akatsa onartzera eta bidea zuzentzera.  

Adimen artifizialaren alorrean gure hizkuntzari geure begiekin begiratuko dion estrategia beregaina behar dugu, epe luzekoa eta ibilbide-orri teknologiko argiarekin; sistema zientifiko-teknologikoaren gobernantza kooperatibo instituzionalizatu batekin; eta euskal administrazioaren trakzio-ahalmena gure enpresa teknologiko txikiek giharra irabaz dezaten erabiliko dena. Horrek guztiak aukera emango liguke dagoeneko Europan erreferentziazko den punta-puntako polo zientifiko-teknologiko aurreratuaren eraikuntzan sakontzeko, zertarako eta euskara mundu digitalean garatzeko, XXI. mendean hizkuntzek jarraitu behar duten bidea gure hizkuntzari argituko dion itsasargi bihurtzeko eta gure nazioaren eraikuntzan eta eraldaketan burujabetza teknologiko eta estrategikorantz urratsak emateko.  

Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutiago. Oraindik garaiz gaude.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.