Sartagudako ikastolara 2000. urtean iritsi nintzen. Nire zain 40 familia eta zatika erortzen zen etxebizitza zahar bat ikastola izena zuena. Han ez zen baliabiderik, baliabide ekonomikorik esan nahi dut, giza baliabideen ilusioa ez baitzen kontatzen ahal. 40 nekazari, Erriberako haize gogorrak, ziertzoak alegia, zartatutako 40 aurpegi, 80 begi borobil, 80 beso sendo. Horiexek ziren Oinez bat egiteko zenbakiak, baliabideak, aktiboak. Une hartan bertan jakin nuen betirako markatuko ninduen urte baten aurrean nengoela. Ikastola eraiki zuten haiek, Ibaialde ikastola, eta nik, ordea, inoiz ahaztuko ez ditudan lagunak egin nituen.
Hamabi urte pasatu dira harrez geroztik eta borrokan segitzen dute baliabideak eskuratzeko, baliabide ekonomikoak esan nahi dut. Baina, oraingoan, estutasun ekonomikoak dituzten bakarrak ez dira Lodosa eta Sartagudako lagunak, Tuterako ikastola eta Nafarroako Hegoaldeko gainerakoak, euskal hedabideak, BERRIA barne, Esan-erran irratia itxi da, Ttipi-Ttapa telebistaren bide beretik, euskaltegietan egoera ez da hobea; egia esan, ez da inoiz ona izan. Hau da, neke handiz urte askotan eraiki ditugun proiektuak une zailean daude, eta, horiekin batera, euskararen normalizazioa bera.
Testuinguru horretan, euskaltzale batzuk, instituzioekiko menpekotasunaz hizketan entzun ahal izan ditugu, eta beste batzuk herritarrei dirua eskatzera jo dute naufragoak itsasoan galdurik dabilen egur puskari eusten dion aldarte berarekin. Atzean, ordea, ongi pentsatutako hizkuntza-politika dago, euskara ez normalizatzea bilatzen duen hizkuntza-politika, alegia.
Administrazioek ez dute egoki inbertitzen. Izan ere, bi bide nagusi daude politika egiteko araua eta inbertsioa. Gaur egun, oro har, aplikatzen den hizkuntza-politikak izaera asistentziala du. Hau da, zerbitzuak eskaintzera mugatzen da, sustapen kanpainak egitera eta helburuak betetzen ez dituzten eta hutsune nabarmenak dituzten plangintzak ordaintzera. Dirua emateak ez du botorik galarazten, eta borondateak eros daitezkeela pentsatzen dute gure agintariek. Baina politika horren kontraesanak oso handiak dira. Euskaraz ez dakiten funtzionarioak kontratatzen dituzte haien euskalduntzea administrazioaren lepoan jarriz aurrerago. Gure eskoletatik oraindik ere, euskara ez dakiten pertsonak ateratzen dira, geroago enpresen euskalduntze planetan murgildu beharko dutenak hizkuntza-eskubideen urratzaile aktibo izango ez badira, bederen. Gure unibertsitatea, 30 urte pasatu ondoren, ez da gauza izan herri bezala behar ditugun profesional euskaldunak eskaintzeko. Daramagun erritmoarekin, euskararen ezagutzaren unibertsalizaziora iristeko ehunka urte beharko ditugu. Ipar argirik gabeko hizkuntza-politiken ondorioak dira horiek.
Diru baliabide mugatuak ditugu, beti izango ditugu beraz; soilik inbertsioan oinarritzen den hizkuntza-politika, araua baztertzen duena, porrota izango da. Iraulketak, ordea, badu norabide argia. Lehenengo eta behin, eskolak belaunaldi berriak oso-osorik euskaldundu behar ditu. Ordua da esperimentuak bazterrean uzteko eta benetan euskalduntzea lortuko duen irakasteredu bat abian jartzeko. Euskara eskolan ikastea eskubidea izateaz aparte, betebeharra da administrazioarentzat. Ondoren, euskaldunak kontratatu. Horrek bakarrik, epe ertainean milaka euro liberatuko ditu, gaur egun, administrazioek funtzionarioak euskalduntzen gastatzen den guztia, alegia. Horrekin batera, helduen euskalduntzeak gaur egun ez duen izaera estrategikoa eskuratu behar du. Ezagutzaren unibertsalizaziora abiada onean hurbiltzen ez gaituen hizkuntza-politika honen ondorioa, diru baliabideen alferrikako xahuketa da.
Paraleloki espazioen euskalduntzea jorratu behar dugu. Agintari askok urte luzetan pentsatu du pertsonak euskaldunduz berez etorriko zela euskalduntzea. Hau da, euskaldunen presentzia hutsak ekarriko zuela espazioaren euskalduntzea. Ezer ez dago errealitatetik harago, gaur egun, gizarte espazioek erdalduntzen dute, euskara ezin erabiltzeak duen eragina hizkuntza hautatzeko unean latza da. Hala ere, administrazioek segitzen dute dirua oparitzen euskara sustatzeko alor sozioekonomikoan, zehapenak baztetuz, araua erabili beharrean. Espainiako estatuan 500 arau daude, legeak, dekretuak eta abar espainolaren erabilera derrigortzen dutenak; euskararen erabilera, ordea, ezin da arauz bermatu, borondatea eta sustapena dira bide bakarrak.
Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak, bereziki eta nabarmen, krisi ekonomikoa erabiliz euskararen aldeko mugimenduaren kontrako eraso handia abiatu du. Gobernuak badaki testuinguru zail honetan, non herritarrak haien etorkizun hurbilarekin kezka handia duten, suntsiketa politika hori oharkabean pasatuko dela eta batere gupidarik gabe ari da aplikatzen, Euskalgintza erabat baldintzatzea bilatuz. Horren aurrean ere, defentsa-bidea herritarren babesa da.
Krisi ekonomikoaren eraginez, hizkuntza-politika asistentzialak huts egin du. Horren ondorioz, Euskalgintzak eraikitako proiektu asko kolokan daude. Egiturazko irtenbidea, ordea, ez da herritarrei diru gehiago eskatzea; izan ere, herri honetan euskaltzaleok bi aldiz gaude zergapeturik, batetik, administrazio desberdinei zergak ordainduz, eta, bestetik, euskararen aldeko proiektu desberdinei dirua eskainiz. Egiturazko irtenbidea hizkuntza-politika eragingarria abiatzean datza baliabide nahikoak egoki inbertituz eta arautegi sendoa eraikiz.
Beraz, une honetan Euskalgintzarentzat lehentasunezko gaia ez da bakarrik diru baliabideak nola eskuratu baizik eta, euskara normalizaziora eramango duen hizkuntza-politika berri eta eragingarria abian jartzeko beharrezkoak diren baldintza politikoak, sozialak, juridikoak eta ekonomikoak eskuratzeko jokatzea. Euskaraz bizi nahia hedatuz, gizartea aktibatuz eta politikoki eta sozialki oldartuz egin behar dugu bidea.
Euskarari lagundu edo normalizatzeko inbertitu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu