Jose Angel Irigarairen Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz saiakera(Pamiela)tipia adina mamitsua duzu. Hizkuntza eta mintzoa ditu gai-hizpide. Giza komunikazioaz dihardu. Saiogilea poeta den aldetik, saio baitezpadakoa.
Elea baitezpadakoa da komunikazioan, ahozkoa nola idatzizkoa. Alta bada, ez dira adiera bakarrak. Zeinu-hizkuntza ere gure izatearen berebiziko espresiobidea da eta. Munta handikoak izanagatik, gure nortasun anbibalentearen adierak izaki horiek oro.
Saiakera hau, jakina, ez da berariaz giza psikologiaz ari. Alabaina, hizkuntzak burua argitzera eraman gaitzakeen bezala, zenbaitetan zoramendu gisako zerbait eragiten digu buruan eta gure baitan. Egileak saioaren amaieran dioenez —interpretazioa haizu bekit—, poetek beste poeten testuak itzultzen dituztenean burua «galdu» egiten dute. Galdu hitzaren bi adiera hartu ditut aintzat: burua galdu eta poeta kidekoaren lana galarazi. Nolanahi den ere, ez dezadan galdu burua saiakera gotor hau interpretatu nahiz.
Egilea ahozkotasunaz ari zaigu, baita gure izanaren barne-barneraino sartu ere. Laburrean dihardu baina sakon-sakonean, eta trinko: ez dago hizkuntza bizirik jendarte bizirik gabe. Ez dago hizkuntza bizirik, ahozkotasun jarduerarik gabe. Izan ere, ba al dago sozietate osatu gabeko herririk? Honatx konklusioetako bat: komunikagarritasunak goi-gradua irits dezan hagitz muntazkoa dugu hitza eta ahotsa egokiro uztartzea.
Ahozkotik idatzizkorako jardunbidea menturazkoa izan da gurean, eta hagitz esanguratsua izaten jarraitzen du. Orain arte urratu dugun bidean barna garamatza saiogileak. Euskaldunok ez gara besterengandik bereizten, hargatik, gure ahozkotasuna ez zen higatu idatzizkora iragatean. Halarik ere, indar exogenoek berealdiko munta izan dute idatzizkoa gauzatzean.
J. A. Irigarairen introspekziozko begirada zolitua funtsezkoa dugu, euskaldunok garena ezagutuko badugu.
Sozietate minorizatu bateko partaideak garen aldetik, gure hizkuntzak gaurdaino jasan duen endekapen prozesuaz ohartarazten gaitu. Ahozko ondareari dagozkion lan exogenoak hala nola endogenoak darabilzkigu iruinxemeak. Ederto batean jakinarazten dizkigu gure hizkuntzaren paradigmak.
Bide malkartsu horietan, hainbestetan patartsuak ere badirenak, bertsolaritzaren gaineko berezko ikuspegia eskaini digu. XX. gizaldiko 60-70eko urteetan izan zen berpizkundeari eskaini begirada berarekin partekatu ahal izatea zorizko mentura da. Berpizkunde hartan Jorge Oteizaren eragin berebizikoa nabarmendu du. Irigarairen ibilbidea apur bat ezagutzen dugunontzako, jakinekoa. Oriotarraren Quousque tandem...! liburua mugarria izan baitzen egundainoko bidean.
Bertsogintzak arrazoia eta emozioa uztartzen ditu. Hizkuntzaren zirimolan gauzatzen (bide) da komunikazioa, mintzoak gurutzatzen edota elkartzen diren mugan gertatzen da zoramendua. Hizkuntzaren bitartez zibilizatuak
—sozietatean osatuak— bilakatzen garenean, naski, orduantxe ordaintzen dugu zoramendutik salbuetsiak izateko petxa. Erabateko kaosa inon eta ezein espezietan existitzen ez den fantasia baita.
Giza jarduera oro kaos-eromen dialektika horretan gauzatzen da. Jardun dialektiko horrek kutsatzen du gure aiurria, zuzen edo zeharka. Konparazioenera, jaia dugu espresiobide berezia eta nagusietako bat. Jaia denbora linealetik at garatzen da, denbora zirkularra osatuz. Orduantxe nabarmentzen (bide) da hizkuntzaren orgia.
Intertestualitatea, plagioak eta beste, hondarrekoz. Alegia, deus ez. Laugarren atalean gaude daborduko. Orain arteko hiru ataletan gure izatearen kontrobertsiak ageri izan badira, laugarren honetakoak dituzu esanguratsuenak. Kontrobertsia horiek ez dira behiala aspaldikoak. Gaur-gaurkoak dituzu.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz saiakera ez da gai hauen gaineko lehena ez bakarra, prefosta. Berauirakurri bitartean, Enrike Zabalaren Euskal alfabetatzeko literatura(PAX argitaletxea, 1979) liburuarekin topo egin dut. Tira, topo egin dut, apalategitik apalategira haren peskizan jardun ostean. Saiakera duzu honako hau ere. Juan Mari Lekuonaren Hitzaurrea eta Enrike Zabalaren Sarrera testuak dituzu liburuaren abiaburuan. Gure letren historian ezezagun samarra den Enrike Zabalak «Zer da literatura?», galdera pausatzen du. Aburu interesgarria eman zigun aspaldi hartan. O tempora, o mores.
Gure historiako hizkuntz pasarte horiek egungo aldira ekartzen lagundu aldera aritu nauzu. Gibelera begiratze horretan, aitzina egiteko bidezko proposamen bat aurkitu dut: irakurle hori, testu eta kontrobertsiok zure eskuetan uzten ditut berauek ezpaldu ditzazun.
Zer bertzerik gura nuke? Bada, gure belaunaldikook euskaldun bilakatzeko bidean, euskaldun alfabetatzeko literaturaz jabetzeko izan genuen irrika izan dezaten gaurko belaunaldiko herrikideek. Nahikunde hutsaz harago joanez, euskara hizkuntzaren zoriak euskaldunon nahikaria behar duelakoan.
Azkenik, erran gabe behar luke, baina betiere enkaxka errana: Irigarairen eta Zabalaren liburuak ez dira alderagarriak, ez gaietan ez bertzelako moldetan, ez bada bi liburuen funtzioetan. Hots, euskaldunok eleetan kultibatzea.
Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan: https://blogak.eus/begizolia/jendarte-bizirik-ezean-hizkuntza-bizirik-ez.