Euskarazko hedabideak: guztion erronka

2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan euskarazko hedabideek aurrerapauso handiak eman dituzte. Duela 35 urte sei hedabide besterik ez ziren, euskaraz idazten edo emititzen zutenak. Gaur egun, zorionez, 250 baino gehiago dira euskaraz informazioa zabaltzen dutenak.

Ikuspuntu kualitatiboago batetik, euskarazko hedabideen kalitatea eta profesionaltasuna nabarmen sendotu dira. Gaur unibertsitatetik irteten diren kazetari gazteen prestakuntza askoz hobeagoa da. Kontsumitzaileen merkatu potentzialak hazkunde garrantzitsua izan du.

Legegintza honen hasieratik Gipuzkoako Foru Aldunditik apustu indartsu bat egiten ari gara euskararen erabilera esparru guztietara eramateko eta hizkuntzaren inguruko industriak bultzatzeko. Industria hauen artean euskarazko komunikabideen ekarpena ezinbestekoa da hainbat arlotan: hizkuntza normalizatzeko, gure nortasuna indartzeko, hiritarrak informatzeko eta laguntzeko, iritzi publikoa osatzeko, sektore ekonomiko berriak garatzeko …

Euskal kulturgintza arloan, eta Aldundiak Mondragon Unibertsitateko SORguneak ikertegiarekin egindako ikerketa batek erakusten digunez, euskarazko hedabideei paper estrategikoa datorkie: kultur joerak detektatzeko, kontsumo joerak markatzeko, euskarazko produktuak balioan jartzeko eta haien duintasuna agerian uzteko.

Garrantzi hau ikusita, 2007-2011 Aldundiaren Kudeaketa Planak euskaraz sortutako edukien eskaria eta eskaintza orekatzea helburutzat jo zuen. Eduki hauentzako kontsumitzaile potentzialak irakurle, entzule eta ikusle bihurtzeko. Euskarazko komunikabideen bideragarritasuna bermatzeko.

Asmo honekin azken hilabeteetan Diputazioak euskarazko hedabideekin hausnarketa prozesu bat martxan jarri du. Gipuzkoa Berritzen-en eskutik sektore honen lehiakortasuna eta berrikuntza sendotzeko aukerak eta neurriak aztertu dira. Hausnarketa prozesu honetan guztira sei bilera egin dira eta ekarpenak egiteko Internet-en «webtalde» bat sortu da, «euskalhedabideak» taldea hain zuzen. Lan honi esker euskarazko hedabideek dauzkaten erronkak eta beharrak mahai gainean jarri dira eta erronka hauei elkarlanean oinarritutako erantzun bateratu bat emateko ahalegin baliogarriak egin dira.

Globalizazioa, Internet eta gizartearen aldaketak hedabide guztietan eragin handia izaten ari dira. Adibidez, egunkarien negozio eredua apurtu egin da eta izen handikoek ere galera handiak jasaten dituzte. Internet-en hazkundea ikaragarria da baina oraindik ez dira aurkitu negozio eredu sostengarririk.

Teknologia berriek publikoen zatiketa eragiten dute. Mehatxu honi aurre egiteko euskarazko hedabideek euren irakurle, entzule edo ikusleen masa kritikoa babesteko eta zabaltzeko ahalegin berezi bat egin behar dute.

Azken hiru urteetako krisialdi ekonomiko larriak hedabideen zailtasunak areagotu ditu. Hizkuntza gutxituen kasuan, euren komunikabideen biziraupena kolokan jarri da. Epe laburrean biziraupena ziurtatzeko diru-laguntzetan eta erakunde publizitatean neurri berriak aztertzen ari gara eta indarrean jarriko ditugu. Esate baterako,iaz Gipuzkoako Batzar Nagusiek euskarazko hedabideentzako publizitate instituzionalaren urteko zenbatekoaren% 15 ziurtatzea erabaki dute.

Epe luzeari begira neurri hauek ez dira nahikoak izango. Industria guztien arrakasta berrikuntzan datza. Belaunaldi berrien komunikabideekiko harremana guztiz desberdina da. Formatuak, produktuak, teknologiak, merkatuak eta profesionalen profilak berritzeko ahaleginak sakondu behar ditugu. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez baliatzeko euskarazko hedabideen eredu ekonomiko berriak landu behar ditugu.

Euskarazko komunikabideetan berrikuntza sustatzeko enpresen eta erakunde publikoen arteko elkarlana funtsezkoa da. Enpresa sendoak eta lehiakorrak bultzatzeko autonomia ekonomikoa gakoa da.

Hein handi batean, euskarazko hedabideek ekosistema bat bezala funtzionatu behar dute. Ekosistema honetan, profesionalak sustatzea eta zaintzea, hartzaileak integratzea, komunikabideen kontsumoaren zaletasuna birsortzeko pausoak ematea, eragile pribatu eta publikoen tokia lantzea, edukien kalitatea hobetzea eta arlo honetako eragileak artikulatzea lehentasunak izan behar dira.

Eta kulturgintzari buruz SORgunearen aipatutako ikerketak dionez, euskarazko hedabideen ekosistema garatzeko «merkatu doitua» sustatu behar dugu. Alde batetik, euskarazko komunikabideek merkatu eta lehiaren diziplina eta informazioa behar dute. Epe luzean ez da ona diru laguntzen bidez merkatuaren diziplinatik babestutako euskarazko komunikabideen ekosistema bat. Beste aldetik, sektore honetako ekarpen ordainezinak ere kontuan hartu behar ditugu eta merkatu parametroak bere berezitasunei egokitu behar zaizkie. Merkatu eta diru laguntzen arteko oreka lortu behar dugu.

Ingelesez Eslovakiatik datorren esaera zahar batek honela dio: «The more languages you know, the more of a person you are». Euskarazko hedabideek pertsona izateko laguntzen digute. Aurrera egiteko guztion elkarlana behar dute. Honetarako prest gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.