Euskararen trena

2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskararen erabileraren normalizazioan beste pauso bat egingo da euskaraz ikasi duten ikasleei dagokien euskara-maila aitortzen zaienean, behin eta berriro erakusten ibili beharrik izan ez dezaten. Euskarazko tituluen arteko baliokidetasuna arautu zen orain dela hiru urte; euskara-mailen aitortza horren aurre lanak ere martxan utzi genituen jeltzaleok. Euskara mailen aitortza eta salbuespenen proposamen-zirriborroa aurkeztu berri du Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean. Proposamen horien aurre lanen eta txostenen berri ez digute eman, ostera.

Guztiz ulergarria da ditugun gaitasunen aitortzak eskuratu nahi izatea. Ikasketetan eskuratutako edo lanean erakutsitako gaitasunak frogatu beharrik ez izatea normalizazioaren seinale da, eta gu normalizazio horren aldekoak gara, euskara bera ere etengabeko normalizazioaren beharrean dagoelako, besteak beste. Euskararen normalizazioa, aldiz, ez da egun bateko bidaia, geltoki asko dituen ibilaldia baizik. Ikasleek etapa bakoitzean benetan lortu duten euskara gaitasuna aitortzea notizia ona da izan; ibilbidean beste geltoki batera helduko garenseinale. Bidaia ez da amaitu, ordea; euskararen trenak geltoki gehiago ditu; helburu gehiago, alegia.

Aitortu beharrekoa, berriz, esfortzu pertsonala eta soziala ez eze, ikasleek benetan duten euskara maila izan beharko da. Horregatik, edozein aitortzak prozedura zorrotza eskatzen du aurretik. Aitortza dagozkion berme guztiekin egin beharko da, hortaz, batez ere euskaraz lan egiteko baliagarria izatea nahi badugu, batetik, aitortzen diren maila horiek, salbuespenei esker, ez direlako hautaketa-prozesuetan erakutsi beharrekoak izango; eta, bestetik, euskara gaitasuna eta euskararen erabilera uztartuta daudelako; asko dira «nahi eta ezin» ari diren hiztunak, euskaraz egiteko gaitasun nahikorik ez dutelako.

Eta, geure helburuen artean euskararen erabilera areagotzea dugunez gero, proposamenaren aurreko azterlanez eta txostenez galdetu genien Kulturako eta Hezkuntzako sailburuei Legebiltzarrean. Kulturako sailburuak erantzun zigun ez dela behar pisuzko txostenik horretarako, logika nahikoa dela eta. D ereduetako ikasleentzat ez eze, ikasketen %50etik gora euskaraz egin duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat ere bada aitortza-proposamen hori; proposamena nahiko logikoa dirudien arren, logika ez da nahikoa, gure ustez; proposamena ezin baita intuizio hutsean oinarritu. Eskumena duten erakundeen txosten zorrotzek emango diote sinesgarritasuna proposamenari. Hala da ze, nahiko logikoa den proposamen horri baiezkoa eman aurretik, zehatz-mehatz jakin nahi dugu gobernuaren proposamenaren oinarriak zeintzuk diren.

Proposamenaren oinarrien zuzentasuna konprobatu eta gero, geltoki hau igaro eta gero alegia, beste geltoki bat dago, ezin garelako eta ez garelako konformatzen Derrigorrezko Hezkuntza euskaraz egin duten ikasleei B1 gaitasun-maila aitortzearekin. Kontuan izan dezagun B1 maila hori administrazioan esku-lanetan ari diren langileei eskatzen zaien maila dela. B1 baino maila apalagorik ezin zaio aitortu administrazioan lanen bat egin behar duen inori. Horregatik ari gara, ekin eta ekin, Jaurlaritzari galdezka: zeintzuk dira ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez lortu beharreko mailak?

Egun ikasleen gehiengoak derrigorrezko hezkuntzaren amaieran lortzen duen maila B1 dela frogatzen bada, etorkizunean goragoko helburu bat behar dute. Ikasleen errendimendua hobetzeko plana aurkezteko eskatu genion Jaurlaritzari legebiltzarkideok joan den martxoan. Plan horren atal bat hizkuntzak izan beharko dira, eta planak nahi eta nahi ez helburuak izan beharko ditu. Egun ikasleek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez lortzen dituzten helburuak baino goragokoak proposatu beharko lirateke bertan. Ez dugu onartuko hobekuntza-helburu zehatzik ez duen markorik.

Hala ere, ba ote du gobernuak ikasleen euskarazko emaitzak hobetzeko borondaterik? Denbora aurrera doa, eta hedabideetan adierazpen asko baina etekin gutxi. Trena geldi dago eta, zenbaitetan, atzeraka ari da;duela aste batzuk, herritarrok komertzio handietara goazenean euskaraz egin ahal izateko joan den hamarkadan espresuki garatu ziren eskubideak bertan behera uzteko lege proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean sozialistek, popularren laguntzarekin. Eta gu esan eta esan gabiltza eskolak berak bakarrik ezin duela euskaldundu, eskolak berak bakarrik erdaldundu ez ingelesdundu egin ezin duenez... Euskara bultzatzen duen trenak bagoi bat baino gehiago daroaz, denek eragiten diote euskarari: herritarren bagoiak batez ere, baina agintarien bagoia ezinbestekoa da, besteak beste merkatarienak, kirolarienak edo blogarienak ere bultza egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.