Egun hauetan plazaratu berri da euskararen erabilerari buruzko inkesta soziolinguistikoa Ipar Euskal Herrian. Aipagarriena da euskararekiko interes txikia eta euskara mintzo dutenen kopuru apaltzea. Zergatik ote?
Estatu frantsesak ofizialtasuna ematen ez duelako, apika? Hala izan bada, nork esplika ofizialtasun izpirik gabe duela zenbait urte arte euskarak zergatik eta nola iraun duen? Ala euskara mintzo dugunok ez al dugu zerbait ikustekorik gure hizkuntza maitearen galeran?
Ipar Euskal Herrian, euskaradun proportziorik handiena lehen sektorean ematen da. Haiei zuzendu laborari sindikatu ospetsu bateko asteko aldizkaria ia elebakarra da, azkenaldion: frantsesduna, baiki. Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herri osoan euskararen ikurrik bada, hori Urepeleko herria da. Joan den uztailaren 14an, horren 150 urteak ospatu ziren. Hango auzapez abertzalearen hitz-hartzea osoki frantsesez izan zen. Ez zuen ezta euskarazko ahoskerarik izan Urepeleko alkate izanen deiturak mihiratzean, paristar batek irakurriko zituen bezala bota zituen. Aurkezlea, besteak beste Euskal Kultur Erakundeko kidea izana luzaz, orain dela hiru urte aita-amek borrokatu ondoren lortu zuten eskola elebiduneko ikasleei frantsesez zuzentzen hasi zitzaien. Harik eta emazte batek erran zion arte, otoi, euskaraz egiteko Urepeleko eskolako haurrak euskaldunak zirelako.
Urepeleko 150 urteak direla eta, auzapez abertzaleak ez die konfiantzarik egin euskarazko agerkariei gertakariaren berri emateko. Nahiago izan du historikoki euskara eta haren defendatzaileak laidoztatu izan dituen egunkariari lehentasuna eman. Hots, Sud Ouest-i, lau bat milako euroen truk, omen. Urepel: 150 ans d'indépendance zioen egunkariko uztailaren 9ko aleko barneko koadernotxoak. Eta erdi-erdian, bi orritan, luze eta zabal argazkia: urepeldarretan nafarzaleena, bizi guztian borrokan aritu izana, familiako kide asko preso ikusi izan dituenak postariaren eskutik zein gutun hartzen ote? Zein eta urdin, zuri eta gorri zigiludun banderaduna bera, frantses estatuko zergena. Ederra lerro editoriala kolonialistaren trufa.
Euskararen erabilpenari buruzko azken azterketa soziolinguistikoaz ari ginen. Bada, begibistakoa da euskararen politika kostaldean egiten dela, han isuriz milaka eta milaka euro laguntzetan eta hantxe delarik preseski euskaldun jatorrizko gutxienik dagoen jendea. Euskararen aldekoa ote da egiazki politika hori, ala alderdien interesen arteko borrokaren giltzarri ote?
Har dezagun irakaskuntza eta koka dezagun berriz Urepelen, Ipar Euskal Herri barnealdean, jatorrizko euskaldun gehien den gunean. Irakaskuntzaren inguruan hiru indar politiko bereiz ditzakegu. Frantses estatua, eliza eta abertzaleak. Bada, Urepelen, elizak du indarrik gehien. Frantses estatuaren politika eskola publikoaren mantentzea da elizari buruz duen borroka historikoa dela kausa: ez lezake onar hark hetsi eskola bateko ikasleak pribatu katolikoaren sareetara erortzea, auzo herrian. Azkenik, murgiltze ereduan dabil egunero berrogei kilometro egin behar duten urepeldar gutxiengo bat. Errotik euskalduna den herri batean uler al daiteke horrelako zatiketarik? Eta gordinkiago, uler al daiteke adin bateko jendeez gain gehiengoak euskararik ez egitea? Euskararen aldeko horrelako interes eskasia izatea? Frantsesaren nagusitzea?
Oroit Joxean Artzek errana: euskara ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik. Egiari zor: folklore gutxiago eta ekintza gehiago.
Euskarari buruzko inkesta soziolinguistikoa dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu