Euskara eta (Ipar Euskal) Herria.
Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) arabera, Ipar Euskal Herrian (IEH) aurtengo ikasturtean (2019) eskolatuak ziren ikasleen %73k ez zuten harremanik euskararekin. Hots, eremu elebakarrean ikasiko zuten. Kezka hori berresten zuten EEPren datuek, ohartarazten zutelarik «IEH-n diren 40 kolegioetarik 28k eskaintzen dute[la] sail elebiduna: zortzi baizik ez dira elebakarrak. Hala ere, ikasleen %82k sail elebakarra segitzen dute kolegioan: lizeoan %92k» (BERRIA, 2019/12/11). Elebakarra aipatzen delarik, noski, erdara dute hizkuntza: frantsesa. Baxoko hainbat proba frantsesez egiten dira; beraz, Seaskak eskaintzen duen murgiltze eremuak ere ez du ikaslea elebakarreko bilakatzen, baina elebikoa. Gainera, ikasleek eskolatik kanpo erdararekiko joera dute; alabaina, euskarak pairatzen duen diglosia ikasleek barneratzen dute. Ondorioz, euskaraz alfabetatzen diren ikasleak biziki gutti dira, eta horrek baldintzatuko ditu eskola sistematik kanpo eginen diren hautuak: euskaraz lan egin; edo beste hizkuntza batean segitu.
Euskara eta Lana
Azken hamarkadan, herri mugimenduak Ikastolak sortu zituen Herri eskola-ren proiektuarekin; eta berantago (duela 15 urte) EEP sortu zen hizkuntza politika bat plantan ezartzeko IEHn. Bi fenomeno horiek esplikatzen dute euskararen lekua lanean. Alde batetik, lan ezberdin gehiago euskaraz egiteko aukera —eta guttitan beharra— eskaintzen da. Hori ikusten ahal genuen aurten Seaskak antolatutako euskarazko lanbide foroan Baionan, non lan sail franko ordezkatuak ziren. Aurrerapauso handia izanik ere, argi izan behar da nahiz eta sail anitz presente zen, lan mota guzietako jendea ez zegoela. Bestalde, duela denbora gutti euskara haurrei eta zakurrei mintzatzeko kontsideratua zen; gaur egun euskaldun izateak lana atzematea errazten ahal du. Konparazione, Herriko etxeetan eta orokorki administrazioko postu berezi batzuentzat: haurtzaindegietan, zahar-etxeetan; eta hizkuntzarekiko kontzientzia hartze bat ukan duen edozein enpresatan, euskarak zure curriculumari «gainbalio» bat ekartzen dio. Hiztegi hau baliatzen dut, maiz negozio egiteko hizkuntza kontsideratzen delako; ez eta beti euskararen kontzientzia politiko-kultural gisa, adibidez Hego Euskal Herriarekin harremana sendotzeko eta «mugaz gaindiko» merkatua irabazteko. Euskaltegian izena eman duten taldeen arabera ikusi behar genuke zein lan motarentzat euskara onetsia den, eta zenbatek haien euskara maila hobetu nahi duten lan bat eskuratzeko.
Etxetik atera behar ez zen hizkuntza negozio egiteko edo hizkuntza politika mugatu bati erantzuteko tresna komunikatiboa bilakatu da. Hala ere, errealitatea parez pare hartzen bada, euskararen egoera diglosikoa dela ukatu ezina da. Horregatik, euskaraz alfabetatu den nerabearen geroa parte handiz baldintzatzen dute bai ondotik proposatzen diren irtenbideek (lana edo formakuntzak) baita ikasleak euskararekiko duen harremanak ere.
Hurbilagotik so egiten bada, eskolak berak jartzen ditu mugak «lan mundura» heltzeko. Arlo profesionala garatzen ari bada ere —euskaraz ez da kasik eskaintzarik Ipar Euskal Herrian, salbu B. Etxepare Lizeoan berriki jarri zuten saila begiratzen badugu—ikasle biziki guttik bide hau hautatzen dute. Lanbide heziketan, berdin: lizeo honek du monopolioa eta saila aski berria da. Bi arlo proposatzen dira: merkataritza edo soziala. Beste ikasle euskaldun guziak (elebidunak eta murgiltze eredukoak) sail orokorrean dira. Honek aterabideak hertsatzen ditu; jakinez lizeora joaten ez direnek beraz, ez dutela aukerarik euskaraz segitzeko. Hor ere salbuespenak badira, adibidez, Frantsesenia laborantza lizeoak elebidun saila eskaintzen baitu Donibane-Garazin (Nafarroa Beherea). Sail orokorretik edo Lanbide heziketatik Unibertsitatera joateko aukerak murritzak dira. Ipar Euskal Herrian Euskal Ikasketak baizik ez direlako euskaraz egiten ahal —honetan ere, ez ikasgai guztiak—; beste guztiarentzat Hego Euskal Herriari begira jartzen ditu ikasleak, edo Frantses Estatuari. Hor, muga instituzionala ekonomikoa bilakatzen da, nahiz eta prozedura akademikoak errazteko bidean diren, Baxoa-ren konbalidentzia lortzeko EHU, NUP edo beste ikastetxeekin. Frantses Estatuak eskaintzen dituen beka sozioekonomikoak ikasleak ez ditu eskuratuko EHUn segitzen baditu bere ikasketak (apartamentu bat ukaiteko «APL»delakoa, unibertsitateko laguntza nazionala etab.). Alta, Erasmus europar programa segituz, Hego Euskal Herriko unibertsitaterako laguntza eskuratzen ahal da, urte batentzat, egoera zentzugabea sortuz.
Gure lanak
«Lan mundura» iritsiko delarik, euskaraz ikasi duen ikasleak zer hautu ukanen du? Euskaraz segitzeko aukerak ukanen ditu sail guzietan, baina soilik lan berezi batzuentzat. Euskaraz segitzeko enbeia eta segurtamena ukanez gero, euskaraz bere lana egiteko ahalbideak sortu beharko ditu. Baldintza handiena da bide hori erreala bilakatzea; eta horren egiteko kolektiboki erabaki behar dugu euskaraz lan egin nahi dugula. Ahal ekonomikoak baino gehiago, euskaldunen arteko komunitateari mintzo natzaio. Gu, kolektiboki, prest ote gara proiektu ezberdinetan laguntzeko eta Euskal Herrian euskarazko 'lan' gero bat asmatzeko? Funtsean, hala egin zuten hemengo aktore ezberdinek: Kanaldude, Euskal Irratiak, Laborantza Ganbera, Enargia, Ikastolak, Surf eskola batzuk, hargin zenbait eta izendatzen ahal ez diren enpresari eta kooperatiba ezberdinak, haien arloan. Beraz, galdera ez dugu «irteerak existitzen ote dira euskaraz lan egiten segitzeko?», baina «prest ote gara kolektiboki proiektu hori errealitate bihurtzeko?». Lanari diogun ikuspuntua euskarak birsortzen badu, bere proiektuak asmatuz, agian lanaren berrasmatze osoa pentsa daiteke; kasu horretan konturatzen gara euskarak aukera guziak irekitzen dizkigula.
Euskaraz, lana berriz asmatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu