Euskaraz bizitzeko, euskarazko hedabideak behar ditugu

Iban Arantzabal eta Iban Arregi
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Larunbatean, abenduak 1, Euskaraz bizi nahi dugu leloa oihukatuko dugu euskaltzaleok Donostiako kaleetan. Euskaraz jarduten dugun hedabide ez publikoak batzen dituen Hekimen elkartearen izenean, Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu nahi zaituztegu.

Euskal Herri euskalduna nahi badugu, euskaraz bizi nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Euskal Herrian azken hamarkadetan gizarte hedabide sare zabala sortu da: 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonarengana heltzen gara. Esparru txikia da gurea, baina, aldi berean, indartsua eta ezinbestekoa euskaraz bizi nahi badugu.

Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokienez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadetan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, hizkuntza komunitatea osatzeko, gizarte hedabide sare zabala behar bezala babestu behar dugu.

Euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatiboa sendoa garatzeko, elkarlanaren bidea jorratu dugu urte hauetan guztietan euskarazko komunikabideek. Elkarlan hori bideratzeko, Hekimen elkartea sortu berri dugu. 50 komunikabide baino gehiago batu gara, euskaraz bizi ahal izateko garrantzitsuak garela aldarrikatzeko.

Euskaraz bizi ahal izateko, ezagutza eta borondateaz gain, ezinbestekoak dira baliabideak. Euskarazko eremuak behar ditugu. Hedabideen kasuan, gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan… gertatzen denaz informatuko gaituzten komunikabideak behar ditugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarri dituzten aldaketetara egokitutako komunikabideak.

Komunikabideontzat ez dira garai onak, krisi hotsak nonahi entzuten dira. Baina ilusioz ari gara beharrean, egun dugun egoera gaitzari elkarrekinerantzunez. Euskal gizarteak garai berriak ditu, testuinguru egokia euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Euskarazko komunikabideek, azken hamarkadetan bezala, gure ekarpenarekin jarraituko dugu. Guztiok euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun.

Artikulu hau ondorengo hauek ere sinatu dute: Joseba Igerabide (Xaloa Telebista), Idoia Iparragirre (Gaur 8-Zazpi Haizetara), Berdaitz Goia (Argia), Iñaki Uria (Hamaika telebista), Jon Mikel Zabalegi (Gazteberri) eta Aitziber Zapiain (Euskal Irratiak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.