Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu behar izan dute, eta astean gutxienez 6 ordu eman behar izan dituzte ingelesez. Baina, orain, arau aldaketaren ondorioz, gutxieneko hori 7 ordura igo dute. Gainera, zehaztu dute ordubeteko igoera horrekin zientzien arloko bi saio emango direla. Zer lortu nahi da aldaketa horrekin? Ingeleseko ordu bat gehiago ezartzen digute, baina justifikazio pedagogikorik edo linguistikorik gabe.
Pentsa genezake ingelesez ordu gehiago emateak gure seme-alaben maila hobetuko lukeela hizkuntza horretan. Baina gogoratu nahi dugu D eredua murgiltze eredua dela, eta oso garrantzitsua dela ikasleek euskarazko gaitasun egokia garatzea, ondoren beste hizkuntza batzuetara transferitu eta edukiak arrakastaz barneratu ahal izateko.
PAIren Foru Dekretuaren arabera, ikasleek Lehen Hezkuntzako 6. maila ingelesezko A2 mailarekin amaitu beharko lukete. Baina maila hori ez da nahikoa esparru zientifikoan sakondu ahal izateko. Beraz, kalte egingo liekete bai zientzietako gaitasunari bai eta euskarari berari ere.
Argi dago Nafarroako Gobernuaren azalpena behar dugula neurri hori hartzeko arrazoiak zeintzuk izan diren jakiteko, eta horregatik eskatzen diogu gardentasuna Hezkuntza Departamentuari. D-PAI ereduko familiok ez dugu inolaz ere onartuko gure seme-alaben hezkuntzarekin jolasean aritzea.
Ziur gaude Nafarroako Gobernuaren erabaki hau euskararen aurkako planaren barruko beste urrats bat dela, Yolanda Barcinak berak adierazi zuen bezala, PAIren hedapenarekin euskarazko irakaskuntza eta euskara gutxitzeko nahia aitortuz.
Kaltetutako eskoletako familiok 57/2024 Foru Agindua kentzeko eskatzen dugu, hainbat arrazoirengatik:
- Gure seme-alabak D ereduan matrikulatu ditugu euskaraz ikas dezaten, eta aldaketa honekin hizkuntza horretako saioak murrizten dira.
- Proiektuka lan egiten duten ikastetxeetan (Buztintxuri, Puente la Reina-Gares) ingelesez irakasteko ordutegia handitzen bada, metodologikoki atzerapausoak emanez joango gara, eta ikasleak irakasgaika zatitzen den ordutegiari jarraitzera behartuko dira.
- Ez dugu ikusten zer interes politiko egon daitekeen zientziak ingelesez emateko eta gure lurraren geografia eta historia atzerriko hizkuntza batean ikasi behar izateko.
- Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleei ikaskuntza zailtzen zaie, ikasgelako dinamikatik bereizteko probabilitatea handitzen da, eta, horrela, segregazioa handiagoa da.
- Neurri horrek irakasleen arteko koordinazioa okertzea ere badakar, baita gainkarga handiagoa ere, koordinazio ordu gehiagorik ematen ez bada.
- PAIk handitu egiten du baliabiderik ez duten ikasleen eta ingeleseko akademietara, eskola partikularretara edo kanpoko edozein laguntzatara sarbidea dutenen arteko aldea. PAI segregatzailea da, definizioz. Ez dezagun ahaztu La chapuza del bilingüismo izeneko dokumental ospetsu hura, Madrilgo eredu hark ingelesa ikasteko ekarri zuen hondamendiari erreferentzia egiten ziona.
Berriz diogu ikastetxe hauek inposizioz daudela PAI programan, eta inoiz ez zaiela utzi familiei PAI programan egon nahi duten edo ez aukeratzen. Ez zaie aldez aurretik kontsultarik egin klaustroari eta familiei, eta gerora ez da haien iritzia aintzat hartu, nahiz eta gehien-gehienek aurkako iritzia izan.