Itziar Aizpurua Egaña.

Eusko gudariak

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Irailaren 27ak Ezker Abertzalearentzat karga politiko eta emozional ikaragarria du: Franco Otaegi, Txiki eta FRAPeko hiru militante gaurko egunez fusilatzera ausartu zeneko eguna da; Euskal Herria ezabatu nahi izan zueneko eguna.

Gaur duela 47 urte, kartzelan ginen Jokin Gorostidi eta biok, 1970ean Gerra Kontseiluan kondenatuak hamalau lagunekin batera, beste ehunka euskal gazterekin kartzelak gainezka jarririk. Eta, beti, atxilotze bakoitzaren mami politikoa, funtsezko salaketa, Euskal Herriaren independentziaren alde borrokan aritzea izan zen.

Zulo beltzetik argirako bidea ireki nahian borrokatu ginen garai haietan, bakoitza bere alorretik eraginez, etorkizuna eraikiz orainean, ohi den bezala belaunaldi oro. Hain zuzen ere, ekin horren eraginek setatsu eta iraunkor gizalditik gizaldira ekarri gaituzte XXI.era. Eta, Euskal Herria zutik dago!

Borroka izan da mendetik mendera lanabes nagusia, eta eraginkorrena, Euskal Herria bere buruaren jabe izateko bidean. Eta tresna bakarra dugu gaur egun ere, aurre egiteko utzi nahi ez gaituenari herri euskaldun eta ezkerretik eraikitakoaren independentzia lortzen. Euskal Herria zutik bizitzeko, duintasunez, borrokatu behar da iraunkortasunean, 1522an, 1936an, 1960an, 1975ean eta 2022an.

Francok eragindako gerran jende abertzale eta ezkertiarrak galdu izanaren ondorenak bizi ditugu oraindik Euskal Herrian. Herri bezala mespretxatua, iraindua, torturatua, kartzelatua eta halabeharrez isildua izan da, Herri izaera desagerrarazteko arriskua sentitu arteraino.

60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan Euskal Herrian piztu zen herri-grina, herri-gogoa, herri-sena ez zetorren hutsetik, ezerezetik sortua, alegia. 1936-1939ko gerratea galdu ondoren, Francok eragin zuen txikizioari segida eman zion, eta ez soilik azken arnasa eman arte, gaur arte baizik. Loturik utzi nahi zuen geroa, eta ondo loturik dago; ordutik baldintzatuta daukagu Euskal Herriaren etorkizuna. Egun, inor ez da gai Francok utzitako herentzia ustel eta pozoitsua ukitzeko, orduko botere faktikoek agintean jarraitzen baitute lasaitasun osoz.

Garai haietan gai izan baginen gure txikitasunean frankismoaren estrategia ukitzeko, gai ginateke gaur ere aurre egiteko, lotzen gaituen lokarriak etenda Herri gisara bizitzeko. Ez dut zalantzarik!

Oso garbi daukat, noski, 60 urteren tartea aurrean dugunean, zaila dela orduko errezetak gaurko balio izatea. Oro har ez dutela balio esango nuke; baina ardatz direnak Herri gisara bizitzeko bai!

Abertzale orok garbi eduki behar dugu Subirautzarik gabe ez dugula askatasunerako biderik izango. Demokrazia hitza erabiltzen da askatasuna laguntzeko, baita ordez ere, baina horretarako hautamena behar dugu, erabakitzeko eskubidea, alegia, kanpoko injerentziarik gabe erabiltzea modu librean. Beraz, demokrazia, egun, entelekia bat besterik ez da.

Subirautzaren praktikak, erabilpenak, independentziara eramango gaituela defendatzen da. Behar bada; ez dakit. Neuk nahiago dut ezagutzen dudan euskal gizarte adoretsu, ausarta, Aberria erraietatik maite duena; bera gabe bizitzea ulertzen ez duena; berarekin libre sentitzen dena, eta orainean etorkizuna eraikitzeko prest dagoena; duena emateko.

Independentzia bide horretatik lortuko dugula sinesten dut, eta Estatu propioa lortuko dugula ere bai, izan ere, zaila izango genuke aske garen sentipena onartzea Estaturik gabe.

Euskal Herriko lurraldeen batasunik gabe ez legoke independentziarik, ez ginateke-eta herri bat. Frantziaren eta Espainiaren mende gaude, eta Aberriaren askatasunerako batasunean lortuko genuke ezinbesteko indarra aurre egiteko bi estatu gerrazale eta menderatzaile horiei.

Herri honek, euskaratik bere izena jasotzen duenak, altxor bakan ikusgarria du bere izaeraren oinarri: hizkuntza propioa, euskara. Kate luze batez lotzen gaitu urrutiko iraganarekin, asaben historia eta lurrak gure eginez, eta gaurkotuz, etorkizunerako bidea jorratu ahal izateko.

Euskarak egiten gaitu ez soilik euskaldun, Ama lurraren jabe ere.

Euskal Herria europarra da, gaur egungo lurralde asko baino lehen, eta zentzu naturala gure harremanak beren askatasunaren alde borrokatzen ari diren herriekin izatea da: elkarren berri jakin, elkarri lagundu, esperientziak trukatu, eta ahal den neurrian independentziarako bidea elkarrekin egin ere, Estatu-nazio berberek zapaltzen bagaituzte, batez ere.

Bada, esandako guztiagatik: Euskal Herria niretzat da herri librea euskal lurraldeetan, estatu propioa ezkerretik eraikia. Amesten dudana baino gehiago buru-bihotzean bizi dena da; etorkizunari egunero so eginez, eta lortu daitekeena.

Hori horrela ulerturik, hain zuzen, 1986ko martxoaren 12an, Hego Euskal Herria zutik jarri zen NATOko aliantza militarrari ezetza emanez. Gogoan ondo sarturik behar dugu aliantza militarretatik at egon behar dugula, herri ez-lerratuekin bat eginda bakea eragiten. Eta, Herri-borondatea errespetatzea borrokatu behar dugu ere.

Eta, alde beretik jarraituz, hain zuzen, Konstituzio espainiarrari uko egin genion Hego Euskal Herritik 1978ko abenduaren 6ko erreferendumean, herri izaera ukatzen digutelako betiko.

Herri bezala menderatua, isildua eta damutua nahi gintuzten, baina 47 urteren ondoren, hemen gaude zutik, gure izaeraren harrotasunez beterik; indar eta gogoz bideari ekinez; konpromisoa harturik datorkigunari aurre egiteko.

Eusko gudariok, agur eta ohore! Eskerrik asko zuen neurrigabeko emankortasunagatik.

Bertsolariaren kantuarekin agurtzen zaituztet:

Elkartu gaitu zuen printzipio,
izaerak, umoreak.
Elkartu gaitu zuen indarrak,
bizinahiak, adoreak.
Elkartu gaitu zuen herrian
bizitzeko ohoreak.
Hizpide dira errelato ta
memoria batzordeak.
Denen gainetik gugan zaudete
maitasun betez gordeak!
Zapaldutako lur eder hontan
ernaldutako loreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.