Gernikako Arbola Kantuz elkarteko kidea

Eusko Ikaskuntzaren bide galdua

2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

Joan da jada Eusko Ikaskuntzaren kongresua, Batzen gaituena lelopean antolatua. Lurraldetasuna izan du ardatz. Ideia polita asko ekarri ditu, zorionez; gauza konkretu gutxi, zoritxarrez. Bertan, gure taldearen kidea den Altaffaylla Fundazioak proposamen zehatz bat planteatu zuen: behin betiko berreskuratzea beti ereserki nazional izan dugun Gernikako Arbola. Euskal Herriak ez du ofizialki zazpi probintziak batzen dituen ereserki bat edo, hobeto esateko, badu duela 170 urtetik, baina haren seme-alaba askori ahaztu zaie hura kantatzea.

Gu ez gaude bakarrik ekimen honen gibelean: duela lau urte zazpi probintzietako ehunka musikarik lehen manifestu bat izenpetu zuten, Gernikako Arbolaren alde. Esan zuten «euskal eta nazioarteko ereserki bat» dela, «munduko sinbolo, lurralde guztietan dokumentatua, denboran iraun duen historia eta epikaren jabe, eta oso askotariko ideologietako pertsonak hunkitzeko gai».

Manifestu hura atera eta segidan, atxikimendu gehiago eskuratu ziren, prentsa guztian agertu direnak: EAJren talde bat Hermes aldizkarian; Ezker Abertzaleko dozenaka buruzagi ohi; karlisten, PSOE, Podemos, PP eta UPNren izen ezagunak… Oso garrantzitsua izan da ere 30 euskal historiagileren manifestua, askotariko euskal unibertsitateetakoak eta ideologia guztietakoak: «Gure ustez –esaten ziguten historiagileek–, Gernikako Arbola ez da itzuli himno ofizialak baztertzeko, ahal beste ekitalditan haien eskutik joateko baizik. Batzen gaituena eta bereizten gaituena gogoan».

Horien atzetik manifestu gehiago etorri dira: kasik ehun idazle, idazten dutenak erdaraz (Sanchez Ostiz eta Toti Martinez de Lezea buru) zein euskaraz (Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Eider Rodriguez, Jon Maia…). Haiekin batera, hainbat euskal argitaletxe: Alberdania, Elkar, Erein, Txalaparta…

Elkartzen gaituenaren alde ere, Euskal Diasporako Mikel Ezkerro historiagilea, Ameriketako zortzi herrialdetako euskaldunak bilduz. Berdin Jean-Louis Davantek Ipar Euskal Herrian egin zuen manifestua, alkateek, enpresariek, eta kultur eragileek sinatua. Beraz, gure gizartean, gure ereserkiak zati garrantzitsu eta kualifikatu baten babesa du.

Proposa daiteke beste ereserkirik? Bai, ados, baina zaila izango du behar diren baldintza guztiak betetzea Gernikako Arbolak egiten duen bezala, kontuan hartuz errotze historikoa, epika, zeharkakotasun ideologiko eta politikoa, lurraldetasuna, nazioarteko proiekzioa eta gure literaturan, lirikan zein ikonografian duen presentzia. Agian, frogaturik geldituko da gure zortzikoak ez duela parerik.

1978an, gure herria hiru administraziotan banaturik gelditu zen, zein bere bandera eta ereserkiarekin. Bego Gora eta gora, bego Nafarroako Gorteetako ereserkia… Alta, badugu zorioneko ereserki bat zazpi probintziak batzen dituena eta, zorionez, Carlos Garaikoetxeak esan zuen moduan, Gernikako Arbola libre gelditu zen, jarraitu zezan izaten euskaldun eta euskal herritar guztien ereserkia.

1853. urtean Iparragirrek sortu eta berehala, haren lehen bertsoa kantatu zuten, elkarrekin edota banaturik, karlistek, liberalek, euskal nazionalistek eta geroago federalek, sozialistek, komunistek eta anarkistek, esperantoz eta guzti, laiko izan edo fededun izan. «Euskaldunen kanta nazionala» deitu zioten bai Sabin Aranak, bai Dolores Ibarruri Pasionaria-k. Erregimen politiko guztietan, zazpi probintzietako euskaldunek eta erdaldunek kantatu dute beren instituzioekin batera. Eta gure nortasunaren ereserki gisa onartu zen XIX. mendeko Espainiako gobernu liberalekin, Errestaurazioan, Primo de Riveraren diktaduran, Bigarren Errepublikan, Francoren diktaduran zein Trantsizioan. Bada, galdu behar ote dugu orain, demokrazia deitzen dugun honetan, gure ereserkia? 

Zer esango zioten Eusko Ikaskuntzari doinu hura hainbeste zabaldu zuten gure lirikoek: Gaiarre, Sarasate, Arrieta, Gorriti, Guridi, Fagoaga… Zer esango zioten Gernikako Arbola hainbeste goraipatu zuten gure idazle guztiek: Becerro de Bengoa, Abbadia, Trueba, Manterola, Iturralde Suit, Ramiro Maeztu, Unamuno, Pio Baroja, Carmelo Etxegarai, Navarro Villoslada, Kanpion, Oloriz, Zugazagoitia, Urabaien, Baleztena…

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen, eta Oñatin egin zuen bere lehen kongresua. Bertan ziren lau aldundiak eta Alfontso XII.a erregea. Prentsak zioenez, jendetzak malkoak begietan kantatu zuen ereserkia. Eta Gernikako Arbola-ren irudia Eusko Ikaskuntzaren ikurrean ezarri zen, betiko, espero dugu. Berdin gertatu zen hurrengo kongresuetan: Iruñean, Gernikan, Gasteizen, Bergaran, Biarritzen… Gure ereserkia beti une historikoetan. Noiz ahaztu zuen gure Eusko Ikaskuntzak, elkartzen gintuena? Noiz berreskuratuko dugu gure bide liriko galdua?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.