Bihar, irailaren 17an, Eusko Alkartasuneko kideok Alkartasun Eguna ospatuko dugu Urruñan. Aurtengo leloa Mugarik gabeko alkartasuna da. Elkartasunak mugarik ez izatea aldarrikatzen dugu, guztiontzat bizitza hobea eta duinagoa izateko eskubidea, oztopo fisiko, ekonomiko, politiko eta burokratikorik gabe. Justizia sozialaren defentsan Eusko Alkartasunarekin batera EH Bildu dago.
EH Bilduk Euskal Herriaren independentzia nahi duela ez du inork zalantzan jartzen. Kontzientzia kritikoa duenak, badaki EH Bilduren sorreratik pertsona guztientzako giza eskubide guztiak errespetatzea ozen eskatzen duela. Beraz, Eusko Alkartasunaren fundazio-printzipioak EH Bilduren bizkarrezurra dira. Independentzia, giza eskubideak eta justizia soziala.
EH Bilduk azken hauteskundeetan jasotako 375.000 botoak herriarekin bat egiten duen proiektu politiko mamitsu baten adibide zuzena dira. Hain zuzen ere, proiektuari balioa emanen diogun emakumeen eta gizonen printzipio politikoetan oinarritua. Hortaz, Euskal Herria Bildu da Eusko Alkartasunaren balioak eta xedea hobekien defendatzen dituen tresna.
Aski ezaguna da ere gure helburu politikoa Euskal Herrian dagoela eta ez beste inon. Badira Eusko Alkartasunaren xedearekin zerikusirik ez duten beste interesak. Batzuek jo eta ke jarraitzen dute gu iraganera bueltatzeko helburuarekin, baina gutxiengoa dira.
Gure kaleetan, gure herrietan eta erakundeetan, gure bokazioa eta gure lana munizipalista da. Norbaitek Kongresuan eta Madrilgo Senatuan zer arraio egiten dugun galdetzen badu, erantzuna, azken legegintzaldi honetan egiaztatu den bezala, erabat praktikoa da: euskal herritarron bizi-baldintzak hobetzeko ahal dugun guztia bertatik lortzea. Konplexurik eta negoziorik gabe.
Eusko Alkartasunarentzat Madrilera politika egitera joatea ez da gauza berria. Zer egiten zuten Madrilen, adibidez, Begoña Lasagabasterrek edo Konstituzio Batzordeko alboko bozeramailea izan zen Rafa Larreinak? Belauniko jarri Espainiaren aurrean? Ez. Lehen eta orain gauza bera egiten dugu. Euskal Herriarentzat eta jendearentzat onuragarriak diren neurriak adostu. EH Bilduk akordioak lortzen eta kudeatzen dakiela frogatzeko balio izan du Pedro Sanchezen lehen legegintzaldiari eman genion babesak. Halaber, agerian geratu da ere, gobernuarekin desadostasunak izanez gero, blokeo politikoaren jarrera erabiltzearen aldekoak ez garela, horrek eskuinari eta ultraeskuinari mesede egiten diolako.
Gure helburu nagusia legeak adostea edo aurrekontuak onartzea baino askoz haratago doa: euskal estatua eraikitzea. EAJren gaur egungo zuzendaritzarekin Euskal Herriaren independentzia lortzea oso zaila da, baina, herri independente bat izateko, bere oinarri soziala proaktiboki hartu behar da. Jeltzaleek, norekin joaten diren argitu behar dute. Zirt edo zart. PSOErekin edo PPrekin. Une honetan, estatuaren periferiako indar subiranistak erabakigarriak gara, eta, beraz, aukera dugu Madrilen legegintzaldiko mahaian lurralde-ereduaren eztabaida betiko jartzeko. Egon daitezke honakoa gaizki ikusten duten abertzaleak? Erantzuna baiezkoa bada, zein da beraien proposamena? Ez dute.
Gobernatzeko prest gaude. Eusko Alkartasunan eta EH Bildun hauteskundez hauteskunde babes gehiago gehitzen duen proiektu propioa dugu. Erkidegoan egongo diren hurrengo hauteskundeak irabaztera aterako gara. Gure politikak ezartzeko gobernatu behar dugu, eta horretarako EAJ da erakundeetatik behingoz atera beharreko aurkaria. EAn erakutsi genuen bezala, lehendakari izatea aurrerapenak bultzatzeko tresna bat da, eta ez helburua. Bestela, zertarako?
Eraikuntza nazionalean egungo EAEko lehendakariak Euskal Herrirako duen plana konbentzioak proposatzea bada, jai daukagu. Ez dugu ulertzen, halaber, bere karguko komodinak erabiltzea Madrilen burutazio antzuak botatzeko. Hasteko, bere proposamena Gasteizko Parlamentuaren autogobernuaren ponentzian lortutako gehiengoaren itunetik kanpo dago. Proposamena potoloa bada, non dago adostasuna, gainerako indar politikoekin kontrastea edo, gutxienez, «plana» aurkeztea? Hau al da herri baten buruzagiari dagokion jarrera? Ezta urrutitik ere. Gizartea entretenitzeko tranpa politikoa da,baina ondo baino hobeto dakigu inora ez doan bidaia dela. Bizikleta estatiko jeltzalea, beste behin ere.
Lortutako boto igoeraren bultzadak erakusten du EH Bildu eta proiektu politiko hori osatzen dugunok tresna eraginkor bakarra garela, hain zuzen ere, gero eta hurbilago dagoen etorkizunean, erabat subiranoa izango den Euskal Herrian bizitzeko. Arlo guztietan bidezkoagoa izango den estatua, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituena. Hori lortzeko aukera bakarra gara gaur egun.
Eusko Alkartasuna, ziklo politiko historiko baten atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu